Asteburuan tabernak lehenago ixtea adostu dute udalak eta tabernariek

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 24a, 15:02
Azkoitiko Udaleko eta tabernetako ordezkariak, udaletxean. (Azkoitiko Udala)

Taberna gehienak 01:00 eta 02:00 artean itxiko dituzte; laugarren mailako izendapena duten lokalak, aldiz, 04:00 arte egongo dira irekita.

Udaleko alderdi guztietako ordezkariak eta Alde Zaharreko tabernariak udaletxean bildu dira gaur, ostirala, tabernen ordutegien inguruan hitz egiteko. Bertan, hainbat neurri adostu dituzte COVID-19 gaitzaren kutsatzeak saihesteko helburuarekin. Udalak azaldu duenez, bi aldeek "ardura" erakutsi dute egungo egoeraren aurrean, eta ezarritako arauak betetzeko konpromisoa hartu dute egoerak okerrera egin ez dezan.

Neurri horien artean, asteburuan tabernak lehenago ixtea adostu dute udalak eta tabernariek. Lokal gehienek 01:00 eta 02:00 bitartean itxiko dituzte ateak; laugarren mailako izendapena duten tabernek, aldiz, 04:00etan. Horrez gain, taberna bakoitzean edukiera zehazten duen kartel bat ezarriko da. Bestalde, bezeroek kontsumitzerakoan soilik kendu ahalko dute maskara tabernetan, eta lokal horien kanpoaldean, terrazetan soilik kontsumitu ahal izango da, gehienez, hamar pertsonako taldeetan.

Horrez gain, asteburuetan eta jai bezperetan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak zaintza areagotuko dute espazio publikoak eta ostalaritzako lokalak kontrolatzeko.

Tabernarien eskaera

Bestalde, Um Blem Ble tabernarien elkarteak inguruko herritarrei Azkoitira ez gerturatzeko deia egin die: "Azpeitia eta inguruetatik jenderik etor ez dadin eskatu nahi dugu. Izan ere, tabernetako edukiera murriztuta izango dugu, eta inguruko herritarrak etortzeak jende kopuru ikaragarria egotea ekarriko luke. Egoera hori oso arriskutsua izan daiteke guztion osasunarentzat".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide