Larunbatean hasiko dira Azkoitiko historia eta kultur ondarea ezagutzeko bisita gidatuak

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 30a, 13:09

Abuztuan eta irailean hainbat bisita gidatu eskainiko ditu Azkoitiko Udalak herrian. Horrez gain, San Martin Ondaregunea abuztu osoan irekita egongo dela gogorarazi dute.

Datorren zapatuan, abuztuak 1, hasiko ditu Azkoitiko Udalak urtero Azkoitiko historia eta kultur ondarea ezagutzeko antolatu ohi dituen bisita gidatuak. Lehen eskaintzan, Balda Dorretxeko San Inazioren kapera ezagutzeko aukera eskainiko dute. 11:00etatik 13:00etara bitartean egongo dira dorretxeko ateak zabalik, baina 12:00etan izango da Juan Bautisa Mendizabalek zuzenduko duen bisita gidatua.

Udalak azaldu duenez, bisita gidatuak doakoak dira. COVID-19agatik, ordea, plaza kopurua mugatu egin behar izan dute –gehienez 15 laguneko taldeak osatuko dituzte–, eta horregatik ezinbestekoa izango da bisitetan parte hartzeko aurrez izena ematea. Izena udaleko Kultura sailean eman beharko da, astelehenetik ostiralera 09:00etatik 14:00etara bitartean 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta. Horrez gain, Loiolako Turismo Bulegoan ere badago izena emateko aukera; 943-15 18 78 telefono zenbakira deitu edo i-loiola@urolaturismo.eus helbidera idatzi beharko da 10:00etatik 14:00etara edo 15:00etatik 19:00etara bitartean.

Udalaren eskaintzaz gain, Ezkutuko Altxorrak programak eskaintzen dituen bisita gidatuak ere izango dira Azkoitian abuztuan eta irailean. Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako Turismo Bulegoaren bidez kudeatzen duen bisita gidatuen programa. Azkoitian hiru bisita gidatu egiteko aukera egongo da.

San Martin Ondaregunea, zabalik

Datorren zapatuko lehen bisitaz gain, udalak beste bi bisita ere antolatu ditu datorren hilerako. Lehena, abuztuaren 7an egingo dute San Martin Ondaregunean, 12:00etan. Han, esaterako, aintzinan ume jaioberriak eta bataiatu gabeak lurperatzera nola eramaten zituzten erakutsiko dute. Halaber, San Martingo ermita Konbentzio gerran frantsesen kuartela izan zela gogoratuko dute, baita gaixoetxea eta serorearen etxea ere beste sasoi batzuetan. Hala eta guztiz ere, San Martin Ondaregunea abuztuan zehar astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan bisitatzeko aukera egongo da, 11:00etatik 14:00etara.

Udalak abuzturako antolatu duen bigarren bisita, berriz, abuztuaren 14an egingo dute. Bisitariek Azkoitiko Andre Mariaren Zeruratzea parrokia ezagutzeko aukera izango dute, 11:00etan.

Iraileko bisita gidatuak

Irailean beste hiru bisita gidatu eskainiko ditu udalak. Irailaren 6an, Azkoitiko Gune Historiko Monumentala ezagutzeko aukera izango dute izena ematen duten lagunek, 12:00etan. Irailaren 19an, bestalde, Santa Klara Komentuan eskainiko dute bisita gidatua, 18:30ean. Iraileko hirugarren bisita gidatua, azkenik, hilaren 26an egingo dute; Intsausti jauregiaren eta Azkoitiko Zalduntxoen historia ezagutzeko parada eskainiko dute, 12:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide