Joseba Iraolak eta Sheila Lafuentek irabazi dute II. Goilurrak Rallya

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 26a, 15:32
II. Goilurrak Rallyaren podiuma. (Errebueltie)

Aitor Saizar eta Gorka Aginaga izan dira bigarrenak, eta Manuel Mora eta Ivan Bajo sailkatu dira hirugarren. Podiumaren atarian gelditu dira Ibon Beitia azkoitiarra eta Oihane Arizeta, laugarren tokian. Bosgarren postua ere azkoitiarrentzat izan da, Iraitz Olariagarentzat eta Mikel Madinabeitiarentzat.

Gaur eguerdian bukatu da, Olaberrian, atzotik jokoan izan dem II. Goilurrak Rallya. Ez da ezustekorik izan, eta Joseba Iraola eta Sheila Lafuente bizkaitarrek (Porsche 997 GT3) lortu dute garaipena Azkoitiko Errebueltie eta Lazkaoko Ikullu Razing eskuderiek antolatutako lasterketan.

58 minutu, 10 segundo eta 774 ehuneneko behar izan dituzte irabazleek bi egunetan banatuta jokatu dituzten zazpi zatietako erlojupekoak osatzeko. Aitor Saizarrentzat eta Gorka Aginagarentzat (Peugeot 207 S2000) izan da bigarren postua, irabazleengandik 50 segundora. Manuel Morak eta Ivan Bajok (Peugeot 205) osatu dute podiuma; Iraolak eta Lafuentek baino minutu bat eta 22 segundo gehiago behar izan ditu hirugarren taldeak rallya osatzeko.

Azkoitiarrak, oso ondo

Azkoitiko bi pilotu aritu dira lehian II. Goilurrak Rallyan, eta podiumean sartu gabe, baina ohorezko postuen atarian gelditu dira biak. Laugarren postua eskuratu du Ibon Beitiak, Oihane Arizeta kopilotuarekin (BMW 325i), eta Iraitz Olariaga eta Mikel Madinabeitia (Honda Civic) azkoitiarrentzat izan da bosgarren postua. Gainera, Beitia eta Arizeta izan dira lehenak FL kategorian.

44 taldek hasi zuten rallya atzo, eta 23k lortu dute bukatzea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide