Klik!

400 zenbaki

Maxixatzen.eus 2020ko abu. 1a, 18:00

Datorren urtean mende laurdena beteko da Maxixatzen euskara elkarteak Maxixatzen Azkoitiko herri aldizkariaren zero zenbakia kaleratu zuela. 1996ko apirileko ostegun gau bateko bilera batean ereindako hazia 400. zenbakira iritsi da. 24 urteotan ezinbestekoa izan du herritarren, eragileen eta erakundeen laguntza.

Lehen urratsa, eginda

Maxixatzen Azkoitiko herri aldizkariaren zero zenbakia 1996. urteko abuztuan kaleratu zuen Maxixatzen euskara elkarteak; urte hartan bertan sortu zen elkartea. Hala esan zuen aldizkarian: "Herriko gazte talde batek euskarazko herri aldizkari baten beharra sumatu eta lanean hasteko asmoa adierazi zuen". Andramari egunaren bezperan 2.500 ale atera zituzten. Ordurako, hainbat udalerritako euskara elkarteek argitaratzen zituzten euskarazko herri aldizkariak: Arrasate Press!, Ene Bada!, ...Eta Kitto! eta Berrigara.

Urtebete

1997ko andremarietarako kaleratu zuen Maxixatzenek herri aldizkariaren hamabigarren zenbakia; sortu zenetik urtebetera, hain zuzen ere. Ordura arte kaleratutako zenbakien azalak ekarri zituen azalera. Aldizkariaren editorialak honakoa zioen: "Urte bat igaro da, gezurra dirudi. Urtebete da Maxixatzen euskara elkartea eta herri aldizkaria ezagutarazi zirenetik. Hasierako dudak eta trabak argitzen joan dira". Aurrera egiteko herriko merkatariek eta bazkideek emandako laguntza eskertu zuen euskara elkarteak.

Hilabetekari gisa, hirugarren urtemuga

1999. urteko abuztuan herri aldizkariaren 36. zenbakia kaleratu zen. Orduko hartan, aldizkariak baliabide ekonomikoak falta zituela jakinarazi zuen euskara elkarteak: "Azken hilabete hauetan aldapa gora egin beharko genuke, baina baliabide urriak ditugu. Ilusioz ekindako bide honetan, trabak eta oztopoak gero eta handiagoak dira. [...] Aldizkariari profesionalizatzeko ordua heldu zaio, lantaldean ideia berrien premian gaude". Hala, herritarrak proiektura batzeko deia egin zuen Maxixatzenek.

50. zenbakia, 2000ko abenduan

50. zenbakia ateratzerako (2000.eko abendua), herri aldizkaria profesionalizatzea lortu zuen Maxixatzen euskara elkarteak. Horrez gainera, aldizkaria hilabetero kaleratzetik hamabostero argitaratzeko asmoa lantzen ari ziren lantaldekoak: "Gai gehiago eta egunerokoagoak kaleratzea ahalbidetuko liguke hamabostero zenbaki bana kaleratzeak. Erronka berri hori lantzen gabiltza: diseinua, finantzazioa...".

100. zenbakia, berezia

2003ko uztailean herri aldizkariaren 100. zenbakia banatu zuen Maxixatzen euskara elkarteak; hamabostekaria zen ordurako. Euskarazko argitalpenaren zazpi urteko ibilbidea laburbilduz gehigarri berezia ere banatu zuten. Hala adierazi zuen lantaldeak editorialean: "Irakurleontzat hamabostean behin jasotzen duzuen aldizkaria baino ez da, baina orri horien bestaldean gaudenontzat gure eguneroko bizitzan zati handia betetzen duen zerbait da".

Hamargarren urtemuga

2003ko udazkenean, hamabostekaria zen herri aldizkaria astekari izatera pasatu zen. 2006ko abuztuan hamargarren urtemuga bete zuen argitalpenak astekaria zela. Urte horretan, Maxixatzenen ordura arteko ibilbidea azalduz erakusketa jarri zuten Torre Zurin.

Etena

2009ko maiatzaren 8ko datarekin kaleratutako Maxixatzen aldizkariaren azalak argitalpenak etena izango zuela iragarri zuen: "Maxixatzen hiru hilabete eta erdiz gelditu egingo da ezinbestean. Egoera ekonomiko larriak ez digu uzten aurrera egiten". Aurreikusi baino denbora luzeagokoa izan zen etena.

Itzulera, biziberrituta

2015eko martxoan Maxixatzen hilabetekari gisa itzuli zen (341. zenbakia) herritarren etxeetara. Aldizkaria berriro kaleratzearekin batera, maxixatzen.eus ataria ere sortu zuten. 2014ko udazkenean abiatutako proiektuaren emaitza izan zen Maxixatzen Herri Komunikabidea proiektua.

Diseinu berria

2015eko udaberrian abiatutako herri komunikabidearen proiektuaren barruan, itxura berrituta eta diseinu berriarekin kaleratu zen hilabetekaria, 2020ko martxora arte.

Formatua aldatuta eta aldizkaria berrituta

Ezohiko egoeran ikusi zuen argia "molde berrietara egokitutako" Maxixatzen herri aldizkariak. Koronabirusak eragindako osasun krisian murgilduta argitaratu zen 2020ko martxoko aldizkaria (397. zenbakia), konfinamenduan. Orduz gero, lau zenbaki kaleratu dira, esku artean duzun hau arte. Aurrenekoa bezalaxe, 400. zenbakia ere irakurleen, herriko eragileen eta erakundeen laguntzarik gabe ez litzateke posible izango. Eskerrik asko!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide