Juan de la Rubia organo jotzaileak kontzertua eskainiko du abuztuaren 5ean, parrokian

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 28a, 12:41
Juan de la Rubia. (Argazkia: Udala)

Organo jotzailearen emanaldia zuzenean jarraitzeko, aurrez doako gonbidapena eskatu beharko da Azkoitiko Udaleko Kultura sailean.

Juan de la Rubia Castelloko (Herrialde Katalanak) organo jotzaileak kontzertua eskainiko du abuztuaren 5ean, 20:00etan, Azkoitiko parrokian. Donostiako Musika Hamabostaldiaren 81. edizioaren baitan eskainiko du emanaldia Bartzelonako Familia Sakratuaren basilikako organo jotzaile titularra denak; nazioartean ere presentzia nabarmena du castelloarrak.

Kontzertua doakoa izango da, baina egungo egoera kontutan hartuta, ezinbestekoa izango da aurrez gonbidapena jasotzea hitzordura joan ahal izateko. Kontzertura joan nahi dutenek udaletxeko Kultura saileko 943-85 71 70 telefono zenbakira deitu beharko dute astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara. Deian, izen-abizenak eta telefono zenbakia zehaztu beharko dira. Gonbidapena Kultura sailean edota kontzertuaren egunean parrokiarako sarreran jaso ahalko da, 19:30etik 20:00etara bitartean.

Juan de la Rubiak J. S. Bach, C. Saint-Saëns, E. Gigout, L. Vierne eta Ch. M. Widor konpositoreen obrak interpretatuko ditu Azkoitian, parrokiako Cavaillé-Coll organoarekin. Azken urteotan, organo jotzailea etengabe aritu da kontzertuak ematen Europako, Latinoamerikako eta Asiako areto nagusienetan. Bakarlari gisa hainbatetan jo du Freiburger Barockorchester orkestrarekin, Händelen organorako kontzertuak eta Bachen kantatak interpretatuz eta erreferentziazkoak diren beste hainbat orkestrekin. Besteak beste, Victor Pablo Perez, Kazushi Ono, Salvador Mas, Tomas Netopil, Simon Rattle edota Henrie Adams zuzendariekin lan egindakoa da. Asier Polo, Raquel Lojendio edota Philippe Jarousky bakarlariekin ere kolaboratu du.

Itziar Urbieta, Loiolan

Datorren igandean –abuztuak 2–, berriz, Itziar Urbieta Azkoitiko bizilagun azpeitiarrak organo kontzertua eskainiko du Loli Oteizarekin batera, Loiolako basilikan, 20:00etan hasita. Emanaldirako sarrera mugatua izango da, eta kontzertura joan nahi dutenek gonbidapena eskuratu beharko dute aurrez. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide