Hitz bitan

Maite Alberdi: "Musika dut bidelagunik kuttunena edozein unetan"

Olaia Juaristi 2020ko abu. 31a, 10:00
Maite Alberdi.

Musikarekiko pasioa zainetan darama Maite Alberdik (Azkoitia, 1995). Lau instrumentu jotzen dakizki, eta nerabeei Musika irakastea du ogibide. Gainera, hainbat antzerki musikaletan parte hartu izan du.

Nondik datorkizu musikarako zaletasuna?

Aitaren aldetik datorkidala uste dut, oso musikazalea da eta oso ondo abesten du. Gurasoek txiki-txikitatik utzi izan didate musika eskolako hainbat diziplinatan izena ematen. 4 urtetik nabil bertan. Horrez gain, abesteko aukera pila bat izan ditut Floreaga Ikastetxean: kanta eta estilo desberdinak probatuz, zer egin dezakedan ikusiz joan naiz. Nire lehen Alai Batzako kantaldi-jaialdia eta gero –8 urterekin–, urteroko zeregin bilakatu zen oholtza gainean abestea.

Zein ikasketa dituzu eta non egiten duzu lan?

Lehen Hezkuntzako gradua dut, ingeleseko espezialitatearekin. Hezkuntza ez-arautuan, berriz, musika-hezkuntza osoa burutu nuen, trikitixa instrumentu bezala aukeratuta. Horrek, ordea, ez zidan balio lan mundurako, eta Musikako ikasketak egin nituen online. Egun Floreaga Ikastetxean egiten dut lan. Tutorea izateaz gain, LHko Musikako irakaslea eta ikastetxeko abesbatzaren zuzendaria naiz. Oso gustura nago: opari bat da ikasleak nola hazten eta hezten diren bizitzeko aukera izatea. Ikasleei, batez ere, konfiantza eta maitasuna ematen saiatzen naiz, ezaugarri horiek oso garrantzitsuak direlako nerabezaroan.

Zein instrumentu jotzen dituzu eta zertarako baliatzen dituzu?

Txirula lanerako erabiltzen dut ikasleekin; trikitixa, festetan giroa jartzeko, eta pianoa eta gitarra, abestiak kantatzeko laguntzaile bezala. Gogokoenak pianoa eta gitarra ditut, nire gustuko abestiak kantatzeko aukera ematen didatelako.

Zer ematen dizu musikak?

Pozak eta frustrazioak. Niretzat abestea bezalakorik ez da; orduak eman ditzaket horretan, nazkatu gabe. Asko gozatzen dut. Musika dut bidelagunik kuttunena edozein unetan. Momentu on asko eman dizkit, eta horietako bat nabarmentzekotan, ikasleekin nik asmatutako hitzekin sortu genuen abestia da; Euskal Herriko Safer Internet Day saria irabazi genuen, 2018an.

Sare sozialak erabiltzeko ohiturarik ba al duzu?

Batez ere, Instagram aplikazioa erabiltzen dut, baina helburu zehatzik gabe. Atsegin dut partekatzea nire egunerokoan gustuko ditudan gauzak. Inguruko jendea jarraitzen dut gehienbat, baita artistak eta makillaje munduko profesionalak ere. Iaz, gainera, Eibarko El Corte Inglesen kontzertu bat emateko gonbita jaso nuen Instagrametik.

Egun berezietarako ere deitzen al dizute?

Bai. Ezkontzetarako, ezteietarako, hiletetarako, kontzertuetarako... Behin, Elgoibarko organoaren urteurrenean ere abestu nuen. Guztietan bereziena, ordea, ume baten hiletan abestea izan da. Momentu gogor hura ez dut inoiz ahaztuko.

Bigoterik Gabea antzerki taldean ere bazabiltza.

Hasieratik, gainera. Bi aldiz pentsatu gabe sartu nintzen, nahiz eta, proiektu hutsa zen taldean sartu nintzenean. Rise & Shine, Shine Again eta K-baret obrak egin ditugu. Oso gustura nabil. K-baret azken lanean, esaterako, artisten arropaz eta arazoez arduratzen eta laguntzen saiatzen den emakumearen papera betetzen dut. Celine du izena nire pertsonaiak.

Azken lan horrekin, gainera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako XVII. Buero Vallejo sariketaren eskolaz kanpoko kategorian, antzerki obra onenaren saria jaso duzue.

Bagenuen esperantza. Inoiz baino lan gehiago egin dugu, ikaragarri ahalegindu gara, eta, beraz, gure lanaren fruituaren parte da. Halere, sariak adinako garrantzia du guretzat ikusleen iritziak. Zorionez, oso harrera ona izan du, eta horrek pozez betetzen gaitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide