Ura agentziak 25 itzal-platanondo moztu eta zuhaitz autoktonoak landatu ditu Urola ibaian

Maialen Etxaniz 2020ko uzt. 9a, 12:22
Ura agentziak itzal-platanondoak kendu ditu Urola ibaiaren Azkoitiko zati batean. (Ura agentzia)

Urola ibaiaren Azkoitiko zati batean kendu dituzte itzal-platanondoak. Horiez gain, beste hainbat espezietako landare ez autoktonoak kendu dituzte ibaiertzetik, eta horien ordez 375 zuhaitz autoktono landatu dituzte.

Ura agentziak 25 itzal-platanondo atera ditu Urola ibaitik, Azkoitia parean. Agentziak azaldu duenez, itzal-platanondoa ez da “ibaiertzeko espezie autoktonoa, eta ez du ibai ertzeko edo ibaiko biodibertsitatea sustatzen”. Itzal-platanondoak ez ezik, Ura agentziak autoktonoak ez diren eta ibaiertzean hazten diren beste hainbat landare ere kendu ditu Urola ibaitik. Bertakoak ez diren landareak atera ostean, ibaiertzeko 375 zuhaitz autoktono landatu dituzte Urola ibaiaren tarte horretan. Ura agentziak Azkoitiko Udalarekin adostuta egin ditu lanok, “Urola erdigunetik igarotzen den ibai-tartea lehengoratzeko”.

Azkoitian ez ezik, Azpeitian ere egin dituzte hainbat lan. Hain zuzen,  Urola ibaiaren ibilgua edo uraren bidea oztopatzen zuten zuhaitz adarrak kendu dituzte Loiola pareko zubitik.

Horrez gain, 80 metro kubiko landaretza eta egur hil kendu ditu Ura agentziak Urola ibaiaren ibilgutik. Horiek kentzeko arrazoiak zein diren azaldu du agentziak: “Landaretza eta zura pilatzea ibaiaren izaerarekin bat badator ere, eta ibaiaren egoera ekologiko onerako ezinbestekoa den flora eta fauna hartzeko balio badu ere, ubideratutako hiri-tarteetan oztopo bat sor diezaiokete uraren jario askeari, eta ubideratutako tarteari eman zitzaion ahalmen hidraulikoa murriztea  ekar lezake. Horregatik, kasu horietan, korronteak herrestan eraman ditzakeen enborrak, motzondoak edo tamaina handiko adarrak kendu behar dira, adibidez, zubi baten zutabearen ondoan edo ibilguan egonkortutako sedimentuetan pilatzen badira”.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide