Bestaldetik

Reyes Azkoitia: "Galtzea ez dut gustuko, ez; ezertan ere ez, gainera"

Nerea Uranga 2020ko uzt. 25a, 10:00
Reyes Azkoitia.

Martirietakoa da sortzez, baina elosuarra sentitzen da Reyes Azkoitia. Kirolzale amorratua da; pilota eta futbola gustatzen zaizkio, batik bat. Konfinamendua hasi zenetik frontoira sartu gabe egon da hiru hilabetez. Hala ere, egunero etxeko garajean jardun du pilotan, "aspaldiko partez".

Bizi-bizia da Reyes Azkoitia (Azkoitia, 1952), baina eserita egoten ere badakiela dio. Koronabirusak eragindako egoerak "beldur pixka bat" sortu dio, eta inoiz ez bezala, kalera erosketak egitera irten eta gustura etxeratzen da: "Azkar etxeratzen naiz. Beldurra txarra dela esaten dute, baina errespetua ez dugu galdu behar". Martirietakoa da sortzez, bizitzaren zati handi bat Elosuan egiten du, eta beste zatia Bergaran. Martxoaren 13tik, hiru hilabetez, Bergarako pilotalekura sartu gabe egon da [elkarrizketa hau egitera sartu da itxialdiaren ondoren aurreneko aldiz, ekainaren 18an]. Dena den, aspaldiko partez pilotan egin du: "Etxeko garajean jardun dut, baita oraindik ere", dio. Pilotaria izandakoa, pilotazale amorratua, pilotako entrenatzailea, futbolzalea, bertsozalea eta mendizalea da Azkoitia. Horiez guztiez gainera, etxekoen jarraitzaile amorratua da..

Sortzez Martirietako Urtiaga Handi baserrikoa zara, zazpi anai-arrebetan seigarrena eta emakume bakarra.

Beti esaten dugu zazpi anai-arreba ginela, baina bederatzi ginen benetan. Bi txikienak hil egin ziren oso-oso txikiak zirela: bata, sei egunekin, eta sei hilabeterekin, bestea. Azken hori neskatila zen, gainera. Hartaz akordatzen naiz, zaindu egiten nuelako. Orain, berriz, anaietatik bi hilda ditut, eta zazpi anai-arrebetatik bost bizi gara.

Nolako haurtzaroa izan zenuen?

Gure haurtzaroa lana eta lana zen. Otarre arto aletu behar izaten genuen baserrian eskolara Martirietara joan aurretik, eta handik etxera bueltan berriro ekin behar izaten genien baserriko lanei. Eskolatik irten eta Martirietako frontoian pilotan egitea nahi izaten genuen, baina ezin. Duela ez denbora asko, umetan guk zer egiten genuen galdetu zidan 9 urteko biloba batek. "Txikitan guk? Lana eta lana. Eskolara joan eta handik bueltan behiak zaintzera, ganadu jatekoaren bila edota itulara joaten ginen", erantzun nion. "Hori da kaka!", esan zidan. Hala esan nion segidan: "Xabat, guk hamar minutu harrapatzen genituenean jolaserako ikaragarria izaten zen. Zuek, berriz, beti zerbait falta izaten duzue, inoiz ez zaudete pozik". Pentsakor gelditu zen. Gure baserrian dena lana zen. Garai hartan aitak lana agintzen zigun, baina bera zen beti aurrena prestatzen zena lanerako.

Arrasaten, sanjoanetako partida jokatzeko prest.

Hala ere, jolaserako tartea nondik aterako ibiliko zinen, ezta?

Gure jaiotetxetik behera Errezola baserria dago, eta han zegoen soro batean aritzen ginen lanean askotan, belarretara astoarekin joanda eta. Baserri hartako goiko solairuan bizikleta bat egoten zen, eta guk etxera abiatu aurretik, bizikleta hartan buelta batzuk ematea nahi izaten genuen. Behin, bizikletan nenbilela, sabaitik zintzilik zeuden soka mehe-mehe batzuetako bat katigatu zitzaidan kokots azpian, eten zen arte. Lepoan arrastoa gelditu zitzaidan, baina gertaeraz ezin ezer esan etxekoei. Horregatik, lepoa larreak urratu zidala esan nuen etxean. Hala ere, konfiantza handia nuen anaietako bati egia kontatu nion, eta hark isilik gorde zuen nik esandakoa. Hurrengo egunean, goizean esne partitzera kalera joan eta esnea eman nion lehen andreak hala esan zidan: “Reyes, sokatik zintzilik egon al zara?”. Jolaserako denbora noiz harrapatuko ibiltzen ginen beti. 11 urterekin hasi nintzen kalera jaisten esnea partitzera; batzuetan hamar litroko marmita hartu eta laugarren solairura ere igo behar izaten nuen.

Noiz utzi zenuen eskola?

13 urterekin. Gero, Kanpaina jostunarekin josten ikasten hasi nintzen, eta ondoren, urtebete zerbitzatzen egin nuen Antianekoen etxean. Garai hartan, bazkalondoan, siestako orduan, Kontzejupean pilotan aritzen zirenei begira egoten nintzen balkoitik. Zenbat jende ibiltzen zen pilotan lanera joan aurretik! 20 urterekin ezkondu nintzen, eta bizitzera Bergarara joan ginen.

Azkoitian, Joane bilobak futbolean kopako finala jokatu zuenean eta Nahia bilobarekin.

Nondik nora da Reyes Azkoitia pilotaria?

Eskolako garaian lagunekin beti pilotan ibiltzen nintzen Martirietan. 13 urterekin, ordea, eskolarekin batera utzi egin nuen pilota ere. Senarra Elosuako baserri batekoa da, eta hura kale-kalekoa izango balitz, ni ez ni nintzateke pilotaria izango. Izan ere, seme-alabak izan genituenean asteburuero joaten ginen Elosuara, eta hango frontoian aritzen nintzen umeekin pilotan. Alaba txikiena jaiotzeko zegoela ekin nion berriro pilotari; zazpi hilabeteko haurdun nengoela pilotan jardundakoa naiz Elosuan. Hiru seme-alaba dauzkat, lau urteren barruan jaiotakoak, ia urtean-urtean bat. Alaba zaharrenak 47 urte ditu, eta gazteenak 44 egiteko. Erdikoa, berriz, mutila da. Bilobak zazpi ditut, eta zaharrenak 16 urte ditu; gazteenak, berriz, 5 urte. Bilobetako batek Down sindromea du, eta hura dugu etxeko printzesa; zenbat aldiz esaten didan berak, "zu zara onena, amama!". Biloba guztiek bizipoz ederra ematen didate! Azkenean, oso nireak sentitzen ditut denak.

Bilobekin gozatzen duzu, beraz?

Ni ez naiz izan inoiz bilobei paga eta gozokiak ematekoa, hori garbi eduki dut beti, baina asko jolastu izan dut haiekin. Biloba zaharrenak 12 urte zituenean, hala esaten zidan: "Amama, zu ez zara nire lagunen amama bezalakoa". Oso gustura ibiltzen naiz ni bilobekin.

Elosuan heldu zenion berriro pilotari. Auzo horrekin lotura berezia duzu, ezta?

Elosuarra sentitzen naiz. Bizitza Elosuan egiten dugu, asteburuetan han izaten gara beti; igandero joaten gara afaltzera. Senarraren Elosuako kuadrillako askok ere azkoitiarrak dituzte emazteak; bost-sei azkoitiarrak gara kuadrillan. Lehen larunbatetan ere joaten ginen Elosuara, baina han ere giroa asko galdu da orain. Elosuako festak eta azoka antolatzen ere parte hartzen dugu, lanerako jende asko behar izaten delako. Martirietan baino bizitza gehiago egin dut Elosuan. Atera kontua, 20 urterekin joan nintzen Azkoititik eta orain 68 urte dauzkat.

Bergarako Pilota Elkartean makina bat lan egindakoa zara. Nolatan hasi zinen elkartean?

Semeak 4 urte zituenerako pilotan ederki moldatzen zen, eta bera pilota eskolan sartu zenean, harekin ibiltzen nintzen frontoitik frontoira. Gero, pilota elkarteko zuzendaritza batzordean sartu eta pilotari gazteak entrenatzen hasi nintzen.

Pilota elkartean urte asko egin zenituen?

30 urte egin nituen Bergarako Pilota Elkarteko zuzendaritza batzordean; orain dela bi urte utzi nuen zeregin hori. Batik bat pilotari gaztetxoak entrenatzen ibili nintzen. Zortzi lagun ginen pilota elkarteko zuzendaritza batzordean, eta ia guztiok elkarrekin sartu eta irten ginen batzordetik. Ni beti harro sentitu izan naiz pilota klubean eduki dugun giro onaz. Uste dut giro onean jardutea inportantea dela, bestela ez dira horrenbeste urte egiten toki batean sosik kobratu gabe. Gainera, elkartean gure lekukoa hartu dutenez ere oso harro nago. Gaur egun elkarteko lehendakaria Julen Aranburu da; Azkoitian bizi da bera. Gogo handiarekin ari dira lanean, eta gugandik jasotakoa azaltzen eta eskertzen dute behin eta berriro.

Pilota elkartea utzita, baina pilotari gazteak jarraitzen dituzu.

Bai, joan den martxoaren 13ra arteko entrenamendu denak ikusi nituen. Lagunekin kafea hartzera edota pintxo-potera joan aurretik, beti frontoira joaten nintzen gazteen entrenamenduak ikustera. Konfinamendua bukatuta, hasi dira berriro pilotan entrenatzen, baina oraindik ez naiz ausartu haiek ikustera joaten. Erosketak egitera Bergarara jaisten naiz, eta kalean geratu gabe itzultzen naiz etxera orain. Ez nuen inoiz pentsatuko kaletik etxera hain pozik eta azkar joango nintzenik. Dena den, pentsatzen dut hasiko naizela berriro frontoira joaten.

Pilotari, entrenatzaile eta epaile ibili zara. Pilotalekuetan zerbait egin gabe gelditu al zaizu?

Mopa ere pasatu izan dut noiz edo noiz, baina gutxitan. Epaile lana izan da gutxiena egitea gustatu izan zaidana frontoietan. Klubean epaile bat izanda, pilota federazioak ordaindu egiten zion elkarteari; alegia, klubari ez zion kobratzen epailearen lana. Pilota elkartea ahalik eta aberatsena izateko hartu nuen nik epailearen lana. Etxean jokatzen genituen partidetan ez nuen nahi izaten epaile izatea; ez nuen gustuko neuk entrenatutako pilotariekin epaile jardutea. Tentsio batean jarduten nuen zeregin horretan, eta azkenerako epaile jarduteko baimena ez berritzea erabaki nuen.

66 urterekin, Emakume Master Cupen.

66 urterekin parte hartu zenuen Emakume Master Cup txapelketan. Nolatan?

Hori abentura bat izan zen, zorakeria. Emakume Master Cup antolatzen duen Iker Lamarikarekin harreman handia daukat, eta hark eskatu zidan entrenatzeko eta txapelketan izena emateko. 66 urte nituela eta nola egingo nuen hori erantzun nion. Hark niri, berriz, zer esan zidan: “Zuk pilotan jarduteko ez daukazu besteek hainbeste antxintxika egin beharrik”. Irail hartan, Gasteizko Zaramaga auzoko beteranoen pilota txapelketan parte hartzeko eskatu zidaten, Alaitz Badiolarekin bikotea osatuta. Jokatu nuen txapelketa, eta ni izan nintzen beterano bakarra, beste pilotari guztiak gazteak ziren. Lamarikak ikusi egin zuen txapelketa hura; beraz, Master Cuperako ezin nion ezezkoa eman. Hala, animatu egin nintzen parte hartzera, baita alaba gazteena ere. Banakako eta binakako txapelketetan aritu ginen. Banakakoan, ez nuen inondik inora espero lehenengo kanporaketa pasatuko nuenik ere, baina hiru jokatu nituen. Binakako lehia, berriz, alabarekin bikotea osatuta jokatu nuen. Kasu horretan, bi kanporaketa jokatu genituen. Alabarekin jokatu izanaz oso harro nago, eta oso oroitzapen onak gordetzen ditut. Familia guztiak jarraitu gintuen batera eta bestera, eta polita izan zen. Egur ederra hartu nuen partidetan!

Orain, berriz, telebistako 'Plazandreak' saioan parte hartuko duzu.

Egia esateko, ezetz esateko aukerarik ere ez didate eman saioan. Kasu honetan ere Iker Lamarikak deitu zidan pilota entrenatzaile gisa aritzeko proposatuz, bizitza guztian horretan jardun dudala eta. Oraingoan ere ezetz ezin esan. Plazandreak saioan lau talde ariko gara, eta talde bakoitza hiru pilotarik eta entrenatzaile batek osatutakoa izango da. Denok elkarren kontra jokatuko dugu, eta ostegunetan izango ditugu pilota partidak.

Hiru hilabeteko itxialdian, faltan sumatu al duzu pilota?

Konfinamendua hasi zenean, izugarrizko egonezina sartu zitzaidan frontoira ezingo nuela joan pentsatuta bakarrik. Gero, ordea, albisteak entzundakoan beldurra sentitu nuen, eta batere ez dut faltan sumatu frontoira joatea. Itxialdian etxeko garajean ibili naiz pilotan, eta etxe atarian bueltaka ordubete egiten nuen oinez. Egunero hogei bat minutuz jardun dut pilotan garajean: aurrena bilobarekin aritzen nintzen; gero, hura aspertu eta bakarrik jarduten nuen. Nolabait denbora pasatu beharra zegoen orduan. Garajean pilotan jokatzen segitzen dut oraindik.

Bergarako jaietan zezenak ikusten, Jaxone alabarekin eta Ametz, Nahia, Xabat, Beñat, Telmo eta Enara bilobekin.

Pilotaz gain, zer duzu gustuko?

Futbola asko gustatzen zait. Semeak 14 urte zituenean harekin eta beste hainbat gazterekin futbolean jokatzen nuen. Martirietara joaten ginenean, berriz, zelai bat zegoen Munokoan, eta hara joaten ginen futbolean ibiltzera. Bergaran nesken futbol taldea atera zutenean, taldeko aurreneko jokalarietako bi nire alabak izan ziren. Asko gustatzen zitzaidan futbolean jokatzea; oso borrokalaria nintzen.

Jarraitzen al duzu futboleko talderen bat?

Realzalea naiz ni. Azken urtebetean, ordea, ezin izaten naiz Reala ikusten egon; bihotz taupadak abiada batean hasten zaizkit, egonezina sartzen zait. Autoan noala, irratian Realaren partida bat zuzenean ematen ari badira, kendu eta trikitia jartzen dut. Askotan, partida noiz bukatuko orduari adi egoten naiz, Realak zer egin duen jakiteko. Zuzenean, baina, ezin ditut jarraitu Realaren partidak.

Etxean ere kirolzaleak dituzu, eta zu haien jarraitzaile sutsua zara, ezta?

Semea pilotan eta alabak futbolean ibilitakoak dira, eta niretzako beste eginbehar guztien gainetik zegoen haiek ikustera joatea. Orain, berriz, bilobak jokatzen ikustera joaten naiz. Kirola gustatzen zait, eta etxekoen jarraitzaile sutsua naiz. Bertsozalea ere bazara. Bai, bertsoak idaztea eta kantatzea ikaragarri gustatzen zait. Bergararekin Gipuzkoako Herriarteko Pilota Txapelketa irabazi genuenean ere bertso bat egin nuen, eta Bergarako udaletxeko balkoitik abestu nuen.

Beste zaletasunik?

Elosuan elkartzen garenean kartetan jokatzea gustatzen zait: musean, tutean…

Galtzea, baina, ez zaizu batere gustatzen.

Galtzea ez dut gustuko, ez; ezertan ere ez, gainera. Pilota eskolako arduraduna nintzenean, pilotari gazteei beti esaten nien biren arteko partida batean batek galdu eta besteak irabazi egin behar zuela. Horregatik, inportanteena ahalik eta ondoen jokatzen saiatzea zela adierazten nien. Pilotari gazteei hori erakusten ahalegindu naiz, baina nik bizitzan egiten dudana bestelakoa da. Bilobetako bat oso azkarra da, eta harekin kartetan ari naizenean, irabaztearren haren kartak ikusten-eta dena saiatzen naiz.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide