Bederatzi klub eta 11 talde lehiatuko dira XXXVIII. Azkoitia Hiria xake txapelketan

Mailo Oiarzabal 2020ko uzt. 13a, 11:25
Aurten ez da hain jendetsua izango Azkoitia Hiria xake txapelketa. (Anaitasuna Kakute)

Igande honetan jokatuko da, Kontzejupen, 10:00etan hasita, eta Anaitasuna Kakute taldeak "dena prest" dauka COVID-19a dela-eta "inoizko bitxiena" izango den ediziorako. Bestetik, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren azken bi jardunaldiak bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Xake Federazioak.

Anaitasuna Kakute xake taldeak "dena prest" dauka datorren igandean Kontzejupen jokatuko den XXXVIII. Azkoitia Hiria xake txapelketarako. 10:00etan hasiko dira neurketak eta bederatzi klubetako 11 talde lehiatuko dira txapelketan: Hondarribia, Gros, Martintxo, Xaputarrak, Billabona, Santurtzi, Zornotza eta Barakaldo klubetako talde bana eta Anaitasuna Kakuteko hiru talde.

Ezohiko egoeran dator Azkoitia Hiria txapelketaren 38. edizioa. COVID-19a dela eta, buruhauste bat baino gehiago izan dituzte antolatzaileek. Ohi baino parte-hartze murritzagoarekin eta hainbat segurtasun neurri hartuta, ordea, lortu dute aurrera ateratzea, aurtengo hitzordua "inoizko bitxiena" izango dela aitortu duten arren. Azkoitiko klubaren zuzendaritzak azaldu ditu igandean beteko dituzten segurtasun eta babes neurriak: kirolari guztiak maskara jantzita eta gel hidroalkoholikoak eskura dituztela aritu beharko dira, eta horrez gain, antolatzaileek taulak, piezak eta erlojuak alkoholarekin garbituko dituzte txanda batetik bestera. "Bitartekoak ipintzea ez da nahikoa, arduratsuak izan behar gara", oroitarazi dute antolatzaileek, ezarritako neurriak zuzen betetzearen garrantzia azpimarratzeko. "Xakean berriro aurrez aurre jokatzeko gogo izugarria" sumatzen dute Anaitasuna Kakutekoek eta igandean "ikuskizun bikainaz" gozatzeko pronto daude. Gainera, aurten ere Joxe Azkue bazkide eta presidenteorde zena omenduko dute azkoitiarrek, haren heriotzaren urtemuga gogoratuz.

Gipuzkoako Taldekako Txapelketa, bertan behera

Koronabirusak dena eten aurretik, Gipuzkoako Taldekako Txapelketa-Kutxa Ligan murgilduta zebiltzan Anaitasuna Kakuteko xakelariak. Hain zuzen ere, bi jardunaldi falta ziren txapelketa osatzeko, baina horiek berreskuratu gabe txapelketa bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Xake Federazioak. Anaitasuna Kakutek azaldu duenez, hainbat klubek zailtasunak izan dituzte COVID-19aren aurrean hartu beharreko neurriak ezartzeko, eta horregatik erabaki du federazioak txapelketa bertan behera uztea.

Horrenbestez, bederatzigarren sailkatu da Anaitasuna Kakute aurtengo taldekako txapelketan; jaitsierako postuetatik salbu, beraz, baina hala ere, ezohiko txapelketa amaiera kontuan hartuta, jaitsierarik ez da izango denboraldi honetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide