Plaza bakarra hutsik, Inaziotar Bideko etapa bat egiteko

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 29a, 12:26

Inaziotar Bideko etapez gain, bisita gidatuak ere egingo dituzte uda sasoian, Ezkutuko Altxorrak programaren barruan. Interesatuek aurrez izena eman beharko dute.

Ezkutuko Altxorrak programaren baitan, Inaziotar Bideko lehen hiru etapak izango dira datozen egunetan. Etapa bakoitzean hamabi lagunek parte hartuko dute, eta leku bakarra dago oraindik bete gabe. "Koronabirusa dela-eta, irteerak talde txikietan egitea erabaki da, eta hasieratik, segituan, bete ziren plaza guztiak", azaldu du Loiola turismo bulegoko arduradunak. Halere, bigarren etapa egiteko leku bat gelditzen da oraindik, eta interesa duenak aurrez izena eman beharko du.

Uztailaren 31n izango da lehen etapa, abuztuaren 1ean bigarrena eta 2an hirugarrena. Hiru etapak 09:00etan hasiko dira. Lehena, Loiolatik Zumarragara izango da, eta 15,9 kilometroko bidea egin beharko da. Bigarrena, Zumarragatik Arantzazura da, eta 20,4 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Etapa horretarako plaza bat bete gabe dago oraindik; interesa duenak aurrez izena eman beharko du 943 151 878 telefonora (Loiolako informazio bulegoa) deituta edo info@tierraignaciana.com helbidera idatzita. Bost euro ordaindu beharko zaio gidariari, eta behin ibilbidea amaitutakoan Arantzazutik Zumarragara itzultzeko autobusa hamar euro izango da. Azkenik, hirugarrena, Arantzazutik Araiara egingo dute, 18 kilometroko bidea eginez.  

Inaziotar Bideko etapez gain, bisita gidatuak ere egingo dituzte uda sasoian, Ezkutuko Altxorrak programaren barruan.  

 

Azkoitiko eskaintzak

Azkoitian ekintza hauek egingo dituzte Ezkutuko Altxorrak programari lotuta:

Abuztuaren 5ean, 10:00etan, Ibilbide historikoa, Baldatik Loiolara izeneko ibilbidea egingo dute. Aitz-goiti eta Aitz-beiti, Iraurgi bailararen sorrera, historia, paisaia eta kultura ezagutzeko aukera egongo da. Balda dorretxetik abiatuta Loiolako Santutegira egingo dute ibilbidea. 

Abuztuaren 9an, 10:00etan, Xoxoteko Inazio, bailarako zaindaria. Aittola-Xoxote ibilbidea egingo dute. Aittolako zelaietatik abiatuta Xoxotera egingo dute bidaia, mendi horiek ezkutatzen dituzten balio naturalak eta etnografikoak ezagutzeko.

Abuztuaren 13an, 12:00etan, Azkoitiaren sorrera historian zehar ibilbidea egingo da.

Irailaren 20an, 12:00etan, Jauregi eta dorretxeen artean bisita gidatua egiteko aukera egongo da. Azkoitian dauden dorretxeak, jauregiak, elizak eta bestelako eraikinak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste, Balda Dorretxea, Idiakez Dorretxea eta Amabirjinaren jasokundeko parrokia... XVI. mendeko kontuak ezagutzeko aukera eskainiko dute bisita gidatuan. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide