YOUTUBERRA

Iban Garcia: "Nire bigarren unibertsitate bat bezala izan da 'Gure Kasa' saioa"

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 11a, 18:03
Iban Garcia, 'Gure kasa' saioko azken programan.

Youtuberra da Iban Garcia (Azkoitia, 1999), eta ETB1eko Gure kasa saioan aritu da lanean azken hiru urte hauetan. Programa hori amaitu berri da, eta irailetik aurrera beste proiektu batzuetan ibiliko da buru-belarri. Gure Kasa-n egindako ibilbideaz eta etorkizunerako dituen asmoez hitz egin du Garciak Maxixatzenekin.

Amaitu da Gure kasa, hiru urteren ostean. Nolako balorazioa egingo zenuke?

Saioaren balorazio oso positiboa egingo nuke, guztiz. Hiru urte iraun du programak, eta hori Euskal Telebistan asko da. ETBk, normalean, ez dio programei aurrera jarraitzeko aukera asko eskaintzen: lehen bi edo hiru programetan ez badute audientzia datu oso ona ematen, ia beti, kendu egiten dituzte; baina, Gure kasa-ren kasuan ez da horrela izan. Hasiera txarra eduki genuen arren, horri buelta ematen jakin dugu, egoera desberdinetara egokituz. Sekulakoa da hiru urtez irautea; lan piloa egin dugu hori lortzeko. Niretzat pertsonalki asko eman didan prozesu bat izan da.

Zergatik amaitu da?

Audientziaren arabera funtzionatzen du telebistak, orokorrean. Audientzia datu txarra ematen badu saio batek ez du asko iraungo. Pixka bat injustua da nire ustez neurgailua. Audimetro batzuen bidez neurtzen da ikusle kopurua, eta Euskal Herrian oso telebista gutxik dute gailu hori ipinita. Etapa hobeagoak eta txarragoek eduki ditugu, baina, azkenean, pandemia honek iritsi behar izan du Gure kasa bukatzeko. Pandemia iritsi zenean, segurtasun neurriak hartu genituen, eta ezin izan genuen platora joan. Beraz, programa etxetik egin behar izan genuen. Etenaldi bat ere egon zen, eta bitarte horretan Klaudio Landak aurkeztutako Eztabaidan saioa eskaintzen hasi ziren. Hark "tokia kendu" zigun, nolabait esateko, eta ondoren zaila izan da toki hori gureganatzea. Ondoren, asteroko saio bat eskaini ziguten, –Gure kasa astero izenekoa–, baina ez du eduki espero genuen bezalako ikusle kopururik. Audientziaren arabera jokatzen dugunez denok, hortxe bukatu da Gure kasa-ren ibilbidea.

Saioak ikusle asko izan al ditu hiru urtez?

Errusiar mendia izan da hiru urteetan. Etapak izan ditu, batzuetan oso onak eta besteetan oso txarrak. Hala ere, audientzia alde batera utzita, saio erreferente bat bihurtu da Gure kasa Euskal Herri mailan bai kulturalki, bai entretenimendu alorrean. Gauero-gauero, hor egon da 21:30ean hasita ordubetez. Euskal herritarren ehuneko handi batek noiz edo noiz ikusi izan duen programa bat izan da edo behintzat zerbait entzun du Gure kasa-ren inguruan. Erreferentzialtasun hori izan da lortu dugun gauzarik handienetarikoa.

Penaz agurtu al duzu programa?

Bai, pena handiz. Hala ere, saioaren etapa bukatzen ari zela ikusten nuen lehenagotik. Eta hiru urte hauek eginda beste denboraldi bat hasiko bazuen ere, ez dakit hor jarraituko ote nuen, beste proiektu batzuk ere baditudalako eskuartean. Niretzat dena borobildu da beraz; baina, bai, pena handiz agurtu dut hiru urtean lan asko egin dugulako. Ni Gure kasa-n hasi nintzenean 17 urteko gazte bat nintzen, unibertsitatean hastera nindoan, eta esperientzia ia batere gabe heldu nintzen telebistaren mundura. Nire lehen lan profesional sendo bat izan zen telebista. Asko ikasi dut, nire bigarren unibertsitate bat bezala izan da. Unibertsitatean ikasi dudana Gure kasa-n ikasitakoarekin osatzen joan naiz. Praktika luze batzuk izan dira. Are gehiago esango nuke: gehiago ikasi dut Gure kasa-n, unibertsitatean baino. Ni bertan hazi naiz, eta bertako lankideak nire irakasle ere izan dira, beraiek erakutsi didatelako nolakoa den telebistaren mundua. Oso eskertuta nago.

Argazkian, Gure kasa-ko lantalde osoa.

Zer eman dizu Gure kasa-k?

Profesionalki eta pertsonalki hazi naiz bertan, eta Gure kasa-ri esker naiz gaur egun naizena. Ikasi dut telebistako programa bat zerotik nola sortzen den: Gure kasa-n hasi nintzenean programak izenik ere ez zuen artean. Denok batera programa sortzen joan gara pixkanaka.

Hasieran kolaborazioak egiten zenituen zuk grabatutako bideoekin; gerora, saioarekin lotutako beste lan batzuetan ibili zara. Zertan zehazki?

Bai; nire postua aldatzen joan da programan. Lehen bi urteetan platoko kolaboratzaile bezala egoten nintzen egunero. Bi urtez irautea lortu duen kolaboratzaile bakarra izan naiz. Ez da erraza izan nire egunerokoarekin eta unibertsitatearekin bateratu behar izan dudalako lana, baina oso aberasgarria izan da. Azken denboraldia, berriz, kamera atzeko lanetan ibili naiz: erredakzioan, edizioan eta sare sozialak kudeatzen, besteak beste. Zuzendari postua kenduta, beste postu guztiak probatu ditudala esango nuke Gure kasa-n. Asko aberastu nau profesionalki.

Zer azpimarratuko zenuke zure ibilbidetik?

Ni neu izatea lortu dudala eta nire naturaltasuna transmititzea telebistaren beste aldean dagoen ikus-entzuleari. Ez da lan erraza. Askotan ikusten dugu telebistako "gezur hori". Nire ustez, naturaltasuna da gehien bultza beharko litzatekeena telebistako saio guztietan. Gidoiak-eta pixka bat alde batera laga, eta zu zeu zaren bezalakoa izan naturaltasunez. Uste dut nik hori lortu dudala, eta, beraz, oso harro nago.  

Gure kasa bukatu da, eta orain zer?

Beste etapa batzuk hasi dira. Esaterako, Barre librea izeneko programan nabil. ETB1en ostiral iluntzetan igortzen da. Orain oporretan gaude, baina irailean itzuliko gara. ETB1en umorezko programa bat sortu da, aspaldiko partez. Oso pozik gaude. Lantalde txikia gara: Aitziber Garmendia, Jon Plazaola, Getari Etxegarai, Kepa Errasti, Aitor Ormaetxea, Ane Guerra, Izaskun Pardina eta neu. Naturaltasun osoz ari gara saioa egiten, barru-barrutik irteten zaiguna egiten dugu. Oso ondo pasatzen dugu, eta oso gustura nago bertan. Esketxak grabatu eta horiek editatzeaz arduratzen naiz, eta, horretaz gain, saioko komunitate kudeatzailea naiz.

Youtuberen munduan ere bazabiltza. 11 urterekin hasi zinen bideoak igotzen, eta egun 250.000 harpide baino gehiago ditu zure gaztelaniazko kanalak.

Bai; orain, gainera, Mtmad izeneko Mediaseten plataformako kanal batean parte hartzen ari naiz. Astero bideo berri bat igotzen dut kanal horretara. Estatu mailako enpresa batean muturra sartzen hasi naiz. Youtubeko nire kanalarekin ere jarraituko dut, noski. Horrekin oso gustura nago, erantzun ona izaten ari delako. Hor neu naiz sortzen dudan horren nagusia, eta funtzionatzen jarraitzen duen arte edukiko dut kanal hori. Oso eroso sentitzen naiz gaur egun daukadan guztiarekin, eta proiektu horiekin guztiekin aurrera jarraitzeko gogotsu nago. Gainera, kalean azkoitiar askok esaten didate asko gustatzen zaiela sortzen dudan edukia, eta hori bai pertsonalki, bai profesionalki babes handia da niretzat.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide