Xabier Artetxe: "Gure helburua garbia da, maila mantentzea"

Maxixatzen.eus 2020ko abu. 8a, 16:12
Xabier Artetxe.

Ohorezko Erregionalen Mailan hirugarren mailara igotzea lortu du aurtengo denboraldian Anaitasunaren lehen taldeak, eta Xabier Artetxe entrenatzailearekin hitz egin du Gipuzkoako Futbol Federazioak. Hona hemen elkarrizketa:

Zorionak hirugarren mailara bueltatzeagatik. Zein izan da igoera lortzeko giltza?

Eskerrik asko! Taldean garbi geneukan aurreko denboraldiaren ondoren hirugarren mailara igotzea zela helburu nagusia. Uste dut guztiok zentzu berean egin dugula indarra. Horretaz aparte, joko moduari beste baliabide batzuk gehitu dizkiogu eta jokalariek primeran barneratu dute guztia. Giltza beraiek direla esango nuke.

Ezohiko denboraldi honetatik zerekin gelditzen zara?

Jokalarien konpromisoarekin batez ere. Hasieratik, denboraldiaren aurretik erakutsi zuten sailkapeneko goiko postuetan ibiltzeko nahia eta ahalmena; uste dut beraiek ere helburu garbi bat zutela, hirugarren mailara igotzea. Batez ere momentu zailenetan ere markaturik geneukan bidean sinetsi zuten, eta horrek eraman gintuen denboraldia amaitutzat eman zutenean lehen postuan egotera. Jokalariez gain, nire laguntzaileen lana aipatu nahiko nuke, Iraitz, Osa eta Astirena.

Hurrengo denboraldiari begira, zer iruditzen zaizu hirugarren mailan talde gehiago egotea? Zein da helburua?

Beno, esan beharra dago denboraldia horrela amaitutzat ematea ez zela erabaki erraza izan federazioentzat. Ondo egiten ari zirenak premiatzea eta hain ondo egiten ari ez zirenak ez zigortzea erabaki zuten. Horrek, maila ezberdinetan talde gehiago egotea ekartzen du, eta ematen duenez, hirugarren maila bi taldez osatuta egongo da; hasierako liga bat jokatuz, ondoren beste liga batera sailkatzeko, goiko taldeekin edo beheko taldeekin osatuta. Azkenean, formatu hori bada, denboraldian zehar ez dira partida gehiago jokatuko, baina inoiz baino gehiago balioko dute hasierako puntuek. Gure helburua garbia da, maila mantentzea. Azkeneko hamar urteetan hiru aldiz lortu du Anaitasunako lehen taldeak hirugarren mailara igotzea; aurreko bietan ez genuen lortu mailari eustea, baina erakutsi behar dugu hirugarren mailan egoteko moduko taldea garela.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoko Futbol Federazioaren webgunean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide