Aizkolarien Banakako Txapelketako finalean izango da Julen Alberdi 'Txikia IV'.a

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 23a, 09:59
Txikia IV.a lehia batean.

Ugaitz Mugertza Mugertza II.a mendean hartuta lortu zuen atzo finalera sailkatzea. Ubideko (Bizkaia) udal pilotalekuan jokatu zuten finalerdia. Hirugarren finalistaren faltan, Iker Vicentek eta Txikia IV.ak ziurtatuta dute finalerako txartela.

Urrezko Aizkolarien Banakako XXIII. Txapelketaren finalean izango da Julen Alberdi Txikia IV.a; izan ere, atzo eskuratu zuen lehia horretarako txartela, Ugaitz Mugertza Mugertza II.a mendean hartuta.

Ubideko (Bizkaia) udal pilotalekuan jokatu zuten finalerdia bi aizkolariek, eta ontza desberdinetako hainbat enbor egin behar izan zituzten. Aizkolari azkoitiarrak 21 minutu eta 35 segundo behar izan zituen lanak bukatzeko, eta 22 minutu eta 39 segundo, berriz, Mugertza II.ak.

Finalean hiru aizkolari ariko dira nor baino nor. Aurreko astean Iker Vicentek lortu zuen finalerako txartela, eta Txikia IV.ak atzokoan. Dena den, hirugarren finalerdia falta da jokatzeko: zapatuan izango da Beizaman, eta Larrañagak eta Otañok neurtuko dituzte indarrak. Irabazlea izango da hirugarren finalista.

Oraindik ez dute zehaztu finalaren data, ezta non jokatuko duten ere, baina ziurrenik abuztuaren hasieran izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide