Azkoitiko parrokian barrena bisita gidatua egin dute hainbat lagunek

Julene Frantzesena 2020ko abu. 14a, 11:45
Parrokiako bisita gidatuko irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Horiek parrokiaren gaineko azalpen ugari entzun ahal izan dituzte Juan Bautista Mendizabalen eskutik. Hurrengo bisita gidatua irailaren 6an izango da, eta Azkoitiko gune historiko monumentalak ezagutzeko aukera izango dute herritarrek.

Dozena inguru lagunek Andre Mariaren Jaskundearen Parrokian barrena bisita gidatua gauzatu dute gaur, ostirala. Horiek parrokiaren gaineko azalpen ugari entzun ahal izan dituzte Juan Bautista Mendizabalen eskutik.

Duela gutxi zaharberritu duten Parrokiaren atzealdeko atea ere bertatik bertara ikusi ahal izan dute bisitariek; izan ere, Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasleek egin dituzte berritze lanak. Horrez gain, parrokia barruko erretaulen edota Cavalle Coll organoaren gaineko azalpenak ere entzun dituzte.

Gaurkoa izan da Azkoitia Ezagutuz egitasmoaren barruko abuztuko azken bisita gisatua, baina hurrengoa irailaren 6an izango da. Hain zuzen ere, Azkoitiko gune historiko monumentalak ezagutzeko parada izango da egun horretan. Bisitan parte hartzeko 943-15 18 78 telefonora deitu edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera mezua idatzi behar da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide