Egoera berezian dator auzolana

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 24a, 10:18
Iazko indusketetako irudi bat.

Munoaundi herri harresituan auzolana antolatu du Aranzadik astebururako. Ohiko indusketak ez dituzte egingo aurten, baina hainbat lan gauzatzeko aprobetxatuko dute. Auzolanerako aurrez izena eman behar da.

Munoaundiko Burdin Aroko herri harresituan auzolana antolatu du Aranzadi zientzia elkarteak biharko eta etzirako. Azkoitiko eta Azpeitiko udalekin nahiz Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatu du hitzordua, eta bertaratzen diren herritarrek aztarnategia zabaltzen nahiz eremua etorkizuneko indusketetarako prestatzen lagundu ahal izango dute.

Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kideak gidatzen ditu Munoaundiko indusketak, eta hark azaldu duenez, ez dute herritar askoren beharrik bihar egin beharreko lanak gauzatzeko. "Laguntza eskatu dugu lan konkretu baterako, eta hamar-hamabi lagun nahikoa izango dira. Gainera, segurtasunagatik ere ez da komeni pertsona gehiago bertaratzea".

Hain zuzen ere, Munoaundiko bi indusketa eremuak babesteko jarritako plastikoa kentzeko lanak egingo dituzte bi egunetan, eta ezagutzen ez dutenei aztarnategia erakutsiko diete. "Baldintza berezietan bada ere, eremura hurbiltzeko aukera emango diogu jendeari". Plastikoak erretiratuko dute asteburuan, baina aurrerago estalketa sistema aldatuko dute, Aldundiak proposatuta: "Lanak ez daude amaituta, eta babestu egin behar da eremua".

Azkoitiko Abaraxka aterpetxean elkartuko dira auzolanean ariko diren lagunak 08:30 aldean, eta handik joango dira aztarnategira. Lanak goizez egingo dituzte bi egunetan, eta horiek bukatzean, hamaiketakoaz gozatu ahal izango dute. Auzolanean parte hartzeko, baina, ezinbestekoa da aurrez izena ematea, munoaundi@gmx.com helbidera mezua idatzita.

Aurtengoa berezia

Azken urteetan, Aranzadik urtero egin izan ditu indusketak Munoaundin, eta datozen bi urteetan ere elkarte horrek izango du lanak egiteko ardura. Izan ere, Azpeitiko eta Azkoitiko udalek lehiaketara atera zituen eremu horretako lanak, eta Aranzadik eskuratu du hitzarmena.

Dena den, aurtengoa "desberdina" izango da, aurreko urteetako ekinaldiekin alderatuz gero. Martxo-apiril aldean gauzatu zuen aurtengo proiektua Martinezek, baina hark dioenez, ez zekien gauzatzerik izango al zuten. "Hori dela eta, bi proposamen egin genituen badaezpada: bata ohiko ekinaldiari lotutakoa eta bestea egoerara moldatutakoa".

Hark adierazi duenez, gaur-gaurkoz ezinezkoa da ohiko ekinaldia gauzatzeko protokoloak betetzea: "Ezinezkoa da hiru astez hogei lagun inguru lanean aritzea, jendea banatzea, distantzia mantentzea... Hori horrela izanik, epe laburrean eta lantalde txikiagoarekin, aztarnategiak eskatzen dituen gutxieneko lan batzuk egitea proposatu genuen. Printzipioz hori da egingo duguna, baina erantzunaren zain gaude".

Izatez, Munoaundiko indusketen bigarren fasea bukatzeke dago, baina indusketak normaltasunez egin ezin dituztenez, erantzuna jasotzean, egingarriak diren "gutxieneko" lanak gauzatuko dituzte. "Salbuespenezko baldintzak dira aurtengoak, eta ohikoak ez diren lan batzuk egingo ditugu, hala nola memoria, ebakidura garbitu... Programa bete dezakegu, eta horretan jarriko dugu indarra aurtengoan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide