Klik!

Izoztutako irudiak

Andoni Elduaien 2020ko ira. 4a, 09:50
'Euskal Herriari omenaldia' eskultura. Burruntxalik altzairuan egin zuen, 1996an.

Azkoitiko kaleetan mugitzen ez diren irudi ugari daude. Eskulturak deitzen diegu horiei, eta ezin ukatu, herrian ondare handia dago. Ospetsu bilakatutako herritarrei eta herriari berari gorazarre egiteko jarri zituzten izoztutako irudiak, bakoitza bere bereizgarriekin. Horietako batzuei buruz gehiago jakiteko, hona bisita gidatua.

Xabier Muniberi monumentua

Gaztanenea eraikinaren parkean dago Xebas Larrañaga azkoitiarrak egindako lana. Kultura arloan lan egin zuen Xabier Munibe Azkoitiko Zalduntxoen sortzailea omentzeko egindako eskultura da.

Erietxeko arkua

Azkoitian XVI. mendean Pietateko erietxea edo ospitalea zegoen, eta hara sartzeko atalburuko arkua da. 2003. urtean jarri zuten eskultura Bizkargi plazaren atzean, ibaiaren ondoan.

Atano III.a pilotaria

Mariano Juaristi Atano III.a pilotariari egindako eskultura Gurea pilotalekuan dago, markagailuaren azpian. Jose Lopetegik egin zuen lana. Pilotariaren eskuen erreprodukzioa ere alboan du, eta hura Luis Uzinek egin zuen. Multzo osoa, berriz, Tomas de Ugartemendiak egindakoa da.

'Oroimenean' eskultura

Tomas Ugartemendia egileak egindako monolitoa da. ETA, GAL eta Komando Autonomo Antikapitalisten biktimak oroitzeko jarri zuten 2007.ean, Intsausti parkean. Inguruotako harriak elkarrekin uztartuta egin zuen Ugartemendiak monolitoa. Memoriaren Egunean, azaroan, elkarretaratze isila egin ohi dute udal ordezkariek eta hainbat herritarrek harriaren bueltan.

Emakumeari omenaldia

Bi metro inguruko brontzezko eskultura da Emakumeari omenaldia izenekoa. Xebas Larrañaga azkoitiarrak egin zuen eskultura, eta 2006.eko martxoaren 8an, Emakumearen Nazioarteko Egunean, kokatu zuten eliz atari aurreko biribilgunean.

Oteizaren 'Batarrabi'

Azkoitia sortu zeneko 675. urteurrenean Oteiza eskulturgileak bere arbasoen herriari eskainitako lana da Batarrabi lana. Balda dorretxearen aurreko plazan dago.

Barriketako iturria

1831.ean egindako iturri neoklasikoa da. Mariano Jose Laskurainek diseinatu zuen iturria. Aurrez Plazaberrin egon zen, Etxe-Beltz eraikinaren parean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide