Azkoitian 8.493 lagun daude boza ematera deituta Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan

Julene Frantzesena 2020ko uzt. 10a, 10:12
2016ko bozetako irudi bat.

Hainbat hautes-mahaitan aldaketak izango dira, segurtasun neurriak bermatzeko. Gainera, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartu beharko dituzte herritarrek: besteak beste, maskara jantzi beharko dute eta norberak bere izen-abizenak esan beharko ditu hautes mahaian identifikatzeko. Maxixatzenek hauteskunde egunaren berri emango du igandean webgune honetan.

Igandean Eusko Legebiltzarrerako ordezkariak aukeratzeko hitzordua izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako bizilagunek. Hautesle-erroldaren arabera, 8.493 herritarrek izango dute botoa emateko eskubidea Azkoitian.

Gipuzkoan hamalau hautagai zerrenda aurkeztu dituzte igandeko bozetarako: EAJ, EH Bildu, PP-Ciudadanos, PSE-EE, Elkarrekin Podemos-IU, Pacma, Recortes Cero-Grupo Verde, Bidezko Mundurantz, Euskadiren Aldeko Libreak, Equo Berdeak, Aulki Zuriak, Vox, UCDE eta Alderdi Libertarioa.

2016ko irailaren 25ean egin ziren Eusko Legebiltzarrerako azken hauteskundeak, eta EAJk eskuratu zituen boz gehien Azkoitian. Hain zuzen ere, 2.424 boto jaso zituzten jeltzaleek. EH Bildu izan zen bigarren bozkatuena, 1.849 boto eskuratuta. Boza ematera deituta zeuden herritarren %64k eman zuen botoa orduko hartan.

Posta bidezko botoa

Herritar batzuk igandean ez dira bozkalekuetara joango. Izan ere, bat baino gehiago dira posta bidezko botoa ematea erabaki dutenak. Hain zuzen ere, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 125.255 hauteslek —erroldatuen %7,3k— eskatu du botoa posta bidez ematea. Gipuzkoan 32.074 herritar izan dira boza gisa horretan ematea eskatu dutenak. Gaur, ostirala, izango da posta bidezko botoa eskatzeko azken eguna; 14:00etan bukatuko da horretarako epea.

Hainbat neurri

Koronabirusak eragindako egoera tarteko, ezohiko babes eta segurtasun neurriak hartuko dituzte igandeko Eusko Legebiltzarreko hauteskundeetan. Botoa ematerakoan maskara erabiltzea, tartea zaintzea eta eskuak garbitzea izango dira betebeharreko neurri nagusiak. Hauteslekuetako sarreran eta irteeran gel hidroalkoholikoa jarriko dute, eta maskarak ere bai, botoa ematera maskara ahaztuta joaten diren herritarrentzat.

Aldaketa horiez gain, beste batzuk ere izango dira. Botoa ematerakoan, adibidez, norberak bere izen-abizenak esan beharko ditu hautes mahaian identifikatzeko, eta mahaiko kideek ezingo dute eskuetan hartu boto emailearen nortasun agiria. Gainera, Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak botoa etxetik prestatuta eramatea gomendatu du.

Hainbat herritan hauteslekuak ere aldatu dituzte, tartean Azkoitian. Torre Zuri erakustokian jarri ohi dituzten hiru mahaietatik bi Berdura Plazan jarriko dituzte, eta Aizkibel liburutegian bi solairu egokituko dituzte hautes mahaiak jartzeko.

Emaitzak zuzenean, Maxixatzen.eus-en

Igandean Eusko Legebiltzarrerako bozen berri emango du Maxixatzenek webgunean. Goizean hasita, argazki bildumak, parte-hartze datuak eta abar ikusi ahal izango dira webgune honetan. Gainera, 20:00etatik aurrera, bozen emaitzen berri emango du Maxixatzenek.

Azpeitiko kontaketaren berri emateaz gain, emaitzak ere landuko ditu Maxixatzen.eus-ek, webgune berrituak eskaintzen dituen grafikoen eta tresnen bidez.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide