EAJ nagusi Azkoitian, Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 12a, 21:52

Eusko Legebiltzarrerako bozak izan dira gaur, uztailak 12, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta dagoeneko hasi dira herriz herriko datuak ematen. Azkoitian EAJk irabazi ditu hauteskundeak, botoen %43,82 eskuratuta. Bigarren indarra, berriz, EH Bildu izan da, bozen %41,07 batuta.

8.493 herritar zeuden hauteslekuetara deituta gaurkoan, eta, guztira, %58,13 izan da Azkoitiko parte hartze datua. 2.139 boto jaso ditu EAJk. Bigarren bozkatuena EH Bildu izan da, aurrena baino 134 boz gutxiagorekin, 2.005 botorekin. Hirugarren indarra PSE-EE izan da 368 boto eskuratuta. Laugarren bozkatuena Elkarrekin Podemos-IU izan da, 178 boto jasota. PP-Ciudadanosek 88 boto eskuratu ditu, eta Voxek 39 boz batu ditu. Equo Berdeak 30 boto, Pacmak 13, Aulki Zuriak 9, Alderdi Libertarioak 6, Recortes Cero-Grupo Verdek 3, Euskadiren Aldeko Libreak 2 eta Bidezko Mundurantzeak 1 boto jaso dituzte.

2016an egin ziren azkenengoz Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak, eta orduko hartan ere EAJ izan zen nagusi. Bigarren indarra EH Bildu izan zen Azkoitian, EAJrekiko 575 botoren aldearekin. Gaurkoan bi alderdi horien arteko aldea txikiagoa izan da; 134 botoren aldea izan da jeltzaleen eta koalizio abertzaleko kideen artean. Hona hemen hauteskundeen alderaketa grafikoan:

EAJ gailendu da

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan EAJ izan da alderdi bozkatuena, eta beraz, jeltzaleek irabazi dituzte bozak; 31 legebiltzarkide lortu ditu EAJk, orain dela lau urte baino hiru ordezkari gehiago. Botoen %39,12 jaso dituzte jeltzaleek, baina 48.000 boto galdu ditu.

EH Bildu izan da bigarren indarra, 22 legebiltzarkide eskuratu ditu koalizioak. Inoizko emaitzik onenak eskuratu ditu EH Bilduk; botoen %27,84 eskuratu ditu. PSE-EEk hamar legebiltzarkide lortu ditu, eta Elkarrekin Podemosek sei. PP-CSk bost ordezkari lortu ditu, eta Voxek bat.

Gaurkoan parte-hartze datuaren beherakada nabarmentzekoa izan da: %47,1 izan da abstentzioa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide