Merkatariek, ostalariek eta zerbitzu enpresek uztailaren 22ra bitartean eska dezakete udalaren dirulaguntza

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 8a, 16:03

200.000 euroko dirulaguntza bideratuko du udalak alarma egoeran itxita edo erdi itxita egon diren herriko establezimenduei laguntzeko.

Merkataritza eta ostalaritza sektoreei eta bestelako hainbat zerbitzuri edo establezimenduri laguntzeko asmoz, Azkoitiko Udalak 200.000 euroko dirulaguntza lerroa zabaldu du merkatarientzat, ostalarientzat eta hainbat zerbitzu enpresentzat. Dirulaguntzak eskatzeko epea uztailaren 22an amaituko da. Uztailaren 20ra arteko epea jarri zuen udalak hasiera batean, baina Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean izandako oker baten ondorioz, bi egun gehiago luzatu behar izan dute epea.

Alarma egoeraren ondorioz negozioa guztiz itxi behar izan dutenak edota guztiz itxi ez arren, fakturazioan %75etik gorako murrizketak izan dituztenek eskatu ahal izango dute diru laguntza. Guztiz itxi dutenek 900 euroko laguntza jasoko lukete, eta fakturazioan %75etik gorako murrizketa izan dutenek 450 eurokoa.

Merkataritza eta ostalaritzako establezimenduez gain, diru laguntza lerro honek beste hainbat zerbitzu hartzen ditu barne, besteak beste, ile-apaindegiak, dentistak eta estetika zentroak. Deialdian zehaztuta dago zein establezimenduk edo negozio motak egin dezaketen eskaera. Horretarako Jarduera Ekonomikoen gaineko Zergaren epigrafeak hartuko dituzte kontuan.

Onuradunak izan daitezkeen establezimenduei jakinarazpena bidali die udalak gutun bidez eskaera epe barruan egin dezaten; horretarako udalak bere datu-basea erabili du. Halaber, azaldu dute gerta daitekeela establezimenduren bat udalaren datu basean sartu gabe egotea, eta horregatik, onuraduna izan daitekeela uste dutenei oinarriak gainbegiratzea, deialdia kontsultatzea eta edozein zalantza argitzeko 943-85 71 70 telefonora deitzea gomendatu die udalak.

Eskaerak, dagokion dokumentazioa entregatzearekin batera, online egin daitezke udalaren webgunean, baina baita udaleko Herritarren Arreta Zerbitzuan aurkeztuta ere. Arreta Zerbitzuaren ordutegia 08:00etatik 14:00etara artekoa da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide