Joseba Beristain musikagilea, World Soundtrack Public Choice Award sariketako hautagaien artean

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 13a, 17:19

World Soundtrack akademiak munduko hainbat txokotako musikagileek sortutako 65 soinu banda aukeratu ditu sariketarako. Horien artean da musikagile azkoitiarrak Elkano, lehen mundu bira filmerako sortutako soinu banda. Beristainek pozik hartu du berria, hautagaien zerrendan "mundu mailan oso-oso ezagunak" diren musikagileak baitaude. 

World Soundtrack akademiak antolatutako World Soundtrack Awards sariketako hautagaien artean da Joseba Beristain azkoitiarra. World Soundtrack akademiak munduko hainbat txokotako musikagileen soinu bandak saritzen ditu, eta aurtengo hautagaien zerrendan da Beristainek Elkano, lehen mundu bira filmerako sortutako soinu banda.

Beristainek azaldu duenez, bi sari ematen ditu World Soundtrack akademiak: "Alde batetik, sariketako epaimahaiak sariak ematen ditu, eta bestaldetik, paraleloki, ikus-entzuleek aukeratzen dute sariduna. Horretarako, mundu mailako 65 soinu bandako zerrenda bat osatu dute, eta tartean dago nik Elkano, lehen mundu bira filmerako egindakoa. Jendeak botoa eman aurretik soinu banda entzuteko aukera dauka". Ikus-entzuleen saria World Soundtrack Public Choice Award da, eta lotura honetan eman daiteke botoa.

65 soinu banda horien zerrendan "mundu mailan oso-oso ezagunak" diren musikagileak daudela azpimarratu du azkoitiarrak, hala nola John Powell, John Willians, Michael Giacchino eta Thomas Newman, baina horren ezagunak ez direnak ere badaudela adierazi du: "Ni bezalako beste batzuen lanak ere badaude zerrendan, mundu mailan ez garenak ezagunak, alegia".

Sariketarako hautatutako 65 soinu banda horietatik, jendeak emandako botoei esker, bost finalista aukeratuko dituzte. Azkoitiko musikagileak zaila ikusten du finalera sailkatzea: "Horren musikagile onak eta entzutetsuak egonda, oso zaila izango da bost horien artean egotea". Hala ere, Beristain pozik agertu da bere lana sariketarako hautatu dutelako. "Zerrenda horretan egoteak poza ematen du, horrek esan nahi duelako bateren batek nik egindako lana aitortu duela. Gainera, aurrez aipatutako izen horien artean nirea egoteak animoa eta poza ematen du. Pentsa, Alejandro Amenabar ere zerrendan dago, nire txikitako idoloa da hori", adierazi du. Gainera, sariketako hautagaien zerrendan egoteak oihartzuna izateko balio dezakeela pentsatzen du azkoitiarrak: "World Soundtrack akademiak osatutakoa mundu mailako zerrenda bat da, eta horrek egindako lanak oihartzun izateko balio dezake. Balio dezake hemen ere horrelako lanak egiten dituen jendea badagoela ikusarazteko".

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide