Finaletik kanpo gelditu da Iban Larrañaga

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 13a, 12:15
Iban Larrañaga. (Argazkia: Oriamendi2010)

Erremontista azkoitiarrak ez zuen lortu hilaren 5ean Urriza eta Zubiriren aurka jokatutako partidako emaitza errepikatzerik, eta ondorioz, Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketatik kanpo gelditu da.

Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra Galarretaren 50. Urteurrenaren Txapelketako finalera sartzeko atarian gelditu da. Joan den zapatuan, uztailak 11, 35 eta 28 galdu zuten Larrañagak eta Ansa II.ak Urriza eta Zubiriren aurka, eta ondorioz bigarren bikoteak lortu du finalerako sailkapena.

2 eta 8 aurreratu ziren Urriza eta Zubiri, baina Ansa II.ak eta Larrañagak markagailuari buelta ematea lortu zuten, 12 eta 11 aurretik jartzeko. Urrizak eta Zubirik, ordea, berriz ere markagailuan ihes egitea lortu zuten, 14 eta 20 zein 18 eta 25 aurretik jarriz. Gerora, ordea, Ansa II.a atzean min egiten hasi zen eta Larrañagak sakearekin asmatuta, 28 eta 29 jarri ziren.

Ordutik aurrera, ordea, tanto guztiak Urriza eta Zubiriren aldera erori ziren, eta horiek lortu zuten sailkapena. Finala datorren zapatuan, uztailak 18, jokatuko dute Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekuan Juanenea eta Endikaren aurka. ETB1ek zuzenean eskainiko du partida.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide