Urbanue igandeetan eta jaiegunetan ere ibiliko da, urte osoan zehar

Anartz Izagirre 2020ko abu. 6a, 12:03
Urbanue.

Udalak Urbanueren ordutegia zabaldu du, eta hemendik aurrera herri barruko autobusa igandeetan nahiz jaiegunetan ere ibiliko da, urte osoan zehar. Udalak lehiaketara atera zuen zerbitzua, eta Autobuses La Guipuzcoanari esleitu dio.

Orain arte irailetik ekainera bitartean astelehenetik larunbatera eskaintzen zuen udalak Urbanue autobus zerbitzua; hemendik aurrera, ordea, igande eta jaiegunetara ere zabalduko dute. Hori dela eta, uztailean eta abuztuan ez ezik, urteko gainontzeko hilabeteetan ere astelehenetik igandera bitartean eskainiko du udalak herri barruko autobus zerbitzua.

Irailetik ekainera, astelehenetik ostiralera 07:30etik 13:30era nahiz 16:00etatik 20:36ra ibiliko da Urbanue; larunbat eta igandeetan, berriz, ordutegi bera izango du, baina 08:48an hasita. Bestalde, uztailean eta abuztuan, 08:48tik 13:30era eta 15:30etik 20:36ra ibiliko da. Ibilbideei dagokienez, berriz, hiru ibilbide egingo ditu autobusak, Aizkibel liburutegiaren paretik irten eta auzoetara. Horrez gain, irailetik ekainera bitartean eskola orduetara egokitutako ibilbidea ere egingo du.

Udalak lehiaketara atera zuen Urbanue autobus zerbitzua, eta Autobuses La Guipuzcoana enpresari esleitu dio. Zerbitzuaren aurrekontua, guztira, 131.508'82 eurokoa da (BEZa barne) urtean; kontratuak bi urteko iraupena izango du, eta beste bi urtez luzatzeko aukera ere izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide