Iban Larrañagak Banakako Erremonte Txapelketa jokatuko du

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 30a, 10:30
Iban Larrañaga. (Argazkia: Oriamendi 2010)

Larunbatean hasiko du txapelketa erremontista azkoitiarrak, Zaldua-Urrutia partidako irabazlearen aurka.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak datorren zapatuan, abuztuak 1, Banakako Erremonte Txapelketa hasiko du. Larunbatean, Zaldua-Urrutia partidako irabazlea izango du aurkari Larrañagak. 16:00etan hasiko da jaialdia Hernaniko Galarretan (Gipuzkoa), eta azkoitiarraren partida jaialdiko hirugarrena izango da; 30 tanto egiten dituen lehenak irabaziko du txapelketako lehen puntua.

Txapelketaren lehen fasean hasiko da azkoitiarra Buruz buruko Kutxabank sari nagusia lehiatzen. Izan ere, lehen fasean bi multzo osatu dituzte. Multzo batean daude Juanenea, Zubiri eta Aizpuru III.a; bestean, aldiz, Larrañaga, Segurola eta Zaldua edo Urrutia daude. Multzo bakoitzean lehen postua lortzen duten bi erremontistek elkarren aurka jokatu beharko dute partida abuztuaren 8an, eta irabazleak bigarren fasera egingo du jauzia. 

Txapelketaren bigarren fasean, Ansa II.a eta Goikoetxea izango ditu zain lehen faseko irabazleak. Hiru erremontista horiek elkarren aurka jokatu beharko dute, eta hiruretan onenak txapelketaren azken fasera edo fase nagusira sailkatzea lortuko du. 

Banakako Erremonte Txapelketako fase nagusian, azkenik, iazko hiru erremontista onenak sartuko dira lehiara: Urriza, Barrenetxea eta Endika. Hiru horiek eta txapelketan ibilbidea luzeena egiten duen erremontistak jokatuko dute azken fasea. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide