Soroslea

Nagore Orbea: "Lan eginez asko ikasten den ogibidea da sorosleona"

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 19a, 10:11
Nagore Orbea.

Ekainaren 15ean ireki zituzten Ugarte Igarango igerilekuak, eta uda honetan hango sorosleetako bat izango da Nagore Orbea (Azkoitia, 1999). Txikitatik igerilekuan ibilitakoa da, eta etxetik jaso du sorosle ofizioari heltzeko bultzada. Birusaren eraginez denboraldi berezia izango den arren, lanerako gogotsu dago.

Nolatan animatu zara sorosle lanetan aritzera?

Igerian urte askoan ibilitakoa naiz, eta sorosleak ikusten nituen igerilekuan; betidanik gustatu izan zait haien lana. Bestalde, etxekoek ere eduki dute eragina: ama igerilekuko monitorea eta aita soroslea izanak dira urte askoan. Gainera, iaz Gorputz eta Kirol Ekintzen Sustapeneko goi mailako zikloa amaitu nuen, eta ikasketak gainditzeko nahitaez atera behar izan dut uretako sorospen titulua. Hasieran atzerakada ematen zidan ikastaro horrek, baina gerora gustatu egin zitzaidan. Atsegin dut jendeari laguntzea; asko betetzen nau. Eta lan eginez asko ikasten den ogibidea da.

Zergatik diozu ikastaroak atzerakada ematen zizula hasieran?

Oso urduria naiz, eta zenbait egoerari aurre egiteko ez nintzela gai izango pentsatzen nuen. Baina ikasi dut gauzak lasai hartuta eta albokoari lasaitasun hori transmitituta, ondo joan daitezkeela.

Zer esperientzia duzu sorosle lanetan?

Iazko udan Ugarte Igarango igerilekuetako sorosle izan nintzen, eta aurten aurtengoa bertan egingo dudan bigarren aldia izango da. Horretaz gain, batzuetan, Elkarguneko igerilekuan ere aritzen naiz sorosle lanetan; ordezkapenak egiteko deitzen didate.

Eta non lan egitea nahiago, estali gabeko igerilekuan edo estalitakoan?

Aukeran, nahiago estali gabekoan. Lan egiteko modua ezberdina da. Elkargunera joaten den herritarren gehiengoak jakin ohi du igeri egiten, eta, beraz, lana aspergarriagoa izateaz gain, nahiko luzea egiten da lanaldia. Aldiz, kanpoko igerilekuan lan egitea eramangarriagoa da, atseginagoa: eguraldi ona egiten badu, ezagun asko joaten dira, eta haiekin pixka bat hitz eginez edo umeei kasu eginez, gusturago egiten dut lana.

Arau hausterik egoten al da igerilekuan?

10-14 urte bitarteko gaztetxoek egiten digute kasu gutxien: “ez egin jauzi igerilekura”, “txirristatik ezin da atzeraka jaitsi” eta horrelako aginduak behin eta berriz ematen aritu behar izaten dugu. Bestalde, 14 urtetik beherako haurrek ere heldu batekin –aurten, etxeko batekin– lagunduta joan behar dute igerileku handira. 7 bat urteko haurrak igerilekuan bakarrik egoten dira batzuetan, eta agian gurasoek pentsatuko dute sorosleon lana dela haur horien zaintza, baina, ez da horrela. Zerbait gertatutakoan laguntzea da gure egitekoa.

Aurtengoa denboraldi berezia izango da igerilekuan. Sorosleok nolako neurriak hartuko dituzue?

Bai, hala da. Esaterako, ohikoa den bezala, haur bat artatu beharko bagenu hanka azpian zauri bat egin duelako, sorosleok maskara eta eskularruak jantzi behar ditugu, eta haurrari ere maskara ipini behar diogu. Salbuespena arnas estuarekin daudenean bakarrik egingo da, kasu horretan ez delako mesedegarria izango maskararen erabilera. Sorosleok, ordea, edozeinengana gerturatu behar dugun aldiro eraman beharko dugu maskara.

Eta ahoz ahokoa egitea tokatzen bada?

Ohiko Bihotz Biriketako Suspertze (BBS) teknikak erabilita 30 konpresio eta bi ahoz ahoko egin behar izaten ditugu. Egoera honetan, ordea, babes neurriekin egin beharko ditugu ahoz ahokoak.

Aurtengoa bezalako uda batean sorosle egon beharrak kezkak sortzen al dizkizu?

Zenbait egoeratan gauzak ohi bezala ez egiteagatik zerbait larria gertatuko balitz, kezka baino gehiago amorrua emango lidakeela uste dut. Baina, gainerakoan, ez dut kezkarik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide