Txetxu Urteaga oroitu dute hainbat lagunek gaur eguerdian

Julene Frantzesena 2020ko abu. 15a, 15:11

Joan en apirilean hil zen azkoitiar deportatuaren oroimenezko ekitaldiak egin dituzte gaur, abuztuak 15, hainbat herritarrek. Eguerdian kontzentrazioa egin dute plazan, eta ondoren, hagina sartu dute Matadei aurrean.

Joan zen apirilean hil zen Txetxu Urteagaren oroimenezko ekitaldiak egin dituzte haren lagunek eta hainbat herritarrek gaur, abuztuak 15, Azkoitian.

Kapitalismoaren aurka, atzo, gaur eta beti lelopean kontzentrazioa egin dute aurrena plazan, eta ondoren hagin arbola sartu dute Matadei atarian, txalaparta doinuz lagunduta. Ondoren, bazkaria egingo dute Matadeixen.

Urteagak 1979an egin zuez Azkoitik ihes, eta 1984en hartu zuten atxilo Frantzian. 1984ko maiatzean Frantziako agintariek Venezuelara deportatu zuten, eta han hil zen apirilean, minbiziaren ondorioz. 

Honako hau da ekitaldien deitzaileek kaleratu duen irakurketa:

"Oso gaztea zela hasi zen Txetxu borrokan murgiltzen, Frankoren diktadurak ezarritako garai ilunen aurka, garai hartako hainbat eta hainbat gazte bezala. Zentral nuklearren aurkako borroka mugimenduan ere buru belarri aritu zen eta, konpromiso iraultzailearen exijentziak zirela medio,  sasira jo zuen 1979an, soilik 19 urte zituela.

Iparraldean errefuxiatuta, beste 16 kiderekin batera, 1981ean Frantziar Estatuak epaitu eta kartzelaratu egin zuen urte betez. 1984an, beste kide batekin zela, berriz atxilotu eta kartzelaratu zuten bi hilabetez. Honen ondoren, Amiensera eraman zuten konfitatuta. Eta 1984ko maiatzaren 9an Caracasera deportatu zuten Jon Saenzekin batera.

Etsaiak Txetxu betirako deserrira kondenatu nahi izan zuen, maite zituen aberri eta pertsonengatik urrundu, horrela bere grin iraultzailearekin bukatu asmoz. Beste hainbat iraultzailerekin egin izan ohi duen bezala. Baina, Txetxuk, borroka albo batetara uztetik urrun, Iraultza Bolivartarrari bere ekarpena egin zion, Venezuelako kontseilu komunaletako proiektuen alde lan eginez. Herri langilearen antolakuntza xede. Venezuelan zein Euskal Herrian, beti jarraitu zituen modu fidelean bere idealak: langile autonomia eta auto-antolakuntza, hain zuzen.

Hitzek ezin dute azalarazi askatasunaren alde emandako bizitza oso bat, baina umiltasun eta duintasun iraultzailetik, omenaldi xume hau egin nahi izan diogu Txetxuri. Bera, zein berak ordezkatzen zuen borroka ahazmenean eror ez dadin. Aberria eta zapaldu ororen askatasunaren aldeko borrokaren haria eten ez dadin.

Zapalkuntzan oinarritzen den sistema honen aurkako ekinbide iraultzaileak ahaztu ez daitezen eta justizia historikoaren izenean faktore elektoral eta sentimentalistak izan ez daitezen. Izan direnaren kontzientzia harturik kapitalaren aurka atzo gaur eta beti.

Agur eta ohore Txetxu!".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide