Hondakinak tratatzeko azpiegiturek kontrol publikoa behar dutela berretsi du EH Bilduk

Andoni Elduaien 2020ko uzt. 6a, 12:00

Arkaitz Rodriguez EH Bilduko hautagaia Azkoitian izan da gaur, eta Zaldibarko zabortegiko hondamendia izan du gogoan. Azkaraten egin nahi izan duten hondakin guneari buruz ere hitz egin du koalizioko kideak. Era berean, Iñigo Urkullu EAJko eta Idoia Mendia PSE-EEko lehendakarigaien "kudeaketa ereduak porrot" egin duela azpimarratu du. 

Arkaitz Rodriguez EH Bilduren Gipuzkoako hautagaia Azkoitian izan da gaur, astelehena, eta Laida Beristain, Iraitz Otaño eta Itziar Joaristi koalizioaren Azkoitiko zinegotzien babesa jaso du. EH Bilduk herriko plazan egin duen agerraldian, Rodriguezek azaldu du Zaldibarko zabortegian gertatu zen hondamenditik bost hilabete pasa direnean, Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze langileek "milaka eta milaka zabor tona eta gezurren azpian lurperatuta" jarraitzen dutela. "Urkullu eta Mendia tandemak tragedia hartatik ezer ez duela ikasi salatzera etorri gara. Konfinamendu betean saiatu zelako, hemen bertan, Azkaraten, Zaldibar berri bat eraikitzen, hondakindegi pribatu berri bat eraikitzen. Eskerrak herri mobilizazioari eta Azkoitiko herriaren presioari; azkenerako atzera egin zuten", gehitu du.

Zaldibarko ezbeharrak "Mendia-Urkullu tandemaren kudeaketa ereduaren porrota" erakusten duela azaldu du koalizioko kideak. "Zaldibarren kontrol publikoek ez zuten behar bezala funtzionatu, irregulartasunak detektatuta ere ez zelako nolabait eskua hartu. Egia erdiak eta gezurrak erabili ziren gertatzen ari zirena manipulatzeko. Ez zieten ez senideei ezta inguruko herriei eta herritarrei inongo momentuan enpatiarik txikiena ere erakutsi. Eta bost hilabete geroago oraindik ere gertatutakoak behar bezala argitu gabe jarraitzen du", azaldu du."Hondamendiaren ardura izan zuten arduradun politikoek oraindik ere ez dute inongo azalpenik eta ardurarik beren gain hartu", azaldu du.

Rodriguezek azpimarratu du, "horrelako gai delikatuak" ezin direla "esku pribatuetan utzi"; kudeaketa eredu horretan "bizitzak atzera" egiten duela gehitu du. "Ikusi dugu kapitalaren eta irabazi pribatuaren logikak agintzen duenean, pribatizatzen eta prekarizatzen denean eta instituzioek berau zaintzeko ardurari ihes egiten diotenean, bizitzak atzera egiten duela", esan du.

Mota horretako azpiegiturak publifikatzearen alde agertu da koalizioko kidea Azkoitian. "EH Bilduren konprimisoa da azpiegitura horiek guztiak publifikatzekoa eta zerbitzu esentzialen kontrol publikoa bermatzearen aldekoa. Ez dugu nahi berriro ere inondik inora Zaldibarkoaren moduko tragediarik", azaldu du agerraldiaren amaieran, Arkaitz Rodriguezek. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide