Ander Zubizarretak hamabi ordutan 11 aldiz egin du bizikletan Azpeititik Erlorako joan-etorria

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 4a, 18:59

Lagunarteko erronka osatu eta gainditu du Ander Zubizarreta azkoitiarrak gaur. Azpeitiko Ikasberritik Erloko antenara arteko joan-etorria bizikletan hamar aldiz egiteko asmoz hasi dute erronka goizeko bostetan; Zubizarretak, ordea, 11 itzuli egin ditu. Jakes Uranga azkoitiarrak ere parte hartu du erronkan; honek, baina, zazpi aldiz joan-etorria eginda utzi egin du. Bi azkoitiarrekin batera Iker Azkune azpeitiarrak parte hartu du bizikletako erronkan, eta honek helburua lortu du, hamar joan-etorri eginda.

Iker Azkune azpeitiarrak aspalditik zuen gogoa Everesting erako erronka bat egiteko: "Hau da Everesten garaieraren [8.848 metro] metroak bizikleta gainean egitea, toki batean hasi eta hara itzuliz. Azpeitiko Ikasberri paretik Erlora 900 metro daude, eta joan-etorri hori hamar aldiz egitea otu zitzaidan, 9.000 metro osatuz". Azkunek mendi bizikletako lasterketa luzeetan parte hartzen du, eta osasun krisiaren ondorioz horiek bertan behera utzi dituzte. Beraz, oraingoa une aproposa ikusi zuen erronka egiteko. Azkunek egindako proposamenera batu ziren gero bi azkoitiarrak, Ander Zubizarreta (Azkoitia, 1992) eta Jakes Uranga. Hala adierazi du erronka bukatu berritan Zubizarretak: "Lehen triatloian eta duatloian ibiltzen nintzen eta gero mendi bizikletako lasterketei ekin nien. Azkunerekin batera ibiltzen naiz entrenatzen, eta hark proposatu zidan erronka hau egitea. Horrelako proposamen denei baiezkoa esaten diet, eta halaxe egin dut oraingoan ere".

Gaur goizeko bostetan hasi dute bizikletako erronka Azpeitiko Ikasberri ikastolaren paretik Zubizarretak, Urangak eta Azkunek. Zubizarreta bere martxan ibili da, beste biei aurrea hartuta. Erloko antenarako igoera azkarrena 47 minutuan egin du: "Beste itzuliak 50 eta 56 minutu artean egin ditut". Erronka gisa jarritako hamar igoera-jaitsierak egiteko hamabi ordu behar izan ditu; "arratsaldeko bostetarako egin ditut", azaldu du Zubizarretak. 11. joan-etorria Azkunerekin batera egin du. Erronka "gogorra" izan dela aitortu du bukatu berritan, eta berriro ez lukeela egingo. Hala ere, bizikletan ibiltzeko eguraldi paregabea izan dutela esan du: "Goizean fresko egiten zuen, baina orokorrean bizikletan ibiltzeko eguraldi ederra egin digu".

Urangak joan-etorriak Azkunerekin batera egin ditu, eta seigarrena egin ondoren hogei bat minutu hartu dituzte bazkaltzeko. Zazpigarren itzulian utzi du erronka Urangak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide