Udako ordutegia abuztuan, hainbat autobus zerbitzutan

UK01, UK03, UK05 eta UK06 autobus zerbitzuek udako ordutegia izango dute abuztuan zehar. Gainera, gaueko ordutegi bereziak ere zehaztu dituzte lau zerbitzu horietatik hirutan.

Lurraldebuseko UK01, UK03, UK05 eta UK06 autobus zerbitzuek udako ordutegia izango dute larunbatetik aurrera. Abuztuan sartzearekin batera, ordutegi berria izango dute lau autobus linea horiek. Horrez gain, gauez ere ordutegi luzapenak egingo dituztela jakinarazi du Lurraldebusek UK01, UK03, UK06 autobus zerbitzuetan.

UK01 autobus zerbitzuan –UK41G gauez–, Azkoititik 22:45ean autobusa egongo da abuztuan Donostiara joateko. Gipuzkoako hiriburutik Azkoitira, berriz, 23:05ean eta 00:05ean egongo da autobusa.

UK03 zerbitzuan –UK43G gauez–, Azkoititik Zarautzera joateko autobusa egongo da abuztuan zehar. Herritik 22:05ean abiatuko da autobusa Zarautzera, eta 23:05ean Zarauztik Azkoitira.

UK06 autobus linean –UK46G gauez– ere autobusa egongo da abuztuan Azkoititik Zumaiara 00:00etan. Zumaitik, berriz, 23:20ean eta 00:45ean egongo dira autobusak. UK05 linean, Zestoa eta Ermua artekoan, ez dute gaueko zerbitzu berezirik eskainiko.

Iazko probak, behin betiko

Iaz proban jarritako hainbat ordutegi behin betiko ordutegi izatea erabaki du Lurraldebusek aurten. Hori horrela, UK01 autobus linean Azkoititik Donostiara autobusa egongo da 05:45ean, eta Donostiatik Azkoitira 06:55ean; abuztuan eta astelehenetik ostiralera egongo dira indarrean autobus zerbitzu horiek.

Horrez gain, UK06 autobus linea Azpeititik Zumarragako ospitalera 06:20ean abiatuko da, eta Zumarragako ospitaletik Azpeitira 07:10ean; zerbitzu hau ere abuztuan eta astelehenetik ostiralera egongo da martxan.

Bestalde, abuztuko igandeetan eta jaiegunetan autobus zerbitzua egongo da Azkoititik Donostiara, 21:45ean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide