Erakusketa publikoan dago Azkoitia-Urretxu errepidean aurreratze tarteak eraikitzeko proiektua

Anartz Izagirre 2020ko abu. 3a, 15:07

GI-631 errepidean aurreratzeko errei bana ezarriko dute, bi noranzkoetan. Proiektua erakusketa publikoan egongo da hilaren 15era arte.

Azkoitia eta Urretxu lotzen dituen GI-631 errepideko lanekin aurrera jarraitzen du Gipuzkoako Foru Aldundiak. Alde batetik, oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak egiten ari dira, eta bestetik, erakusketa publikoan jarri dute errepide horretan aurreratze tarteak eraikitzeko proiektua.

GI-631 errepideko 26,600 eta 27,800 kilometro puntuen artean ezarriko dituzte aurreratzeko erreiak, eta ibilgailu arinen denbora murrizteko izango dira. Bi noranzkoetan txandaka jarriko dira tarte horiek, eta egungo errepidearen plataforma zabalduko dute, bi erreitik hirura, 1,3 kilometroko tartean. Beraz, noranzko bakoitzean aurreratzeko 400 metroko luzera izango duen tarte seguru bana izango dute ibilgailuek, eta zati horiek bi herrien artean dauden 13 kilometroko ibilbidearen erdian ezarriko dituzte. Eptisa Cinsa Ingenieria y Calidad S.A izan da proiektua idatzi duen enpresa.

Bestalde, proiektu horrek errepide horren trazadura hobetzea ere aurreikusten du, baita bidegurutze batzuetan segurtasuna hobetzeko itxaroteko erdiko erreiak ezartzea ere. Proiektua erakusketa publikoan izango da abuztuaren 15era bitartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide