Uretako 'gorrixek'

Nerea Uranga 2020ko uzt. 17a, 16:00
Aritz Alberdi eta Eñaut Larrañaga arraunlariak.

Badira ur gainean elastiko gorriarekin lehiatzen diren azkoitiarrak ere. Zumaiako Temo Deun arraun elkarteko arraunlariak dira Eñaut Larrañaga (Azkoitia, 1995) eta Aritz Alberdi (Azkoitia, 1997). Arrauneko gizonezkoen KAE-1 ligan ari dira lehian sasoi honetan.

Kirola egiteko gogoz eta probatze aldera hasi ziren Zumaian arraunean Larrañaga eta Alberdi. Ordutik, urteetan ari dira Zumaiako traineruarekin lehian. Aurtengoa bederatzigarren urtea du Larrañagak: "Telebistan ikusten nituen estropadak, eta gustukoa nuen arrauna. Joanes Balenziagarekin (hau aurretik ibilitakoa da arraunean) komentatu nuen arraunean hasiko al ginen. Probatzera joan ginen egun batean Zumaiara; gustatu egin zitzaigun. 14-15 urte izango genituen garai hartan". Alberdirentzako, berriz, arrauneko zortzigarren urtea da aurtengoa: "Eskolan nenbilen orduan, eta Zumaiako Telmo Deun arraun elkartekoek arraunean jendea hastera animatzeko kartelak jarri zituzten. Aurretik kuadrillako batzuk ere bazebiltzan arraunean, eta probatzera animatu ginen bi lagun".

Arrauna "engantxatzen" duen kirol bat dela diote bi azkoitiarrek. Horrez gain, Zumaiako arraun elkartean duten lagun giroa da arraunean jarraitzeko beren beste arrazoi nagusi bat. "Lagunarteko giro ederra daukagu arraun taldean, kuadrilla bat gara eta, gainera, kirola egiten dugu. Paregabea da Zumaian daukagun giroa", nabarmendu du Larrañagak. Iritzi berekoa da Alberdi ere, "lagunarte berezia daukagu eta horrek engantxatu egiten du".

Azaroan hasten dira arraunlariak estropaden denboraldirako prestatzen. "Azaroan hasi eta esropadak hasten diren garaira bitartean, astean sei entrenamendu egiten ditugu; alegia, astean egun bakarra izaten dugu arraunetik jai. Behin denboraldia hasitakoan, asteburuero estropadak izaten ditugu udan, eta entrenamendu gutxiago egiten ditugu garai horretan", azaldu du Larrañagak. Arraunean ibiltzeko, beren adinekoek egiten dituzten gauza askori uko egiten dietela gaineratu du Alberdik: "Arraunean aritzeko albo batera gauza asko utzi behar izaten ditugu. Uda partean lanarekin eta arraunarekin denbora beteta izaten dugu: ez gara asko egoten kuadrillakoekin; ez gara hondartzara joaten; ez ditugu parrandak egiten, ezta lagunarteko bazkari eta afariak ere. Hala ere, gu ohituta gaude horretara. Arraunean gustura ibiliko ez bagina, ez genituzke hainbeste kontu utziko". Larrañagaren ustez, arraunean jarraitzeko, arrauna gustuko izan beharra dago derrigor: "Gustuko tokian zabiltzanean, ez dira hainbeste faltan botatzen beste gauza guztiak".

Ezohiko prestaketa eta denboraldia

COVID-19 gaitzak erangindako egoeraren ondorioz, aurtengo arrauneko prestaketa eta denboraldia desberdinak izaten ari dira arraunlarientzat. Konfinamendu garaian, ia hiru hilabetez etxean eta bakarrik entrenatzen aritu ziren, ergometroan. Bakarrik entrenatzen jardutea "gogorra" izan zela aitortu dute bi arraunlariek. Arraun taldeko entrenatzaileak astero bidaltzen zien zer entrenamendu egin. Ondoren, sakelakoarekoarekin grabatu eta bueltan bidaltzen zizkien saioak entrenatzaileari. Uretara entrenatzera itzuli zireneko lehen saioa ez dute ahazteko bi azkoitiarrek. “Izugarria” izan zela dio Larrañagak. “Bestetan ez bezalakoa izan zen itzulerako uretako entrenamendua: uretan segitzeko gogoa genuela esaten genion elkarri”, gogoratu du Alberdik.

Joan den larunbatean, uztailaren 11n, hasi zen KAE-1 ligako denboraldia, Pasaian (Gipuzkoa). San Pedrok irabazi zuen estropada gizonezkoetan, eta Zumaiak hamargarren postua egin zuen. Asteazkenean, uztailaren 15ean, Gipuzkoako Txapelketa jokatu zuten Orion; zortzigarren egin zuten sailkapenean. Ez dute nahi bezala hasi sasoia Zumaiako arraunlariek. “Estropadaz estropada martxa hartzen joango garela uste dugu, eta uda bukatzerako hobeto ibiliko garela. Taldea gogoarekin eta ilusioarekin dago arraunerako”, azaldu dute arraunlari gorrixek.

Igandean, uztailaren 19an, Getarian (Gipuzkoa) jokatuko dute KAE-1 ligako bigarren estropada, I. Ekolo Bandera. 18:00etan hasita.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide