Bestaldetik

Xabier Euzkitze: "Bakarrizketan Azkoitiko euskaran jarduten dut"

Andoni Elduaien 2020ko ira. 9a, 09:21
Xabier Euzkitze.

Xabier Euzkitze ezaguna da Euskal Herri osoan, izan ere urteetan herririk herri ibili zen bertsolari gisa, eta dabil egun ETB1eko pilota partiden aurkezle moduan. Bere bizitzako bi sustrai garrantzitsu horiek eta ezkutukoagoan dituen bestelako kontuak mamitu ditu.

Xabier Euzkitze (Azkoitia, 1966) pilota esatari bezala ezagutuko dute askok egun, baina bertsolaritzan eta telebistako zein irratiko beste hainbat saiotan aurkezle lanak egindakoa da. Bere buruarekin hitz egiten duenean azkoitiarrez hitz egiten duela aitortu du Euzkitzek. Nongoa den adieraztearekin batera bertsolaritzako, komunikabideen munduko eta bere bizitzako beste hainbat kontu azaldu ditu.

Hasteko, aurkeztu ezazu zeure burua. Nor da Xabier Euzkitze?

Azkoitiko semea. Izarraizpekoa behintzat, edo Iraurgi bailarakoa. Baina, nonbaitekoa zehatzago esan beharko banu, Azkoitikoa esango nuke. Azpeitian eta Azkoitian etxean sentitu naiz; bietan urte askoan bizi izandakoa naiz. Bietan ditut lagunak, aita azpeitiarra da, ama azkoitiarra… Baina duela lau edo bost urte konturatu nintzen neure buruarekin bakarrizketan egiten dudanean Azkoitiko euskaran jarduten dudala. Iruditu zitzaidan neure burua identifikatzeko seinale garbi samar bat badela hori. Horretaz ohartu gabe nengoen, eta sentitu nuen horrek definitzen nau neurri batean. Azkoitian jaio eta hazitakoa naiz; hemen eman nituen lehen pausoak, bai pilotan, bai bertsotan… Familia eta lagunak hemen ditut, sustraiak hemen ditut.

Hainbat arlotan aritutakoa zara. Nondik datorkizu bertsotarako zaletasuna?

Joera handia izan dut beti baserritarrekin ibiltzeko. Giro horrek bazuen bertsolaritzaren ukitu bat, kaleko lagunen artean topatzen ez nuen zerbait; ez bertsotan aritzen zirelako bakarrik, baizik eta hizketarako eta erantzunak emateko moduan baziren bertsolaritzarekiko antzekotasunak. Akordatzen naizela, lehen bertso saioa Urrategi auzoan entzun nuen; 5-7 urte izango nituen. Gerora hainbeste mirestu ditudan bi bertsolari izan ziren orduan: Agirre eta Lasarte. Egun hura laino artean egongo banintz bezala oroitzen dut. Jendearen artean sortzen zuten errespetua, miresmena, isiltasuna eta elkarri gauzak esateko zein erantzuteko zuten erraztasuna... Oroitzen naiz erabat sorgindu nindutela lehen saio hartan. Errima joko horrek erabat kiribiltzen ninduen. Ni gehien bete izan nauen mundua bertsolaritzarena da, pasio handienarekin bizi izan dudana, neuk gehien eman diodana eta neuri gehien eman didana. Erabat mundu horren barrukoa sentitzen naiz oraindik, nahiz eta erretiratu nintzela ia 22 urte izan.

Bertsolari Txapelketa Nagusian bigarren eta hirugarren egindakoa zara. Zer falta izan zitzaizun txapela janzteko?

1986an txapela irabazteko zorian gelditu nintzen; finalera sailkatzeko pare bat puntu falta izan zitzaizkidan. Txapelketa nagusiko finalean bigarren gelditu nintzen puntutan, nahiz eta puntuaketa sistema berezi bategatik hirugarren sailkatu. 1993an, berriz, bigarren egin nuen; berez, ezer ez zitzaidan falta izan txapela janzteko. Txapela irabazteko aukera askorekin ibili nintzen bi txapelketa horietan, eta usaina hartzeraino ere iritsi nintzen. Hala eta guztiz ere, egindako lanak ez dira txapelarekin bakarrik neurtzen. Xalbadorri ez zioten sekula txapelik eman, eta beharbada bera da gehien miresten dudan bertsolaria. Andoni Egañak ere honakoa esan zuen behin, eta bat nator: "Bertsotan garrantzitsuena nor izatea da". Ni neure arrasto estetiko bat uzten saiatu naiz, neure mundu figuratibo baten arrastoa uzten, neure pentsakera batena, eta iruditzen zait lortu dudala.

Bertsoak oraindik ere badu zugan eragina, beraz.

Zalantzarik gabe. Batzuek pentsatzen dute bertsolaritza horren gazterik utzi nuela mundu horrekin zeharo erreta nengoelako, baina ez. Dudarik gabe, badaude erre ninduten gauza batzuk horren gazterik erretiratzera eraman nindutenak. Oraindik ere neure kasa bertso asko kantatzen ditut; autoan irratirik jarri gabe abiatzen banaiz, esaterako, badakit bertsotan hasiko naizela.

Gazterik utzi zenion bertsolaritzari. Zergatik?

Giro politiko batean jardun beharrak nekatu ninduen gehienbat. Oso giro politiko bihurriak ziren haiek, eta pentsakera jakin bat plazan islatzea ez zen batere erraza eta erosoa orduan. Oso nekagarria eta estresagarria egiten zitzaidan. Lizarra-Garaziko garaiak etorri zirenean, ordea, bat-batean gauzak eta giroa aldatzen hasi ziren. Halere, orduantxe erabaki nuen uztea, berez askoz ere errazago ibiltzeko garaiak zirenean. Azken bertsoa Soraluzen [Gipuzkoa] bota nuenean ez nekien hura izango zenik nire azkena; kantatzen ari nintzela, ordea, horixe sentitu nuen. Asko maite izan ninduten herria da Soraluze, eta azkeneko plaza egiteko leku egokia zela pentsatu nuen. Bertsoa bota nuenean denak ohartu ziren bertsolaritzari agur esan niola. Oholtzatik jaisten ari nintzela, Egañak esan zidan denboraldi baterako erabakia izango zela, baina nik banekien ez zela aldi baterako kontua, luzaroan bizitako sentsazioak baitziren. Barruan sentitzen nuen plazetan ibiltzeko modu hura betirako ari nintzela uzten.

Euzkitze, ezkerretik bigarrena, Lazkao-Txikirekin egin zuen lehen saioan. Ezkerrean, Mikel Mendizabal; eskuinean, Joxemari Mugika 'Anatx'.

Nola hasi zinen komunikabideen munduan lanean?

Ekitaldiak-eta aurkezten ibiltzen nintzen. Azkoitiko Roberto Juaristi taxistak gauza asko antolatzen zituen: herri kirol jaialdiak, Miserikordiako zaharrentzat ekitaldiak… Niri deitzen hasi zen, aurkezlea behar zuela esateko eta tartean pare bat bertso botako al nituen galdetzeko. Horrela hasi nintzen. Halako egun batean, baina, Juaristik esan zidan Euskadi Irratian norbaiten bila zebiltzala kiroletarako, eta ea zergatik ez nintzen animatzen. 17 urte nituela joan nintzen orain casting esaten zaion hura pasatzera, orduan ez baikenekien zer esan nahi zuen ere. Egokialdia izan nuen egun hartan; akordatzen naiz eroso eta erraz jardun nuela. Oso gustura gelditu nintzen, eta hurrengo egunean deitu zidaten esateko igandean Gipuzkoako Herriartekoaren finala zegoela Azkoitiaren eta Donostiaren artean, eta ea joango al nintzen. "Joango ez naiz ba!", esan nien; Azkoitiak irabazi zuen, baina jakin nuen disimulatzen.

Kazetari ibilbidea irratian hasi zenuen.

17 urterekin hasi nintzen Euskadi Irratian pilota partidak ematen, eta 20 urterekin soldadu joan nintzen arte jardun nuen horretan. Soldadutzatik libratzen ahalegindu nintzen, baina ez nuen lortu. Urtebeteko eten tristea izan nuen, ikaragarri etsigarria gertatu zitzaidan, nahiz eta lagun oso onak egiteko balio izan zidan soldadutzak. Etorri nintzenean udaberria zen, maiatza, eta berriz ere Euskadi Irratian hasi nintzen, kiroletan. 1987. urtean, ordea, gazteentzako Hi heu! programa egiteko aurkezle pare bat behar zituztela esan ziguten. Castinga pasatu eta hartu egin ninduten. 1988an, berriz, ETB1en pilota partidak ematen hasi nintzen. Geroztik horretan dihardut.

Belarritakoarekin komeria bat baino gehiago izan duzu.

Bertsolaritzako estetika uniformatuari iskin egin behar izan nion pixka bat. Orduan oso mundu uniformatua zen, eta gazteak ere nahikoa zahar janzten ginen. Larruzko txamarra bat eramatea edota belarritako bat jartzea zenbaitentzako sakrilegioa zen. Mutrikuko [Gipuzkoa] saio hartan Lazkao Txikik belarritakoa nuela ohartu zenean egin zidan behetik gorako begirada hura… "Zertako ipini dek belarritakoa", hasi zen bertsotan. Gero Agirre eta Lizaso zaharra, ildo beretik. Zer zen hura! ETBko albistegia aurkezteko esan zidatenean, berriz, belarritakoa kenduko al nuen galdetu zidaten. Hasieran ez nuen asmatu erantzuten, baina gero segituan ohartu nintzen. Zera pentsatu nuen: nire nortasuna dut, eta gainera, beti eduki izan dut garbi ezinbestekoa dela norbera nor izatea, bere arrastoa uztea eta bere izaeraren zein pentsaeraren arabera lan egitea. Naizena belarritakoarekin naiz, nire nortasunaren erakusgarri bat da eta ez nuela kenduko esan nien. Orduan txikiagoa jarriko al nuen galdetu zidaten, eta hori negoziagarria zela ikusita, neraman zintzilikario handia kendu eta txikiagoa jarri nuen.

Nola daramazu besteentzat horren aurpegi eta ahots ezaguna izatea?

15 urterekin plazaz plaza bertsotan hasi nintzen, 17 urterekin irratian eta 20-21 urterekin telebistan. Geure euskal mundu murritz honetan ia betidanik izan naiz ezaguna. Ekitaldi, emanaldi, kontzertu edo festa jendetsu batera joaten garenean, metro erditik metro erdira katigatzen naiz, eta etxekoak leporaino egiten dira. Nik badakit hori eramaten; ez zait kostatzen, baina askoz gehiago kostatzen zaio nire inguruari. Gainera, ez dut balio inor haizea hartzera bidaltzeko.

Egindako ibilbidea ez dago ulertzerik euskaltzalea izan gabe.

Euskaltzale espiritua, gehienbat, amagandik datorkit, baita aitaren euskara aberatsetik ere. Gure aitak ikaragarrizko euskara ona du; ez diot erreparatu izan hainbeste orain dela gutxi arte. Haren aditzen maneiuarekin harrituta gelditzen naiz. Gure amak, berriz, euskara baturik ez zen garaietan ere bazuen euskara batu baten premiaren kontzientzia. Gainera, etxeko sukaldean, 4 edo 5 urte nituela, euskara batuan hitz eginez jolasten genuen. “Orain batuan egingo dugu, Tolosako euskaran”, esaten zuen gure amak. Bere ustez Tolosakoa zen hitzak gutxien jaten zituen euskara, bukaerak-eta garbien esaten zituena. Hain izan da euskaltzalea, eta hainbesteko garrantzia eman dio beti euskaratik eraikitako herri bati…

Nola ikusten duzu euskara? Bada kezkatzeko arrazoirik, ezta?

Bai, dudarik gabe. Gure umetako Azkoitiak edo Azpeitiak eta gaur egungoak alde handiak dituzte. Gaurko umeek eta gazteek guk ez genuen mundua dute. Sare sozialek beren harreman modua eta munduarekin erlazionatzeko era ikaragarri aldatu dute. Guk ezinbestean eusten genion euskarari. Gaztelerako andereñoa lehen aldiz etorri zitzaigunean, eta círculo hitzak zer esan nahi zuen galdetzen hasi zitzaigunean… Guk erdaraz ez genekien ezer, gure harreman mundua eta mundu erreferentziala erabat euskarazkoa zen. Zalantzarik ez dago kezkatzeko arrazoiak badaudela, baina beste adierazle batzuk ere badaude oso modu positiboan epaitu eta aztertu beharrekoak. Mundu askoz ere sorginagoan bizi gara, eta lehengoarekin konparatuta, labirinto bat da hau. Arazoak baditugu, baina baliabideak eta aukerak ere bai.

Euzkitze, ezkerrean, Julian Retegi Euskadi Irratirako elkarrizketatzen Iruñean, 1987. urtean.

Pilotari buruz galdetzen hasita, zer da pilota zuretzat eta zertan aldatu da?

Mundua, Euskal Herria, gure kultura eta izaera ulertzeko modua da pilota. Pilota kirola baino askoz gehiago da niretzat. Enpresaren funtzionatzeko modua eta enpresa ereduak aldatu dira, baita pilotalekuen estetika eta pilotazaleena ere. 1987ko pilota partida bat gaur telebistaz ikusita, duela 200 urtekoa dela ematen du. Abiadura ez da estimatzen orduko irudiekin eta koloreekin; askoz ere kirol motelagoa eta zaharragoa ematen du. Materiala eta jokatzeko modua ere aldatu dira. Pilotak eboluzio nabarmena izan du oso, eta pentsatzen dut azken 30 urte hauetan aurreko ehun urteetan baino gehiago aldatu dela.

Azpeitian bizi zinela Kontzejupera joaten omen zinen pilotara.

Aitona-amonak Azkoitiko plazan bertan bizi ziren, eta haien balkoiak plazara ematen zuen. Haien etxean lo egiten nuenean, pilota hotsarekin esnatzen nintzen. Kontzejupean eta Goiko-Losan beti egoten zen jendea, igande goizean goizetik. Gehienbat Kontzejupean ibiltzen ginen, baina beti ez zen libre egoten, eta Goiko-Losara zein udal pilotalekura joaten ginen. Nolanahi ere, beti frontoia zegoen lekuetan ibiltzen ginen: Urrategin, Martirietan… Pilotazale ikaragarria nintzen eta pilotaria izan nahi nuen, gainera. Amets horrekin bizi izan nintzen, horretarako gaitasunik ez nuela ikusi nuen arte.

Euzkitze Atano III.aren eskutik Azkoitiko pilota txapelketako irabazleen garaikurra jasotzen. Bere bikote-laguna: Joxe Luix Aldalur Madarixa.

Saharautz elkarteko kidea ere bazara.

Sahararekin aparteko lotura dugu. Emaztea eta biok ezkondu eta Zarautzen [Gipuzkoa] bizitzen jarri ginen lehen urtean eman genuen izena Oporrak Bakean programan. Urte hartan bertan ekarri genuen lehen haurra; gero, harekin batera ahizpa bat ere ekarri genuen pare bat urtean. Ikusi genuen programa hori pixkanaka indarra galtzen ari zela, eta elkarte bat sortzeko beharra sumatu genuen. Halaxe sortu genuen Saharautz elkartea. Programak berak eta guk geuk ere indar dezente galdu dugu, baina ahal den neurrian eusten diogu. Familiak bilatzeko ahalegin neketsuan segitzen dugu.

Zein dira zure beste zaletasunak?

Beti izan naiz oso argazkizalea eta asko gustatzen zait mundu hori. Nire Instagram kontuan ez naiz bereziki aktiboa, baina gustatzen zait noizean behin zerbait jartzea. Horrez gain, irakurketa eta jendearekiko kontaktua gustatzen zaizkit asko; bereziki, umeekin eta zaharrekin. Zaharrekin harremana izatea, gainera, are gehiago gustatzen zaidala esango nuke. Seme-alabaren batekin banoa Zarauzko kaleetan barrena eta zaharren batekin gurutzatzen banaiz, "ez asko luzatu" esaten didate. Galtzen ari den mundu baten lekuko dira zaharrak, baita galtzen ari den hizketa modu baten lekuko ere.

Zer lotura duzu egun Azkoitiarekin?

Ez naiz asko joaten Azkoitira, baina nire bizitzan oso garrantzitsuak diren pertsonak daude han. Gurasoak eta Azkoitiko familia han bizi dira; gurasoekin batera hiru osaba-izeba ere bizi dira. Nire beti-betiko lagun minak hemen bizi dira; zenbait pertsona, nahiz eta elkar asko ikusi ez, beti daude hor eta garrantzia izaten jarraitzen dute.

Guztiek gordetzen dituzte txikitako oroitzapen bereziak. Zein dira zureak?

Azkoitian pasatu dut haurtzaroa eta gaztaroa. Euzkitze izena ez da ezerezetik sortutakoa; gure ama Azkoitian Euzkitzeneko Lurdes da. Bezero hitza gaur egun beste modu batera nagusitu da, baina guretzat bezeroa etxera esnea ekartzen zuena zen. Gure bezeroak Euzkitzekoak ziren, eta Euzkitzeko Kandelari etortzen zen gurera asto gainean esnea ekartzera. Batzuetan ni asteburuak igarotzera eta oporretan egunak pasatzera joaten nintzen Euzkitzera. Nire jatorria han dago, baita nire leku kuttunetako bat ere. Zarautzen ikaragarri gustura nago, eta ni handik ez naiz mugituko, baina nire umetako oroitzapen denak Azkoitian daude. Nire sehaska Azkoitia da, eta han nagoenean aparteko zerbait sentitzen dut.

Trokel kuadrillakoa zara, ezta?

Bai, oraindik ere han dut idi manta baino lodiagoa den gure alkandora hura! Ez dakit hura nola aukeratu genuen andramaixetan ibiltzeko. More-morea zen, atzean hizki zuriekin. Baditu kentzen ez zaizkion makina bat mantxa, baina armairuan dut gordeta. Sekulako kuadrilla izaten ginen irtendakoan. Gerora kamiseta kontu hori gehiago zabaldu da, baina orduan Trokel atentzioa ematen zuen kuadrilla zen; artean ez zegoen-eta kamisetaren ohitura edo kultura hori. Gazteak ginen, sasoia genuen eta uste dut giroa sortzen genuela.

Zer eman dizu bizitzak?

Bizitzak esperientzia zoragarri asko bizitzeko aukera eman dit; batzuk aprobetxatu ditut, beste batzuk ez. Hanka zuloak dezente egin ditut, eta beste gauza askotan asmatu dudala ere sentitzen dut. Oso lagunartekoa naiz, jendearekiko harreman hori behar izaten dut. Hainbeste urtean herriz herri ibiltzeko aukera izatea ikaragarrizko zortea da. Bada pertsona bat orain arte aipatu ez dudana eta nire bizitzaz hitz egiterakoan derrigor aipatu behar dudana: Joxean Tolosa. Hura ondoan izan ez banu, nire bizimodua beste bat litzateke. Ikaragarri eman dit Tolosak, eta nire bizitzan benetan pertsona funtsezkoa da. Bertsoei, nire euskaltzaletasunari eta kantu zaletasunari esker Ameriketako euskal mundua ezagutzeko aukera ere izan dut. Han ere badut niretzat gakoa den beste pertsona bat: Mike Bidart. Harreman sare hori guztia eman dit bizitzak, eta uste dut nire ondare nagusia dela. Txus emaztea ere hor dut, ezinbesteko zutabea. Familiari begiratzen diot, eta esaten dut gauza ederrak egin ditugula eta dugun familia ereduarekin gustura nagoela. Uste dut mundu hau uzteko garaia heltzen zaidanean esateko moduan izango naizela: "Kolpe ederrak ere eman dizkidak, baina ederki zukutu haut!".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide