Urola Erdiko ondarea ezagutzeko bisita gidatuak eta ibilaldiak, Ezkutuko Altxorrak programaren udako eskaintzan

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 14a, 11:19
Balda dorretxea, Balda plazatik.

Larunbatean egingo dute aurreneko irteera, eta irailaren 20an izango da azkena. Guztira, hemezortzi irteera edo txango antolatu dituzte. Bisita gidatuez gain, aurtengo udan Inaziotar Bideko aurreneko hiru etapak egingo dituzte uda sasoirako prestatu duten Ezkutuko Altxorrak programaren barruan.

Ezohiko uda izango da aurtengoa, eta ezohiko eskaintzarekin dator Ezkutuko Altxorrak, Iraurgi Berritzen garapen agentziak Loiolako Turismo Bulegoaren bidez kudeatzen duen bisita gidatuen programaren udako edizioa. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, COVID-19ak sortu duen "egoerara moldatu" dute udako eskaintza. Hori dela eta, bisita eta jarduera ia gehienak aire librean egingo dituzte. Jardueretara animatzen diren parte hartzaileek segurtasun protokoloak bete beharko dituzte, eta bakoitzak norbere maskara eraman beharko du ekintzetara. Aforoak kontrolatu egingo dituzte, eta bisitako edo irteerako, gehienez, hamabost lagunek hartu ahal izango dute parte.  

Zapatuan, uztailak 18an, ekingo diote Ezkutuko Altxorrak programaren udako edizioari, eta irailaren 20an emango diote amaiera. Bitarte horretan, guztira, 18 bisita gidatu eta irteera egitea aurreikusten dute antolatzaileek. Aurreratu dutenez, bisita gidatuak Aizarnazabalen, Azkoitian, Azpeitian eta Zestoan egingo dituzte, eta parte hartzaileek herri horietako ondare kulturala eta historikoa ezagutzeko aukera izango dute.

Bisita gidatuez gain, aurtengo udan Inaziotar Bideko aurreneko hiru etapak egingo dituzte uda sasoirako prestatu duten Ezkutuko Altxorrak programaren barruan.  

Bi helburu nagusirekin antolatu dute udako Ezkutuko Altxorrak edizioa: bertako eskaintza turistikoa sortzeko nahiz barne turismoa sustatzeko eta tokiko ondare historiko kulturalaren eta naturalaren gaineko sentzibilizazioa bultzatzeko.

Urola Erdiko bisitetan parte hartzeko aurrez izena ematea gomendatzen dute egitasmoaren sustatzaileek, 943-15 18 78 telefonora (Loiolako informazio bulegoa) deituta edo info@tierraignaciana.com helbidera idatzita.

Hiru eskaintza Azkoitian 

Azkoitian hiru ekintza egingo dituzte Ezkutuko Altxorrak programari lotuta. Uztailaren 26an eta irailaren 20an, 12:00etan, 'Jauregi eta dorretxeen artean' bisita gidatua egiteko aukera egongo da. Azkoitian dauden dorretxeak, jauregiak, elizak eta bestelako eraikinak ezagutzeko aukera egongo da, besteak beste, Balda Dorretxea, Idiakez Dorretxea eta Amabirjinaren jasokundeko parrokia... XVI. mendeko kontuak ezagutzeko aukera eskainiko dute bisita gidatuan. 

Abuztuaren 5ean, 10:00etan, 'Ibilbide historikoa, Baldatik Loiolara' izeneko ibilbidea egingo dute. Aitz-goiti eta Aitz-beiti, Iraurgi bailararen sorrera, historia, paisaia eta kultura ezagutzeko aukera egongo da. Balda dorretxetik abiatuta Loiolako Santutegira egingo dute ibilbidea. 

Abuztuaren 9an, 10:00etan, 'Xoxoteko Inazio, bailarako zaindaria. Aittola-Xoxote' ibilbidea egingo dute. Aittolako zelaietatik abiatuta Xoxotera egingo dute bidaia, mendi horiek ezkutatzen dituzten balio naturalak eta etnografikoak ezagutzeko.

Ezkutuko Altxorrak, bisita gidatuak:

  • Uztailak 18, larunbata. Aizarnazabalen, 11:00etan. San Cristobal ermitaren bi kilometroko ibilbidea.
  • Uztailak 19, igandea. Zestoan, 11:00etan. Zestoako hiribildua XVI. mendean eta Lili jauregia.
  • Uztailak 25, larunbata. Azpeitian, 12:00etan. Azpeitia XVI. mendean.
  • Uztailak 26, igandea. Azkoitian, 12:00etan. Jauregi eta dorretxe artean.
  • Abuztuak 5, asteazkena. Azkoitia-Loiola, 10:00etan. Baldatik Loiolara ibilbide historikoa, Loiolakoaren eraginpean.
  • Abuztuak 8, larunbata. Loiola-Azpeitian, 10:00etan. Loiolatik Madalenara ibilbide historikoa, Loiolakoaren eraginpean.
  • Abuztuak 9, igandea. Izarraitzen, Aittolatik irtenda, 10:00etan. Xoxoteko Inazio, bailarako zaindaria.
  • Abuztuak 15, larunbata. Loiolan, 12:00etan. Iñigoren Loiola.
  • Abuztuak 22, larunbata. Aizarna-Santa Engrazin, 11:00etan. Aizarnako antzinako herrixkak.
  • Abuztuak 29, larunbata. Zestoan, 12:00etan. Zestoa hiriburu termala.
  • Abuztuak 30, igandea. Azpeitian, 11:00etan. Loiolako Inazio 1535ko Azpeitian: Madalena-Lasao.
  • Irailak 12, larunbata. Loiolan, 12:00etan. Iñigoren Loiola.
  • Irailak 13, igandea. Azkoitian, 12:00etan, Azkoitiaren sorrera historian zehar.
  • Irailak 19, larunbata. Azpeitian, 12:00etan. Azpeitia XVI. mendean.
  • Irailak 20, igandea. Azkoitian, 12:00etan. Jauregi eta dorretxe artean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide