Ane Zuazubiskar nagusitu da Erniarraitz bertso txapelketako bigarren kanporaketan

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 4a, 01:04

X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa jokatu zen atzo iluntzean, Azkoitiko Kultur Etxean. Julene Iturbe, Ane Zuazubiskar, Asier Galarza Muxi, Oier Etxeberria, Markel Eizagirre eta Imanol Albisu bertsolariek kantatu zuten saioan. Ane Zuazubiskarrek lortu zuen finalerako sailkapena, eta Iturbe azkoitiarrak bosgarren egin zuen. Osasun neurriek baimentzen duten entzule kopurura arte bete zen Kultur Etxea, sarrera guztiak agortuta.

Lau hilabeteko etenaren ondoren, atzo, uztailak 3, jokatu zen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako X. Erniarraitz Bertso Txapelketaren bigarren kanporaketa, Azkoitiko Kultur Etxean. Sei bertsolarik kantatu zuten saioan; tartean, Julene Iturbe azkoitiarrak. Kanporaketako sailkapena honela gelditu zen puntutan: Ane Zuazubiskar arrasatearrak 246 puntu lortu zituen, eta horrenbestez, txapelketako finalera sailkatzea lortu zuen. Bigarren puntuazio onena, Oier Etxeberria azpeitiarrak eskuratu zuen 243,5 punturekin eta hirugarrena, 232 punturekin, Asier Galarza Muxi muxikarrak. Laugarren postuan, 216 punturekin, Markel Eizagirre zarauztarra gelditu zen; bosgarren, Julene Iturbe azkoitiarra, 211 punturekin; eta, seigarren, 201,5 punturekin, Imanol Albisu azpeitiarra. Publikoak erantzun ona eman zuen, eta aretoa goraino bete zen, edukiaren %60a bermatuta. Entzuleek maskararekin egon behar izan zuten saio osoan.

Kanporaketan bertsolariek egin behar izan zituzten ariketak honako hauek izan ziren: hiruna bertso zortziko handian; hiruna bertso zortziko txikian; puntuka, bi punturi erantzun beharra bertsotan; hiruna bertso hamarreko txikian; eta, kartzelako lana. Maddi Labakak gai jartzaile lanak bete zituen. Epaimahaia, berriz, Bakarne Urreagak, Amaia Otxotorenak eta Oihana Arangurenek osatu zuten.

Finala, hilaren 17an

Bi urtez behin antolatzen du Erniarraitzek bertsolari gazteen txapelketa, eta aurtengoa X. edizioa du. Martxoaren 1ean hasi zen txapelketa Errezilen jokatutako lehen kanporaketarekin. Orduan Maider Arregi izan zen irabazlea, eta finalera zuzenean sailkatzea lortu zuen. Harekin batera finalean arituko da kantuan, beraz, Ane Zuazubiskar, Azkoitiko saioa irabazita. Saioaren amaieran Azkoitiko Udalak emandako oroigarria jaso zuen bertsolariak Sonia Vazquez Kultura zinegotziaren eskutik.

Hirugarren eta azken kanporaketa, berriz, Zestoako Kultur Etxean jokatuko dute uztailaren 10ean, 22:00etan hasita. Jon Gurrutxaga, Iker Letamendia, Eli Pagola, Irati Alcantarilla, Aroa Arrizubieta eta Mikel Iturriotz arituko dira bertsotan Zestoako saioan.

Finala uztailaren 17an, ostiralean, jokatuko dute, eta azken urteetan ohi bezala, Azpeitiko Gaztetxean izango da. 22:00etan hasiko da finaleko saioa. Finalean, hiru kanporaketetako irabazleek eta puntuazioaren arabera sailkatutako beste hiru bertsolarik kantatuko dute; guztira, sei bertsolarik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide