Oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko obrak hasi dituzte Aizpurutxon

Nerea Uranga 2020ko uzt. 21a, 09:14
Aizpurutxon oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak hasi dituzte. (Azkoitiko Udala)

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko lanak egitea aurreikusita dauka Gipuzkoako Foru Aldundiak. Obra horietako aurreneko faseko lanak hasi dituzte Aizpurutxon, oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko lanak hasita.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ekainean esleitu zituen Aizpurutxon oinezkoen pasabidea eta zubia eraikitzeko obrak. Hasi dituzte lan horiek. Construcciones Zubieder enpresak egingo ditu Aizpurutxoko lanak. Horretarako aurreikusitako epea lau hilabetekoa da eta 257.366 euroko aurrekontua dute.

Aizpurutxon, Erdikobenta eta Ibaiondo artean, oinezkoentzat bidea eraikiko da galtzadaren ondoan. Era berean, oinezkoentzat bidea ibaiaren beste aldera igaroko da, horretarako zubia eraikiko dute. Gaur egun, oinezkoek errepide ertzetik ibili beharra daukate, hori saihesteko eta haien segurtasuna bermatzeko egingo dituzte lanak.

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepidea hobetzeko lanak egitea aurreikusita dauka Foru Aldundiak, eta lan horien barruan aurreneko fasekoak dira Aizpurutxon egingo dituztenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide