Gobernatzeko "prest" agertu da EH Bildu Azkoitian

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 10a, 10:24

Kanpainako azken ekitaldietako bat egin zuen atzo, osteguna, EH Bilduk Azkoitian. Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko diputatua eta Nerea Kortajarena EH Bilduren Gipuzkoako zerrendaburuak hartu zuten hitza Balda plazan, eta koalizio abertzalearen aldeko botoa eskatu zieten herritarrei.

Bi egun besterik ez dira falta Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetarako, eta alderdiak azken ekitaldiak egiten dabiltza Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. EH Bilduk Azkoitia aukeratu zuen atzo, osteguna, kanpainako azken ekitaldietako bat egiteko, eta Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko diputatuak eta Nerea Kortajarena Gipuzkoako EH Bilduren zerrendaburuak hartu zuten hitza Balda plazan egin zuten ekitaldian.

EH Bildu "gobernatzeko eta aldaketarako prest" dagoela nabarmendu zuten bi hizlariek ekitaldian zehar, eta koalizio abertzalearen aldeko botoa eskatu zuten. "Madrilen bultza egin behar dugu, baina hemen irabaztea tokatzen zaigu", zioen Aizpuruak. Bestalde, biek ala biek Adur Ezenarro Ordiziako (Gipuzkoa) alkatea izan zuten gogoan hitzartzean, eta elkartasuna adierazi zieten alkateari nahiz herritarrei koronabirusaren berragerpena dela eta.

Mertxe Aizpuruak Madrilen jarri zuen arreta, eta EH Bilduren hango jardunaz aritu zen hizketan. Espainia ez dela "estatu demokratiko bat" azpimarratu zuen Aizpuruak hitzartzean, eta "eskuinaren aurrean kikiltzen den ezkerra" dela Espainiako Gobernuan dagoena. Bestalde, Autonomia Estatutua ere izan zuen hizpide diputatuak: "Autonomia Estatutu ahula dugu, hori azalerazi du koronabirusak. Izan ere, pandemia honek erakutsi digu eskumenak bertan behera utzi ditzaketela nahi dutenean". EAJren kudeaketaz ere aritu zen Aizpurua: "EAJk azokan egiten ditu negozioak, eta herri hau dauka azoka horretako produktu nagusi bezala. Baina ez da euskal azoka bat, merkatu pertsa bat da, bere interesak bakarrik defendatzen dituena, handien interesak".

Nerea Kortajarenak COVID-19 gaitza izan zuen hizketagai bere hitzartzean, eta koronabirusaz hildako herritarrei babesa eta elkartasuna adierazi zien hasteko. COVID-19 gaitzaren aurrean EH Bilduk gobernatutako udalen kudeaketa ere goretsi zuen Kortajarenak. Bestalde, Gipuzkoako zerrendaburuak nabarmendu zuen azken hilabeteetan "oso politikoak diren bizipenak" izan direla: "Pandemiak berriz ere berretsi du pertsonala politikoa dela. Pentsa zer den gaixorik egon eta osasun irizpideengatik konfinatuta gelditu behar izatea. Pentsa zer den gaur entzutea konfinatuta egon behar duzula osasun irizpideengatik, baina bozkatzera joan zaitezkeela". Horrez gain, zerbitzu publikoen garrantzia ere nabarmendu zuen Kortajarenak.

Hona hemen atzoko ekitaldiko argazki bilduma:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide