Jon Gurrutxagak irabazi du X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren hirugarren kanporaketa

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 11a, 12:42
Jon Gurrutxaga Zestoako kanporaketan abesten. (Erniarraitz)

Jon Gurrutxaga azpeitiarrak X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren finalerako txartela eskuratu zuen atzo, ostirala, Zestoan. Gurrutxagaz gain, Maider Arregi, Ane Zuazubiskar, Xabat Illarregi, Oier Etxeberria eta Asier Galarza izango dira finalean bertsotan arituko diren gainontzeko bost bertsolariak.

X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren hirugarren eta azken kanporaketa jokatu zuten atzo, ostirala, Zestoako kultur etxean, eta Jon Gurrutxaga azpeitiarra izan zen garailea 238,5 punturekin. Bere ondoren sailkatu ziren Mikel Iturriotz (231, 5 puntu), Aroa Arrizubieta (231 puntu), Eli Pagola (224 puntu), Irati Alcantarilla (222 puntu) eta Iker Letamendia (206,5 puntu). Kultur etxean ezohiko irudia nagusitu zen atzokoan; izan ere, edukiera mugatuarekin eta osasun eta segurtasun neurriak hartuta egin zuten bertso saioa.

Azken kanporaketa amaituta, osatu da finalean arituko diren sei bertsolarien zerrenda. Jon Gurrutxagaz gain, Maider Arregi oñatiarra eta Ane Zuazubiskar arrasatearra zuzenean sailkatu ziren finalera Errezilgo eta Azkoitiko kanporaketak irabazi ostean. Puntuazioaren arabera finalera sailkatu diren bertsolariak, berriz, Xabat Illarregi, Oier Etxeberria eta Asier Galarza Muxi dira. Beraz, guztira, sei bertsolari arituko dira datorren ostiralean, hilak 17, Azpeitiko Gaztetxean egingo den finalean.

(Argazkiak: Erniarraitz)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide