'Fadoak entzuten zituen gizona' lana antzeztuko du Iñigo Aranbarrik

Olaia Juaristi 2020ko uzt. 7a, 08:30
'Fadoak entzuten zuen gizona' antzezlaneko lantaldea. Eskuinean, Aranbarri.

Xake antzerki taldearen azken lana irailaren 18an estreinatuko dute Tolosan, eta Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra da antzezlan horretako protagonistetako bat.

Xake antzerki taldea Fadoak entzuten zituen gizona lana prestatzen ari da, eta irailaren 18an estreinatuko dute Tolosako Leidor antzokian. Antzezlan horretako protagonistetako bat da Iñigo Aranbarri aktore azkoitiarra, Ane Gabarain eta Kepa Errasti aktoreekin batera. Zuzendari lanetan Getari Etxegarai arituko da eta zuzendariordetzan, Xabier Ormazabal. Antzezlanaren egilea, berriz, Txarli Andrade da.

Joan den ekainaren 15ean hasi ziren antzezlanaren entseguekin Tolosako Topic-en eta "oso pozik" daudela azaldu dute euren sare sozialetan, lehendabiziko egonaldi artistikoak izandako emaitzarekin.  

Bestalde, uztailaren 6tik 14ra Miarritzera joango dira, Théâtre des Chimères antzerki taldearen oholtzara. Eta ondoren, irailaren 1ean, berriro Topic-en antzezlanaren altxaera egingo dute.

2019an Eusko Jaurlaritzako Antzerki Testuen idazketarako diru laguntza eta Hitzartutako Zirkuituko Produkziorako diru laguntza jaso ostean estreinatuko dute, konpainiaren V. urteurrenarekin bat eginez.

Adrian Hernandezek egin duen kartela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide