Erretratua

Juan Ramon Azpitarte 'Imuntzo': "Jostailuzko soinu txiki batekin ikasi nituen trikitiko lehen piezak"

Nerea Uranga 2020ko abu. 9a, 09:56
Gorka LarraƱagak Imuntzori egindako erretratua.

Txiki-txikitatik erakutsi zuen soinu txikia ikasteko nahia Juan Ramon Azpitarte Imuntzok (Azkoitia, 1969). Gaur egun ere, soinurik gabe ez du imajinatzen bere burua. Imuntzo eta Beloki trikitilari taldeko kidea eta soinu eta pandero irakaslea da egun.

Martiteko Umansoro baserrikoa da jaiotzez, hortik datorkio Imuntzo goitizena. "Umansoro da baserriaren izena, baina Imuntzo esan izan dugu beti guk, baita herritarrek ere", adierazi du. Jaiotetxea baino pixka bat goraxeago bizi da egun, Imuntzo etxean. Lehen soinu txikia 4 urterekin eskuratu zuen Imuntzok, jostailuzkoa. Eskolara hasi behar zuen, eta hara joatearen ordainetan soinua eskatzen omen zuen etxean. "Hala, oparitu zidaten soinu bat, baina jostailuzkoa". Soinu harekin lehen piezak artzain bati esker atera zituen mutil koskorrak: "Artzain bat egoten zen gure etxean negua pasatzen, eta hark soinu zahar bat zeukan. Askotan, kanpoan ardiak zaintzen zituen bitartean, soinua jotzen jarduten zuen. Ni harengana joaten nintzen jostailuzko soinuarekin, eta artzainak Santa Agedako kopla jo, eta nik atera egiten nuen belarriz. Horrela, Andre Madalen-eta ikasten joan nintzen pixkanaka". Etxean soinua jotzen zuen bere aurrekorik ez du gogoratzen Imuntzok, baina aitak panderoarekin lagundutako aldiak oroitzen ditu.

6 urterekin, berriz, musika ikasten hasi zen Imuntzo. Aurrena, akordeoiarekin, eta gero, soinu txikiarekin. Soinuko irakasleak Faustino Azpiazu Sakabi (1916-1995), Iñaki Garmendia Laja (1944-2019) eta Joakin Errasti Epelarre (1933- 2015) izan zituen: "Solfeoa eta akordeoia ikasten hasi nintzen, orduan ez zegoelako soinu txikia irakasten zuen irakaslerik. Beraz, 14 urtera arte akordeoia eta solfeoa ikasten jardun nuen akademia batean. Gero, musika ikasketekin jarraitzeko, soinua aldatu eta handiago bat ekarri beharra neukan. Ordurako, Sakabi trikitia erakusten hasia zen Azpeitian, eta soinu handia erosi beharrean, soinu txikia erosi eta Sakabirengana joan nintzen ikastera. Harekin urtebete ibili nintzen. Gero, Laja ere hasi zen soinua irakasten, eta harekin beste bi urtez jardun nuen instrumentuaren teknika ikasten; Laja beti izan zen maisu handia".

Epelarrerekin soinua ikasten ere ibili zen Imuntzo bolada batean. Gero, lehen kasetea eta biniloa haren semeetako batekin atera zituen, 1988. urtean. "Trikitiko lehenego bikotekidea izan zen Epelarre (Xabier Errasti). Epelarrek, baina, trikitia utzi egin zuen pilotan aritzeko; izan ere, gaueko ibilerak eta kirola ez ziren bateragarriak. Nire anaiak (Jesus Mari) ere bazekien panderoa jotzen, eta elkarrekin egin genituen erromeria batzuk".

30 urte Belokirekin

Imuntzoren trikiti ibilbideaz hitz egiterakoan ezin da falta Beloki. Azkoitiarrak 1991. urtetik osatzen du trikitilari bikotea Eleuterio Jauregi Belokirekin (Zaldibia, Gipuzkoa, 1956). 1991ko Euskadiko Trikiti Txapelketan bikotea osatuz parte hartu zuten Imuntzok eta Belokik, eta bigarren sailkatu ziren. Ordutik, uztarri berean aritu dira musikan eta plazarik plaza. lbilbide horren sekretua beren jarduna “esplotatzen ibili ez izana” dela dio Imuntzok. Zortzi disko atera dituzte Imuntzok eta Belokik. Hiru bat urtetik behin kaleratu izan dute lan berriren bat. "Talde asko goraka-goraka joan dira, eta gero beheraka-beheraka erori. Guk emanaldien bolada fuerte samarrak izan ditugu; ez estresatzerainoko modukoak, ordea. Ez gara erre. Taldean erritmo bat jarrita daukagu, eta neurri horretan ondo konpondu gara beti; jakin izan dugu itxoin behar denean egoten, eta egin behar denean ekiten. Uste dut hori inportantea dela elkarrekin irauteko", azaldu du Imuntzok.

Bikotea izatetik bost musikariko taldea osatzera igaro zen gero Imuntzo eta Beloki. Bateria, baxua eta gitarra bana erantsi zituzten taldera, horrek doinu berriak eta bertsioak egiteko aukera eskaini dio trikitilari bikoteari, Imuntzoren arabera. "Soinu txikia beste instrumentu batzuekin uztartzen hasi ginen, eta hori oso inportantea izan zen niretzako, uste baitut erritmoei beste ukitu bat ematen zaiela. Soinuarentzako eta panderoarentzako beste instrumentuak lagungarri dira, eta beste doinu batzuk jotzeko aukera ematen dute: mexikarrak, Louisianako kajun estilokoak, rock and rolla, bertsioak…".

Gauza berriak sortzea eta estilo desberdinak uztartzea gustuko du Imuntzok, baina gero, nahi ez bezalako emaitzak izaten direla dio. Adibide gisa Louisianara noa (1999) diskoa jarri du. "Lan hori izan zen gure disko puskatzaileena, biolinarekin-eta soinu banda gisa grabatu genuen, eta kajun estiloko kantu asko jaso genituen lan hartan. Baina gutxien saldu zen diskoa izan zen. Nahiz eta lanik handiena eman zigun diskoa izan, emaitza gutxiena ere hark eman zigun. Garbi dago: jendeak hasieratik era batera ezagutzen zaituenean, gero ez dizu onartzen aldatzea. Hori ez da gure kasua bakarrik izan, baita gehiagorena ere".

Hiru hamarkada hauetan egindako plazak ugariak izan dira. Batik bat Gipuzkoan barrena ibiltzen dira, baina hortik kanpo Bizkaian, Nafarroan Baztan aldean eta Ipar Euskal Herrian ere jo izan dute. "Auzoetan, herri txikietan eta handietan… toki askotan jo izan dugu. Bolada batean herri dezente handietan ere ibili ginen: Bergaran, Donostian, Barakaldon… Behin taldea boskote gisa osatu genuenean, plaza handiagoetara joateko aukera zabaldu zitzaigun". Euskal Herritik kanpo ere hainbat tokitan jo du Imuntzok: Parisen, Caracasen, Suitzan…

Trikiti irakaslea

Plazarik plaza soinu txikia jo bakarrik ez, instrumentu hori irakastea ere lanbide du Imuntzok. Azpeitiko, Zarauzko eta Zumarragako musika eskoletan eta Azpeitiko Ikastola Ikasberrin soinu txikia eta panderoa irakasten ditu.

Haurrei eta helduei trikitia erakustea erronka gisa hartzen du Imuntzok. "Umeei erakusten jartzea eta horiei gauzak nola egin behar diren ulertarazteko gaitasuna izatea erronka izaten da niretzako. Horrek satisfazio handia ematen dit".

Konfinamendu garaian irakasle gisa izandako esperientzia "berria" izan da Imuntzorentzako. "Beti erakutsi izan ditugu soinua nahiz panderoa ikaslea aurrean dugula, eta garai batean bezala, aurrez aurre jarrita. Konfinamenduan, baina, hori pantaila bidez egin behar izan dugu, eta askotan sortu zaizkigu arazoak: soinua ez dela ona, ordenagailuaren pantaila blokeatu egin dela… Nahiko gogorra izan da ikasturte bukaera hau".

 

Etxeko balkoia, agertoki

Telematikoki irakatsi bakarrik ez, etxeko ataritik herriko hainbat auzo ere girotu ditu itxialdian Imuntzok. Horretarako, bafle eta mikrofono bat jarri eta laupabost pieza jo dituzte egunero hainbat astetan. Horretan bidelagun izan ditu 12 eta 9 urteko seme-alabak, panderoarekin eta soinuarekin: Jakes eta Nahia.

"Martxoaren 19an, San Jose egunean, lanetik jai nuen, eta esan zuten egun horretan 20:00etan Txoriak txori kantatu behar zela etxeko balkoitik. Kantatu beharrean soinuarekin jotzea pentsatu genuen, eta seme-alabak ere laguntzeko prest azaldu ziren". Behin jotzen hasiz gero, pieza bat baino gehiago eskaini behar zituztela eta, bost prestatu zituzten. "Txaloak jotzea uztea erabaki zen igandearen aurreko ostegunean egin genuen gure azken saioa". Txoriak txorirekin hasi zutena Txoriak txorirekin bukatu zuten imuntzotarrek. Hurrengo egunean, berriz, kalera irteteko baimena emanda zegoela-eta "ostiraltxo" egitera atera ziren etxeko denak.

Motzean

  • Adina: 51 urte.
  • Ikasketak: solfeo eta harmonia ikasketak, eta akordeoiaren hiru urteko karrera.
  • Lanbidea: soinu jotzailea eta trikiti irakaslea.
  • Soinu jotzailea ez banintz… ez dut imajinatzen.
  • Lanetik ateratzean gogoko dut… familiarekin egotea, seme-alabekin jolastea eta emaztearekin pasiera egitea. Bizimodu normal-normala, besterik ez dut eskatzen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide