Udalak alde batera utzi ditu momentuz bi proiektu: teniseko pisten estaltzea eta skate parkea

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 16a, 08:00
Uztaileko ezohiko udalbatzarra.

Osasun krisia dela-eta, udalak aurrekontua egokitu behar izan du, eta atzo arratsaldeko ezohiko udalbatzarrean onartu zuten. Floreaga auzoko eta igerilekuko proiektuekin jarraitzea erabaki badute ere, beste hainbat partida blokeatu dituzte. 

Udaleko 2020ko aurrekontuaren kredituak baliogabetu eta ez erabilgarri izendatu dituzte, COVID-19ak eragin duen sarreren murrizketagatik. "Udalaren egoera ekonomikoa ona izanagatik eta 3.340.142,91 euroko gerakina duen arren, garatu nahi diren proiektuen kostuak ere oso altuak dira", azaldu du udalak. Testuinguru horretan, udalak alde batera utzi behar izan ditu, "berriro heltzeko modua iristen den arte", bi proiektu hauek: teniseko pisten estaltzea batetik, eta skate eta kalistenia bezalako kirol diziplinentzat eraiki nahi zen parkea, bestetik. Bi proiektuen artean 600.000 euro batzen dituzte.

Halaber, beste hainbat partida ez erabilgarri izendatu dira helburuak "ezin direlako bete" egungo egoeran. Esaterako, andramaixetara bideratutakoa, Xabier Munibe ikastolari ematekoa zen laguntza 50. urteurrenaren harira edota danborradako batzordeari zuzendutakoa. Blokeatu diren partida horien balioa 396.850 eurokoa da. "Dena den, egoerak ahalbidetzen badu, partida horiek berriro erabilgarri" jar daitezkeela jakinarazi du udalak. 

 

Floreaga auzoko eta igerilekuko proiektuak aurrera

"Abenduan, aurrekontua onartutakoan, ezinezkoa zen aurreikustea COVID-19aren ondorioz jasan beharreko diru sarreren murrizketa eta espero gabeko gastuen handitzea", azaldu du udalak. Hala ere, Floreaga auzoko eta igerilekuko proiektuekin jarraitzea erabaki du.

Floreaga auzoko irisgarritasunaren hobekuntzari dagokionez, lehen eta bigarren faseen exekuzio proiektuak eginak daude, eta asmoa da pausoak ematen hastea lehenengo igogailua eraikitzen hasteko. Aldi berean, udalak lanean jarraitzen du igerilekuen handitze proiektuarekin. Kasu horretan ere oinarrizko proiektua landu berri dute, eta hori inplikatutako eragileei aurkeztu dietela gaineratu du udalak, haien ekarpenak jasotzeko. Bestalde, Txalonerreka bideko lanek ere aurrera egingo dutela jakinarazi du udalak. Azkoitia Lantzeni eragiten dio, baina lanean ari dira bideragarritasun ekonomikoa bilatzeko eta garatzeko.

Udalak jakitera eman duenez, aurrekontuen egokitzapenak "arrazoi nagusi bat" du: Udal Finantzaketarako Foru Fondotik aurreikusitakoa baino 1.689,273,40 euro gutxiago jasoko ditu udalak, eta murrizketa hori handiagoa izan daiteke. Horretaz gain, udalak 230.000 euro bideratu ditu Gurutze Gorriari laguntzeko eta merkatari, ostalari eta zerbitzuei zuzendutako dirulaguntzetarako. Itxita edo erdi itxita egon diren establezimenduei tasen ordainketetan egindako salbuespenen ondorioz ere udalaren diru sarrerak jaitsi egin dira.

 

Aldeko botoez gain, abstentzioak

Atzo arratsaldean izan zen ezohiko udalbatzarra, eta bertan onartu zen aurrekontuen egokitzea, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren eta Azkoitia Bairen abstentzioarekin. Azken bi horiek egindako murrizketekin ados agertu ziren arren, goi karguen soldatekiko desadostasuna azaldu zuten, haien jaitsiera eskatuz. "Herritar askori etorri zaizkion krisi une hauetan, udaletik keinu berezi bat egiteko momentu egokia dela uste dugu. Horregatik, konfinamendu garaiko soldata kopuru baten dohaintza egitea eskatu diegu, baina ezezko biribila jaso dugu. Hori dela-eta, baiezkoa eman ordez, abstenitu egingo gara", azaldu zuen Azkoitia Baiko bozeramaileak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide