Azkarateko hondakin gunea

Erredaktore taldeak prestatu du Eraikuntza eta Eraispen Hondakin Plantak eraikitzeko aurreikusitako eremuak baliogabetzeko dokumentua

Julene Frantzesena 2020ko abu. 10a, 12:39
Gaurko Lurralde Batzordeko irudia. (Azkoitiko Udala)

Gaur, astelehena, aurkeztu dute dokumentua Lurralde Batzordean. Udaleko alderdien ekarpenak jasota osatu dute txostena. Lurralde Batzordearen hurrengo bilkuran eman nahi diote onespena dokumentuari, eta irailaren bukaerako udalbatzarrean onartzea aurreikusten dute.

Hirigintza arauen erredaktore taldeak dagoeneko prestatu du Eraikuntza eta Eraispen Hondakin Plantak eraikitzeko aurreikusitako eremuak baliogabetzeko dokumentua, eta gaur, astelehena, aurkeztu dute dokumentu hori Azkoitiko Udaleko Lurralde Batzordean. Udaleko alderdi guztietako ordezkariak izan dira bilkuran, eta Udal Gobernuak azaldu duenez, EH Bilduk eta Azkoitia Baik egindako ekarpena eta eskaera guztiak txertatu dituzte dokumentuan.

Hirigintza arauen aldaketak jasotzen dituen dokumentuaren azken bertsioa eskuratu dute gaur udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek, eta horiek txostena aztertzeko denbora izango dute hurrengo Lurralde Batzordearen bilkurara arte. Batzorde horren onarpena jasotakoan eramango dute dokumentua udalbatzarrera; udalak azaldu duenez, bozketa irailaren 30eko osoko bilkuran bozkatzea aurreikusten du. Ondoren, erakusketa publikoan jarriko dute dokumentua, eta EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordeari bidaliko diote, erakunde horrek baimen dezan.

Lurralde Batzordea hirigintza arauen aldaketak jasotzen dituen dokumentua lantzen aritu da azken asteetan; izan ere, Eraikuntza eta Eraispen Hondakin Plantak eraikitzeko aurreikusitako eremuak –Azkarate eta Ipintza– baliogabetzeko aldaketak egin behar dira arauen dokumentuan.

Udal Gobernuak azaldu duenez, planta horiek eragozteko eman beharreko pausoak gauzatzeaz gain, "haratago" joan da erakundea: "EAEko Nekazararitza eta Basozaintzako Lurralde Plan Sektorialak berez ahalbidetzen du zabortegiak, hondakindegiak edota EEH plantak eraikitzea landa lurzoruan. Erkidegoko udalerri guztietan aukera hori indarrean dagoela ikusita, udalak mugatu egin nahi du. Horregatik, plan sektorialak ahalbidetzen dituen zabortegiak, hondakindegiak eta EEH plantak galarazteko beharrezkoa den tramitazioari ekingo dio, jakinaren gainean egonda araudiek jerarkia dutela eta udal eskumen ororen gainetik dagoela plan sektoriala; horrek azken erabakia EAEko Lurralde Antolamendurako Batzordearen esku uzten du".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide