‘Haur motxiladunak’, hilabeteetan beren gurasoekin egon gabe

Nerea Uranga 2020ko uzt. 28a, 12:35

Osasun krisia tarteko, presoen eta beren senideen egoera okertu egin da Sare Herritarrak dinamikaren arabera. Euskal Herrian ehun ‘haur motxiladun’ inguru daude; horietako bi azkoitiarrak dira. Martxoaren hasieratik beren aitarekin aurrez aurreko bisitarik izateko aukerarik ez dute izan, eta hurrengoa noiz izango duten ere arrastorik ez dute.

Haur motxiladunek gaur egun bizi duten egoera salatzeko agerraldia egin zuen Sare Herritarrak dinamikak joan den astean. Osasun krisiak presoen eta haien senideen zigorrak areagotu eta gogortu dituela adierazi zuten. Espainiako eta Frantziako kartzeletan sakabanatuta dauzkaten euskal presoen seme-alabak eta senideak "haserre eta minduta" azaldu dira. "Badira aste batzuk normaltasun berriaren berri dugula, baina guretzat zaharrak berri izaten jarraitzen du: haur motxiladunak gurasorik gabe bizitzera kondenatzen ari dira", salatu du dinamikak.

Euskal Herrian gaur egun ia ehun haur eta nerabe motxiladun daudela azaldu zuten. Horietako bi haur azkoitiarrak dira; 9 eta 5 urte dituzte. Horiek aita Dueñasko espetxean (Palentzia, Espainia) dute preso azken bederatzi urteetan; hain zuzen ere, Azkoititik 270 kilometrora dago kartzela. Seme-alabek martxotik ez dute aitarekin egoteko aukerarik izan; hau da, hura besarkatzeko modurik ez dute izan azken bost hilabete hauetan. Hala adierazi du Nagore Aramendik (Azkoitia, 1978), bi ume horien amak eta presoaren bikotekideak. "Martxoaren hasieran joan ginen gu azkeneko aldiz kartzelara bera bisitatzera. Ordutik, ez dugu bisean biseko bisitarik eduki. Aurrez aurreko bisita nik bakarrik izango dut ostiral honetan. Seme-alabek ezin dute bisita horretara joan bisita intimoa delako. Aurrez aurreko bestelako bisita guztiak bertan behera utzi dizkigute; ondorioz, haurrek aurrez aurre aitarekin egoteko aukerarik ez dute". Bigarren graduan dago preso beren senidea, eta egun presondegiko okindegian ari da lanean.

Konfinamenduaren aurretik zeuzkaten bisitak erabat murriztuta dituzte presoek, baina egoera desberdina dute kartzelatik kartzelara. "Espetxe bakoitzeko zuzendaritzaren esku utzi dute bisiten kontua erabakitzea», azaldu du Aramendik. Osasun krisia hasi aurretik, honako aurrez aurreko bisitak egiteko aukera zuten Aramendik eta haren seme-alabek hil bakoitzeko: aurrez aurreko bi orduko bisita intimo bat, bi orduko familia bisita bat eta elkarbizitzako lau orduko bisita bat haurrekin-eta egoteko. Horiez gain, kristalaren bestaldeko bisitak zituzten.

Zigor erantsia

Gaur egun, ordea, haurrek beren aita aurrez aurre ikusteko eta harekin egoteko modurik ez dute; hura bisitatzekotan, kristalaren beste aldean ikusi beharko lukete, eta Aramendik ez ditu haurrak egoera horretara behartu nahi. "Oso hotza da kristalaren alde banatan egon beharra. Nik haurrak kristalaren bestaldetik aitarekin egotera ez ditut eraman nahi, ezin dutelako aita ukitu, ezin harekin jolastu, ezin besarkatu eta ezin ezer egin", adierazi du.

Konfinamendu garaian, preso duten senidearekin bideo deiak egiteko aukera izan zuten, hiru astean behin. "Umeak aitarekin bideo deien bidez egoten ziren, orain, baina, horiek ere kendu egin dizkigute. Haurrek asko sumatu dute bideo deien falta. Egun, ia egunero hitz egiten dugu telefonoz, baina haurrek ez dute nahi izaten askotan telefonoz hitz egitea; jolasean ari direla eta ez dute telefonoan jartzerik nahi izaten".

Hil honen bukaerarako edota hurrengoaren hasierarako osasun krisiaren aurretik zituzten bisean biseko bisita guztiak berreskuratuko zituztela uste zuten Aramendik eta. Dueñas kartzelako zuzendariak, ordea, atzera bota ditu aurretik zituen asmoak. "Ez dakigu haurrek aitarekin aurrez aurreko hurrengo bisita noiz izango duten. Arrastorik ez dugu noiz edukiko duten harekin egoteko eta hura besarkatzeko aukera. Esaten dute presoek familiarekin harremanak izateko eta gizarteratzeko eskubideak dituztela, baina guretzako eta preso ditugun senideentzako ez dute existitzen horiek guztiek", salatu du Aramendik. 

Azkoitiarrak bere bikotekidea ostiral honetan bisitatuko du, eta harekin aurrez aurre egoteko aukera izango du hainbat hilabete eta gero. Gero, ordea, presoak hamar egunez bere ziegan konfinatuta egon beharko du. "Hamar egun horietan kristaletik bestaldeko bisitarik ere ezingo du jaso eta ezingo du lanera joan. Egoera ez da erraza, zigorra gogortu egin zaio bai presoari, baita haren senideei ere. Urratuago ditugu eskubideak. Presoei egoera asko zaildu zaie koronabirusak eragindako egoeraren ondorioz: ezin dute beste moduluetakoekin kirola egin, eskolara joan eta bestelako ekintza ugari ere bertan behera utzi dizkiete espetxe barruan".

Sare Herritarrak dinamikaren ustez, "salbuespen egoera honek" aldatu beharra dauka: "Normaltasun berria behar dugu Euskal Herrian, denok hobeto biziko garen normaltasuna, haurrek beren gurasoekin egoteko aukera ukatua izango ez duten normaltasuna, euskal presorik gabeko normaltasuna. Behar dugu eta posible da". Sarek konponbidearen eta bakearen aldeko urratsak egiten ari dela nabarmendu du, eta horretan jarraitzeko asmoa duela. Bizi duten egoeraren berri emateko Arartekoari bilera eskatu dio Sare dinamikak, baita Espainiako Gobernuko delegatuari ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide