Elorza, bizikleta gaineko maisua

Sebastian Elorza, bere etxeko gela batean.

Uztaileko Maxixatzen aldizkarirako Sebastian Elorza Azkoitiko txirrindulari ohiari egindako 'Akordatzen' erreportajea. 

Azkoitiko herria txirrindulari apartak emandakoa da, baina bada bat guztien artean nabarmentzekoa: Sebastian Elorza. Olaso auzoko Olaberrixa baserrian jaio zen 1940. urteko urtarrilean. Hamasei urterekin hartu zuen lehen aldiz bizikleta, eta hurrengo urtean hasi zen korritzen. 19 urterekin, ordea, Zarauzko txirrindulari talde batera joan zen, eta han afizionatu mailako txirrindulari onenetakoa bilakatu zen. Gero, Errenterian sortu zen beste talde batera egin zuen jauzia.

1962. urtean egin zuen debuta profesional mailako lasterketetan Elorzak Funcor Munguia taldean, eta hurrengo urtean KAS taldean fitxatu zuen. Garai hartako munduko txirrindulari talde indartsuena zen KAS. Han jardun zuen 1971. urtera bitartean. Sei aldiz parte hartu zuen Frantziako Tourrean, lau aldiz Espainiako Vueltan eta behin Italiako Giroan; Lasarte-Orian (Gipuzkoa) 1964. urtean jokatutako Errepide gaineko Munduko Txapelketan lehiatzeko ere deitu zuen Espainiako selekzioak.

KAS taldean zegoenekoa. 

Baina noiz eta nola hartu zuen Elorzak txirrindularia izateko erabakia? Erantzuna garbi eta azkar azaldu du: “Lagunek jarri ninduten ni bizikletan”, dio Sebastian Elorzak. “Lehenago ere ibiltzen nintzen bizikletan, afizioa bainuen. Lagunekin, halere, bizikletan egiten nituen paseoak hemen inguruan, eta haiek animatu egiten ninduten. Karmelo Antxarra KAS taldeko masajista zen orduan, eta hark animatu ninduen bereziki. Sekulako afizioa sortu zitzaidan gero bizikletarako, lehen nuena baino gogo handiagoa etorri zitzaidan. Behin, gainera, Asturiasen (Espainia) nuen lasterketa batera laguntzeko eskatu nion Antxarrari. Txirrindulari itxura handia zuen hark, eta galdetu zioten ea bera al zen lasterketa korritu behar zuen txirrindularia”, azaldu du Elorzak.

Antxarra ez omen zen izan, ordea, bizikleta gainera bultzatu zuen bakarra. Joxe Mari Andueza lagunarekin gaztetan izan zuen pasadizoa kontatu du hori argitzeko. “Anduezak esaten zuen bera bizikletan ez zela batere gaizki moldatzen. Egun batean Olaberrixako zubiaren parean egin genuen topo bizikletarekin, eta Azkaratera igotzea erabaki genuen. Mendian gora gindoazela, ni proban jartzen saiatu zen hura eta ihes egitea erabaki zuen esprint bat eginda. Saiatu zen arren, ez zuen lortu nire ondotik ihes egitea. Dukeko baserriaren parean beste saiakera bat egin zuen, baina berriz ere ez zuen lortu ni atzean uztea. Egoera hura ikusi zuenean honela esan zidan: Sebastian, hi txirrindularia izango haiz! Ondo markatuta gelditu zitzaidan esaldi hura. Ederki gogoratzen naiz oraindik ere non esan zidan”, esan du.

Elorza, lehena, Azkoitiko Kale Nagusitik igarotzen.

1962. urtea afizionatu eta profesional maila uztartuta korritu zuen Elorzak, bi mailetako probetan parte hartzen zuen, alegia. Funcor Munguia taldean egin zuen denboraldi hura, eta urte hartan Ordiziako Klasika irabaztea lortu zuen, profesional mailako bere lehen lasterketa. “Saura Espainiako hautatzailea ere etorri zen proba hura ikustera eta han lasterketa irabazten ikusi ninduen. Nire atzetik zihoan auto baten barruan egin zuen lasterketa guztia. Ondo atera zitzaidan eta gero Munduko Txapelketan lehiatzeko deitu ninduen”, dio. Garai hartako txirrindulari onena Eddy Merckx dela behin baino gehiagotan esan izan du azkoitiarrak, eta gustura kontatu du 1965. urtean Lasarte-Orian jokatu zuten Munduko Txapelketan bere atzetik sailkatu zela. “Tropel handia zen hura, eta 26. postuan amaitu nuen proba”, azaldu du. “Euritan egin genuen egun guztia, eta punta-puntako txirrindulari batek baino gehiagok lasterketa utzi beharra izan zuen”, dio.

Profesional mailan

Elorzak lehen urte hartan erakutsitako maila ona izan zen inolaz ere, eta talderik indartsuenen atentzioa eman zuen hurrengo urtera begira. KAS taldean hastea erabaki zuen orduan Sebastian Elorzak. KAS taldera joan bazen ere, talde haren arerio zuzena zen beste talde batek diruz eskaintza hobea egin ziola aitortu du. “Aukera hobea izango zelakoan hautatu nuen KAS taldearekin fitxatzea”, azaldu du. Lan asko egin zuten Elorzak eta bere taldekideek hamarkada hartan KAS taldean, eta zalantzarik gabe izena eta izana eman zizkioten taldeari. Italiako Giroa, Frantziako Tourra eta Espainiako Vuelta korritu zituen talde berrian Elorzak, beti ere gregario papera eginda. Halere, unean unekoa gozatzea erabaki zuen. “Lasterketa horiek korritzera joateko deitzen zidatenean irrika sortzen zitzaidan barruan. Ez nuen inoiz pentsatu lasterketa horietan parte hartuko nuenik; unea gozatzen nuen eta gustura nenbilela bakarrik pentsatu”, azaldu du.

Espainiako Vueltan, tabernatik irteten. 

Profesionaletarako jauzia “handia” izan zela dio Elorzak, baina eguneroko bizitza ez zitzaion gehiegi aldatu. “Txirrindularitza bakarrik gustatzen zitzaidan lehen ere. Beste ia guztia soberan nuen nik orduan, bizikletak zuen baliorik handiena niretzat”, dio. Profesionala izan aurretik lantegi batean egiten zuen lan Elorzak, eta etxetik lantegirako bidea ere bizikletan egiten zuen egunero. Elorzak dio lantegiko nagusiak egunak libre ematen zizkiola batzuetan entrenamenduak egiteko, baina lan saioa egiteko galduko zituen ordu haiek aurretik egin behar izaten zituela. Horregatik egun batzuetan hamabi orduko lanaldiak ere egin behar izaten zituen. Behin profesional mailan korritzen hasita, ordea, utzi egin behar izan zion lanari.

1963. urtean hasi zuen, beraz, profesional mailako ibilbidea Elorzak KAS taldean eta urte hartan parte hartu zuen lehendabizikoz Frantziako Tourrean. Parisko podiumera taldekako saria jasotzera hiru aldiz igotakoa da Elorza. Baina ez hori bakarrik. Edizio batean txirrindulari dotoreenaren saria jaso zuen. Etxean du oraindik ere hura saritzeko jaso zuen lehoi txiki bat. Bereziki gustukoa zuen Tourra azkoitiarrak. “Frantziako Tourrak beste esanahi bat du. Hiru itzuli handienetan ere Tourra da handiena, maila ere handiagoa du. Frantzian dauden mendi haiek ikusita bakarrik sortzen da arreta”, dio. Besteak beste, Tourmalet eta Mont Ventoux mendiak igotakoa da txirrindulari ohia. Azken hori, ordea, ondo gogoan du, denek bezela oroitzapen gogorrak bezain tristeak ere bai baititu Elorzak. 1967. urtean, Mont Ventoux mendian gora zihoala bizitza osorako markatuta gelditu zaion gertaera bere bi begiekin ikustea egokitu zitzaion txirrindulari ohiari. Tom Simpson txirrindulari britainiarra bere aurrean hil zen. Elorzak gogoratzen du eguzkiak ikaragarri berotu zuela uztailaren 13ko egun hartan. Beroagatik eta ondoezak jota aldapan gora zihoala zendu zen Simpson. “Hura lurrean botata ikusi nuen, eta orduan Tourra uztea erabaki nuen. Une gogorra izan zen. Neuri ere hotelera bi lagunek lagundu behar izan zidaten bizikletatik jaitsi eta gero”, kontatu du.

KAS taldean. 

Taldeko liderrentzat lan egiten bazueren ere, baditu hainbat garaipen azkoitiarrak. Besteak beste, Getxoko Zirkuitua eta Levanteko eta Errioxako itzulietan etapa bana eskuratutakoa da Elorza. Halere, guztietan garaipen bereziena 1965. urteko Bicicleta Eibarresa —Euskal Bizikleta gero eta Euskal Herriko Itzulia orain— irabaztea izan zela dio txirrindulari ohiak. Urte hartako etapa bat eta proba bera irabazi zituen azkoitiarrak orduan. Halere, oroitzen du gogotik lan egin behar izan zuela itzulia irabazteko. “Neuk bakarrik lan eginda irabazi nuen itzuli hura. Oso oroitzapen onak ditut, betirako gogoan gelditzen diren horietakoak”, adierazi du. Garaipen horrez gain, sailkapen orokorra aintzat hartutako emaitzarik onenak Espainiako Vueltan lortu zituen Elorzak. Hamaikagarren postua birritan lortu zuen azkoitiarrak, orduan ere liderren laguntzaile lanak eginda. “Punta-puntako txirrindularia ez bazara, gregario lan huraxe daukazu”, azaldu du txirrindulariak tropelean zuen bere egitekoari buruz.

1965ean, Bicicleta Eibarresa irabazi ondoren.

Elorza, ezkerrean, 1965ko Frantziako Tourrean.

Joaten zen tokira joanda ere, inoiz ez zen bakarrik sentitu Elorza. Herritarren eta inguruko herrietako txirrindulari zaleen babesa eta beroa bazter guztietan jasotzen zuen azkoitiarrak. “Herritar askok egiten zuen bidaia Frantziako mendietara ni animatzeko. Gehiago esango dizut: hemen inguruko jarraitzaileek aldapan gora lagundu egin nahi izaten zidaten, baina deskalifikatuko ninduten beldurrez nik ez nien uzten. Behin, gainera, lagun batek sekulako indarrarekin bultzatu ninduen; bultzada sekulakoa izan zen, eta pentsa, bizikletako aparatu bat ere eten egin zidan”, kontatu du barrez pasartea Elorzak. Jendearen beroa ez zuen soilik lasterketetan izaten Elorzak. “Orduko kamioi gidariek-eta asko animatzen ninduten errepidean entrenatzen ari nintzela ikusten nindutenean. Beste txirrindulari zale batzuk, berriz, beren herriko errepidearen bazterretan egoten ziren zain, ni beren herritik noiz pasako”, azaldu du. Atzerritik ere “gutun asko, ikaragarri” jasotakoa dela dio Elorzak. Azkoitiko txirrindulari gazte haren sinadurak nahi izaten zituzten atzerriko txirrindulari zaleek. Maitatuta zenik ezin ukatu, beraz.

Elorza, Donostiako Klasikoa amaitzen.

Maila horretan lehiatzeko entrenamendu eta kilometro asko egin behar izan zituen Elorzak errepidean. Hark azaldu duenez, ia egunero egiten zuen joan-etorriren bat herritik kanpora. “Hemen inguruan Azkarate gainera-eta joaten nintzen; Bizkaira eta Arabara ere itzuli asko egindakoa naiz, ordea. Joan eta joan, 90-100 kilometro inguru egin ohi nituen egunean entrenatzeko. Gozatu egiten nuen”, azaldu du.

Bizikletari utzi zionean, harategia jarri zuen martxan Maria Jesus Epelde bere emaztearekin batera. Urte askoan jardun zuten biek harategian lanean, erretiratu ziren arte. Bizikletan bezainbeste lan egin zuen harategian ere Elorzak, baina gogortasuna neurtzeko zalantzarik ez du izan: “Harategiko lana gogorragoa zen bizikletakoa baino”. Gaur egun txirrindularitza telebistaren eta prentsaren bitartez jarraitzen du. Garaiak aldatu diren bezala, txirrindularitza ere asko aldatu dela dio Elorzak. “Gaur egun txirrindulariei dena eginda ematen diete; ura behar badute ura ematen diete. Gure garaian, ordea, bizikletatik jaitsi eta geuk jardun behar izaten genuen uraren bila. Orain erraztasun gehiago dituzte”, azaldu du Elorzak.

Nahiz eta bizikleta gainera ez igo orain, Sebastian Elorzak oraindik ez du galdu hainbeste urtean harekiko izan duen harremana. Egunero ez bada ia egunero egin behar izaten die bisita bere etxeko gela batean txukun sailkatuta dituen txirrindularitza garaiko garaikurrei. Tiradera batean, berriz, txukun argazki zaharrak eta garai haietako egunkari orriak ditu gordeta. Tiradera barruko paperei “sarri” begiratzen diela aitortu du. “Ez dut txirrindularitzari lotu gabeko egunik, egunero egin behar izaten dut nire hartuemana txirrindularitzarekin. Ez zait ahaztu eta ezin naiz ahaztu bizikletarekin”.

Elorza, eskuinetik hirugarrena, Espinosa de los Monterosen, taldekideekin.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide