Andramari jairik ez denez izango, "arduraz eta errespetuz" jokatzeko eskatu du udalak

Julene Frantzesena 2020ko abu. 12a, 13:06
Udaleko alderdietako ordezkariak kanpainaren aurkezpenean –Azkoitia Baiko ordezkariak ezin izan du bertan egon–. (Azkoitiko Udala)

Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu sentsibilizazio kanpaina jarri du martxan erakundeak datozen egunetara begira; izan ere, ez da Andramari jairik izango aurten herrian. Elkarlanerako deia egin du alkateak, tabernariek nahiz Udaltzaingoak ez dutelako "lan erraza" izango datozen egunetan eta egoerak "eskuetatik ihes" inori egin ez diezaion.

Andramari jairik ez da izango aurtengoan Azkoitian, eta udalak "arduraz eta errespetuz" jokatzeko eskatu du. Egun horietan osasun gomendioekin eta osasuna bermatzearekin bat ez datozen portaerak egon daitezkeela ikusteak "kezka" eragiten duelako egin du eskaera erakundeak. Udaleko alderdi guztietako ordezkariek mezu argia zabaldu nahi izan dute: Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu. Hain zuzen ere, lelo hori aukeratu du erakundeak datozen egunetara begira martxan jarri duen sentsibilizazio kanpainarako.

Javier Zubizarreta alkateak norbere erantzukizunean jarri du arreta: "Distantzia, maskara eta eskuen garbiketa. Badakigu zein den formula, baina laugarren osagai bat behar-beharrezkoa da: arauak betetzeko bakoitzaren determinazioa. Hori guztia gabe, emaitza oso kaltegarria izan daiteke. Horregatik, eskatzen dut, eskatzen dugu, mesedez, zentzuz ibiltzeko gutako bakoitzaren portaera giltzarri delako".

Azkoitiko alkateak azaldu duenez, "lastima" da festetako zapia kaxoian gordeta eduki behar izatea. "Pena da, nola ez, baina bizi izan duguna bizita, guztiok konprometitu beharra daukagu eta gure elkartasuna erakutsi festarik ez-eko egunetan ere".

Elkarlana martxan

Elkarlanerako deia egin du alkateak, tabernariek nahiz Udaltzaingoak ez dutelako "lan erraza" izango datozen egunetan eta egoerak "eskuetatik ihes" inori egin ez diezaion: "Neurriak hartuko dira. Tabernetako edukiera kontrolatuko da, baita ordutegiak ere, zaintza indartuko da eta oreka mantentzeko ahal den guztia egingo da, baina guztiok izan behar dugu egiten ari garenaren kontzientzia eta ardura. Eta kritikoak ere izan behar dugu, ondokoa ez bada egin beharrekoa egiten ari. Inork ez du nahi berriro etxean sartuta egoterik, eta garaiz gabiltza oraingoz".

Zubizarreta ostalariekin elkartu zen lehengo astean ere, eta tabernetan kontrola "areagotu" beharra zutela azaldu zien hark. Udalak azaldu duenez, establezimendu bakoitzari dagokio edukiera eta maskaren erabilera kontrolatzea, baita taldeen arteko distantziak zaintzea ere. Gainera, terrazetatik kanpoko kontsumoa eta botiloiak debekatuta daudela gogorarazi du erakundeak. "Jendea lehen afalostean ateratzen bazen, orain goizean goizetik atera daiteke, eta lehen gauez egiten zuen gauza bera egin dezake. Horrek nahasmena ekar dezake, eta horregatk, ez gara aspertuko esaten Nigatik. Zugatik. Guztiongatik. Zaindu!”, adierazi du Azkoitiko alkateak.

Bestalde, gaur, asteazkena, egin du Azkoitiko alkateak bilera Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren buruekin, eta datozen egunetan hartuko dituzten neurriak jorratu dituzte bilkuran.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide