Haizea Ribera: "Parkinsonaz ikerketa Azkoitian eta Azpeitian kokatuta egin dugu"

Nerea Uranga 2020ko ira. 3a, 08:00
Haizea Ribera.

Medikuntzako ikasketak bukatuta, espezialitatea ikasten hasiko da irailean mediku azkoitiarra, Donostia ospitalean. 2009. urtean parkinsonaz Azkoitian eta Azpeitian egindako ikerketa oinarri hartuta, gradu amaierako lana osatu du. Hamar urteren ondoren kasuen eboluzioa aztertzea inportantea izan dela dio.

Zazpi urtez Medikuntza ikasketak egiten aritu da Haizea Ribera Sorazu (Azkoitia, 1995). Hiruna urtez Bilbon eta Donostian egon zen ikasten, eta azken urtebetea Oviedon (Asturias, Espainia) egin zuen, BAME (barne mediku egoiliarra) azterketa prestatzeko. Urtarrilean hori gainditu eta uztailaren 17an erabaki zuen orain egingo duen medikuntzako espezialitatea; anestesia arloan aritzeko prestatuko da, Donostian. Parkinson gaixotasunaren biomarkatzaile klinikoen paperaren azterketa, ikuspegi epidemiologiko batetik gradu amaierako ikerketa lana egin du, Azkoitiko eta Azpeitiko biztanleria eta parkinson gaitza kontuan hartuta hamar urte lehenago egindako beste ikerketa bat oinarri izanda. Ikasketak bukatu gabe dituen arren, COVID-19 gaitzak sortutako egoeraren ondorioz mediku gisa lanean ari da martxotik. Egun, Zarauzko hondartzako medikua da.

Nolatan erabaki zenuen Medikuntza ikastea?

Beti esan izan dut Medikuntza ikastea gustatuko litzaidakeela, inoiz ez dut beste ezer ikastea pentsatu. Horretan sekula ez nuen zalantzarik izan. Orain, espezialitatea aukeratzeko garaian, zalantza gehiago izan ditut; neurologia, kirurgia, anestesia… ditut gustukoak. Medikuntzako ikasketa guztiak bukatu aurretik hasi zara lanean, gainera. Bai, hiru hilabetez jardun dut Eibarren lanean, koronabirusak eragindako egoera dela-eta laguntzen. Ikasketak bukatu eta espero ez genuena etorri zaigu. Ekainean bukatu zitzaidan Eibarko lan kontratua. Orain, berriz, Zarauzko hondartzan ari naiz mediku lanean. Espezialitatea ikasteko lanean irailean hasiko naiz, eta bitartean hondartzan jardungo dut.

Medikua izanda, nola bizi duzu COVID-19 gaitzak eragindako osasun krisia?

Hasieran galduta sentitzen nintzen; izan ere, guk unibertsitatetik teoria askorekin irteten dugu, baina praktika gutxirekin. Espezialitatearekin hasten garenean, berriz, praktikak izaten ditugu beti, tutore batekin. Salbuespen egoera honen aurrean, ordea, ospitaleetan-eta laguntza behar zen, antolaketa guztia aldatu eta mediku orokor gisa lanean jarri gaituzte, tutorerik gabe. Eskertzekoa da lan horretan egokitu zaizkigun esperientziadun medikuen laguntza. Ondo etortzen ari zaigu lanaldi hau gerorako trebatzeko eta gehiago ikasteko. Gustura ari naiz lanean, zerbait egiten eta ahal dugun horretan laguntzen ari garelako.

Hondartzan neurri bereziak hartuta jardun beharko duzue lanean, ezta?

Garbi daukaguna da guk gure segurtasuna lehenetsi behar dugula, horretarako gure burua babestuta. Zenbait unetan neurri horiek hartzeko denbora eduki dezakegu, baina presazkoak edo larriak diren egoeretan sortzen da zalantza. Ospitalean prestatuta daude tokiak koronabirusarentzat eta, baina hondartzan ez dago horrelako toki bereizturik. Lantoki eremuak moldatu eta beharrezko materiala eskatu behar izan dugu lanerako.

Birusaren berragertzeak hasi dira. Orain, udan, jende gehiena hondartzan eta tabernetan biltzen da.

Jendea lagunekin eta aisialdian dagoen momentuetan ahaztu egiten da beren burua babesteko neurriekin. Arriskuko uneak dira. Toki horietan jende gaztea ibiltzen da batik bat, eta kutsatutakoak ugaritu arren, ez da islatzen gaitz honek duen arriskua. Agerraldiak gehitu ahala, baina, jende gehiago hasiko da gaixotzen, adineko gehiago gaixotuko da; ondorioz, berriro hasiko dira ospitaleratutako gaixoak eta heriotzak gehitzen. Ez dakigu zer etorriko den, baina badago beldur hori, ospitaleak ari dira prestatzen.

Gradu amaierako lana Azkoitian eta Azpeitian 2009. urtean egindako ikerketa bat oinarri hartuta egin duzu. Parkinson gaixotasunaren biomarkatzaile klinikoen paperaren azterketa, ikuspegi epidemiologiko batetik da lanaren izenburua. Nondik norakoa da lan hori?

Javier Ruiz Donostiako Ospitaleko Parkinson Unitateko neurologoa eta Biodonostiako Neurozientzien alorreko ikertzailea da, eta hark zuzendu zuen orain dela hamar urte Azkoitia- Azpeitian egindako ikerketa. Ruizek eman zidan egindako lan haren berri, Medikuntza ikasten ari nintzenean. Gero, gradu amaierako lana egiteko, beraiek aurretik egindako lana berrikustea proposatu nion. Orduan ekin genion lanari.

Orain dela hamar urteko ikerketa zergatik egin zuten Azkoitian eta Azpeitian?

Ikusi zuten parkinson kasu asko zegoela Euskal Herriko gune batzuetan; tartean, Azkoitian eta Azpeitian. Pentsatu zuten, gainera, kasu haiek parkinsona eragin dezakeen eta euskal jatorriko biztanleen artean ohikoa den mutazio genetiko batekin lotura izan zezaketela. Bi udalerri horietako parkinson kasu kopurua ohi baino altuagoa zela ohartu ziren, eta hori ikertzea interesgarria izango zelakoan egin zuten lana; ikusteko gaixotasunaren prebalentzia zenbatekoa zen bi udalerrietan, eta kasuek zein ezaugarri zeuzkaten edota gaixoek nolako sintomak zituzten aztertu zuten. Hau da, erabaki zuten interesgarria izango zela lagin zehatz bat hartzea eta ikertzea, gaixotasun honi buruz gehiago jakiteko. Parkinsona mugimenduen nahasmenduarekin erlazionatutako gaixotasun neurodegeneratiboa da. Azken urteotako ikerketei esker gaixotasuna gehiago ezagutzen den arren, diagnostiko goiztiar bat egin eta ondorengo tratamendu eraginkor bat lortzea erronka handia izaten segitzen du oraindik.

Euskal jatorriko biztanleen artean atzematen den mutazioa aipatu duzu. Azalduko hori?

Parkinsona faktore askorekin dago lotuta, besteak beste, genetikarekin, ingurumenarekin edota elikadurarekin. Eragin genetikoaren harira, mutazio desberdinak ezagutzen dira, eta horietako batzuek lurralde batzuetan ohikoagoak izateko joera dute. Hori kontuan hartuta, gaixotasunarekin lotura izan zezaketen mutazio genetiko batzuk atzeman ziren Europan, eta zehazki bat Euskal Herrian. Hortik datorkio euskal mutazio izena. Euskal mutazio hori R1441G, LRRK2 genean dago, eta Dardarina izeneko proteina kodetzen du, dardara euskal hitzean du jatorria. Gene hori mutazio batekin asaldatzen bada, sortu behar zuen proteina ez, beste bat sortzen du. Hori alteratuta dago, ez dago berez egon beharko lukeen moduan, eta, azkenean, kalteak eragiten ditu. Donostia ospitaleko neurologo batzuek topatu zuten 2004. urtean, eta aurkikuntza hark dezenteko oihartzuna izan zuen Europa mailan. Hain justu, mutazio hori Azkoitiko eta Azpeitiko populazioetan zenbat pertsonek eduki zezaketen ikertu zuten; bazekiten asko zegoela, baina ez zenbat. Aleatorioki aukeratutako 60 urtetik gorako 500 pertsonako lagin bat hartu zuten orduan. Haiei azterketa neurologiko bat egin zieten, ikusteko parkinson zeinuak zeuzkaten ala ez, edota bazuten mutaziorik. Horrez gain, genea zuten edo ez ikertu eta estatistikak atera zituzten. Parkinsonaren garapenerako arrisku faktore gisa ikusita dauden beste sintoma batzuk ere kontuan hartu zituzten lehen ikerketa hartan: loaren REM fasearen alterazioa, idorreria eta depresioa. Horien gainean ere estatistika batzuk atera zituzten.

Orain dela hamar urteko ikerketa lan haren gainean egin duzue zuena. Zein helbururekin?

Jendeak adinean aurrera egin ahala, parkinson kasu kopuru gehiago atzematen da; hau da, zahartzearekin parkinsona garatzeko arriskua areagotu egiten da. Beraz, ikusi genuen interesgarria izan zitekeela hamar urte atzerago egindako lan hari berriro heltzea. Era horretan, garai hartan aztertutako kasuek zer nolako bilakaera izan duten ikusteko aukera izango genuen. Helburu horrekin ekin genion lanari: parkinson kasuak gehitu diren behatzeko; dardara izan, baina parkinsonaren diagnostikorik ez zeukatenek gerora garatu al duten ikusteko; bestelako sintomaren bat zeukatenek gaixotasuna garatu al duten aztertzeko, edota gene positiboa zutenek hamar urteren ondoren gaixotasuna garatu al duten ikusteko. Gene horrek zerikusia baduela ikusi dugu, baina mutazio hori edukitzeagatik parkinsona garatuko dela ez da ziurra. Azkenean, zalantzazko kasu horiek, eta benetan mutazioa daukatenek, ez dute garatu hamar urte pasatu eta gero. Emaitza desberdinak atera dira, eta hori da interesgarria. Dena den, lagin txiki bat da aztertu dena eta horrek mugak ditu. Bakarrik Azkoitiko eta Azpeitiko populaziora aplikagarria den lagina da.

Ikerketan hori diozue, mugarik handiena lagin txikia izatea izan duzuela.

Hori da. Azkenean, pertsona gutxi batzuk aztertu eta emaitza batzuk atera ditugu, baina horiek ez dira beste lagin batera aplikatzeko modukoak. Horrelako lagin txiki asko edukita, eta denak kontuan hartuta, orduan eduki dezakegu oihartzun gehiagoko emaitza bat. Gauzak lortzen dira horrelako ikerketa txikietatik, baina ezin dira orokortu. 2009. urtean egin zuten ikerketan Azkoitiko eta Azpeitiko 232 pertsonak parte hartu zuten, eta guk gurean haietatik 173 lagunen informazioa jaso ahal izan dugu.

Ikerketatik atera dituzuen ondorio nagusiak zeintzuk izan dira?

Geneak badirela faktore inportantea parkinsona garatzeko orduan, baina ez nahikoak. Hau da, inporta duen faktore bat izan arren, aurretik aipatutako mutazio hori duten pertsona guztiguztiek ez dute gaixotasuna garatu. Berdina gertatzen da familia aurrekariekin ere: nahiz eta familiakoren batek gaixotasuna izan, ez du esan nahi familia horretako kide guztiek garatuko dutenik. REM loaren jokabide alterazioa faktore garrantzitsua dela atzeman dugu; hori daukaten pertsonen %90ek garatzen dute gaixotasun neurologikoren bat (alzheimerra, parkinsona…) zahartzaroan. Aurrez traumatismo kraneoentzefalikoren bat eduki izanak ere zerikusia daukala ikusi dugu. Idorreriaren eta depresioaren kasuan, ordea, ez da ikusi zerikusi handia izan dezaketenik. Beste ikerketa batzuetan azkeneko bi sintoma horiek askotan aipatzen zituzten, baina gure emaitzetan ez da hala nabarmendu. Adina bai bada faktore garrantzitsua gaixotzeko arriskua areagotzeko, hori ziurra da.

Ingurumen eta elikadura faktoreak aztertu al dituzue lanean?

Bi faktore horiek ere aztertu ditugu. Bi udalerrietan industria asko dago, eta herritarrek toxikoen eragina izan dezaketeela aurreikusi da lana egiteko garaian. Gertatzen dena da guk aztertu ditugun kasuek edo pertsonek toxiko desberdinen eragina izan zezaketeela, eta hori ez da zehatz aztertu; azken batean, beste ikerketa zehatzago eta handiago bat egin beharko litzateke, ikusteko zer toxiko mota dauden eta bakoitzak zenbateraino eragin dezakeen. Gure ikerketan parte hartu duten petsonek non egin duten lana aztertu dugu guk: bulegoan, etxean, tailerrean… Tokiaren eta lanaren arabera, toxikoen eragina desberdina izan daiteke, baina baita tailer batetik bestera ere. Beraz, alde horretatik ezin izan dugu ondorio nagusirik atera. Elikadurarekin ere berdina gertatzen da. Badakigu elikadura txarrak toxiko gehiago sortzen dituela gure metabolismoan, eta horiek kalte egiten dutela. Baina eragina zenbaterainokoa den ikusteko ikerketa zehatzagoa egin behar da.

Zertarako balio izan dizu ikerketa honek?

Inoiz era honetako ikerketa bat egin gabe nengoen, eta hasiera zaila egin zitzaidan. Lan honetan tutore izan dudan Javi Ruiz neurologoak asko lagundu eta erakutsi zidan, ikerketa bat aurrera nola eramaten den, zein pauso jarraitu behar diren eta zertan oinarritu azalduz. Ikerketan aurrera egin ahala, gainera, hasierako helburuak aldatu egiten dira: gauza zehatz batzuen bila hasten zara, horiek ez dituzu aurkitzen, baina espero ez zenituen beste gauza batzuk topatzen dituzu. Inportantea izan da 2009. urteko ikerketa hartatik hamar urteko denbora tartea uztea. Era horretan, orduan aztertu ziren pertsona haiek zituzten sintomek edo faktoreek zer garapen izan duten ikusteko aukera izan dugu. Parkinson gaixotasunaren sintoma motorrak (dardara, mugimenduaren kontrolaren alterazioak...) ikusgarriak direnerako, garunean gaixotasuna sortzen den eremua oso degeneratuta egoten da. Beraz, aldaketa hori lehenbailehen atzematea garrantzitsua da, diagnostiko hobea izateko. Beraz, gaur egun interes handia dago gaixotasunaren parte diren sintoma ez motorrak (lo asaldurak, idorreria, depresioa...) lehenago atzemateko. Izan ere, sintoma horiek gaixotasunaren garapeneko lehenagoko etapetan izaten dira, garuneko kaltea oraindik hain handia ez denean. Horiek atzemanda, lehenago egingo da diagnostikoa, jarriko den tratamendua ere eraginkorragoa izango da, eta gaixoaren bizi kalitatea hobea.

Iazko ekainean bukatu zenuen lana, eta orain dela aste gutxi argitaratu duzu euskaraz.

Gradu amaierako lana gaztelaniaz egin nuen, lantaldeko beste kideak hizkuntza horretan hobeto moldatzen zirelako. Nire nahia, ordea, lana euskarara itzultzea zen. Beste hizkuntzetan bezala euskaraz ere lan onak daudela iruditzen zait, eta ikerketak gure hizkuntzan argitaratzea garrantzitsua da. Osagaiz aldizkari digitalean argitaratu dugu lana euskaraz. Agerkari horrek zientziari eta osasunari lotutako artikuluak argitaratzen ditu Interneten. Guk egindako lana hara bidali nuen, eta haiek lagundu zidaten pixka bat lana editatzen eta zuzentzen. Oso gustura nago ikerketa euskaraz argitaratu delako.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide