Udalak zigortu egingo ditu itxita dauden igerilekuetara sartzen diren herritarrak

Anartz Izagirre 2020ko abu. 5a, 10:44

Azken bi asteburuetan hainbat lagun identifikatu dituzte Ugarteigarango igerilekuetara nahiz igerileku pribatuetara itxita zeudenean sartu direlako. Udalak erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei, eta halako ekintzak zigortu egingo dituela iragarri du.

Azkoitiko Udalak gaitzetsi egin ditu azken bi asteetan itxita zeuden igerilekuetan gertatutako ekintzak. Izan ere, duela bi aste hogei pertsona inguruk urbanizazio pribatu batera sartzea lortu zuten goizaldean, eta horietako batzuk Ertzaintza ikusi orduko lasterka atera ziren bertatik. Bestalde, joan zen asteburuan beste hogei lagunek Ugarteigarango estali gabeko igerilekuetara sartzea lortu zuten, itxita zeuden unean. Gertakari horiengatik identifikatu egin zituzten pertsona horiek.

Udalak erantzukizunez jokatzeko eskatu die herritarrei, baita espazio publikoak errespetatzeko ere. Ildo horretatik, erakundeak ohartarazi du halako arau-hausteak egiten dituztenei 600 eta 3.000 euro arteko zigorra ezarriko diela larritasunaren arabera, Osasun Publikoaren Legeak jasotzen duen moduan.

Horrez gain, udalak norberarena ez den edo publikoak diren igerilekuetara sartzea "ohitura ez bilakatzea" espero duela dio, dibertsio hori "atsekabe" bihur daitekeelako. Hori dela eta, "guztien espazioak errespetatzeko" eta "osasun komunitarioa babesteko" eskatu du erakundeak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide