Sei kasu positibo zenbatu dituzte Azkoitian azken orduetan

Juan Luis Romatet 2020ko abu. 11a, 13:24

Egun batetik bestera Azkoitiko sei kasu positiboren berri eman du Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak. Urola Kostako zazpigarren koronabirus kasua Azpeitian detektatu dute azken 24 orduetan.

Banaka izan bada ere, koronabirus kasu positiboak zenbatu dituzte azken egunetan Azkoitian. Azken orduetan, ordea, sei kasu berri atzeman dituzte herrian, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eguerdian emandako datuen arabera. Urola Kosta eskualdean beste kasu bat ere detektatu dute azken 24 orduetan; Azpeitian, hain zuzen ere. Guztira hamar kasu atzeman dituzte Azkoitian azken zazpi egunetan, eta sei Azpeitian.

Uda garaian kostaldeko herrietan ezagutu dira koronabirus kasu gehienak, Zarautzen, Getarian eta azken egunotan Zumaian ere bai. Baina, datu horien arabera, azken orduetan ez da COVID-19 kasurik izan kostako herrietan. 

Arabari, Bizkaiari eta Gipuzkoari dagokienez, beste 259 kasu positibo izan dira atzotik gaur arte. Gehienak Bizkaian detektatu dituzte –180 kasu–, Gipuzkoan 44 positibo zenbatu dituzte, eta Araban 35. PCR probetan positibo emandako beste sei kasuren berri ere eman du Osasun Sailak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide