Uztailaren 22an artilea bilduko dute Azpeitian

Anartz Izagirre 2020ko uzt. 9a, 15:01

Hainbat eragilek elkarlanean kudeatuta, artilea bilduko dute Gipuzkoa osoan uztaileko bigarren hamabostaldian, eta Urola Kostako artzainek uztailaren 22an izango dute horretarako aukera, Azpeitian. Artilea eman nahi duten artzainek 696 43 36 02 telefonora deitu beharko dute hitzordua hartzeko.

Gipuzkoako artile bilketa modu antolatuan egiteko lanean dabiltza hainbat eragile eta enpresa, eta uztaileko bigarren hamabostaldian egingo dute artile bilketa lurraldeko zenbait lekutan. Urola Kostako herrietako artzainek Azpeitian izango dute artilea emateko aukera: uztailaren 22an, Lapatxen —aiarrek izan ezik, horiek Asteasura (Gipuzkoa) eraman beharko dute artilea hilaren 20an—.

Artile bilketan interesa duten artzainek 696 43 36 02 telefonora deitu beharko dute, eta orduan zehaztuko diete horiei artilea entregatzeko eguna, ordua eta lekua. Aurten, derrigorrezkoa izango da aurrez hitzordua hartzea.

Gipuzkoako Foru Aldundia, ardi sektoreko elkarteak, gestio etxeak, nekazaritzako sindikatuak eta Landa Garapeneko elkarteak ari dira artile bilketa antolatzen. Eragile horiek adierazi dutenez, artile bilketa “ahalik eta modurik sinpleenean eta merkeenean” egiteko prozedura landu dute, eta lanean ari dira etorkizunean artilea “baliozko baserriko produktua” izan dadin. Bestalde, Lurgintza, Abelur eta Landaola ere artile bilketa antolatzen dabiltza, baita Urola Erdiko Mankomunitatea eta Lapatx Zabortegia ere, Urola Kostan.

Artile bilketaren zati bat Foru Aldundiak finantzatuko du, eta beste zatia artzainek ordaindu beharko dute. Arduradunek adierazi dutenez, iaz bezala Nafarroara bidaliko dute artilea konposta egiteko eta “ekonomia zirkularra sustatzeko”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide