Musikaria

Beñat Rodriguez: "Sorkuntza nire bizimoduan oso barneratuta daukat"

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 3a, 10:54
Argazkilaria: Jaione Dagdrommer

Beñat Rodriguez (Azkoitia, 1994) Hartz musika taldeko abeslaria da, eta, horrez gain, artista da diseinu lanak sortzen. Izan ere, Eskukadak izeneko proiektua egin du, ehun ilustrazioz osatuta.

2016an hasita, hiru disko kaleratu dituzu Hartz taldearekin. Zertan aldatu da taldea urte hauetan?
Taldea asko aldatu da, zentzu askotan. Alde batetik, hasieran bikote formatuan hasi zen, eta gero, hirukote izatera pasatu ginen. Kideak ere aldatzen joan dira, eta oraingo formazioarekin bi urte daramatzagu. Bestalde, taldea etengabe garatzen ari da: soinua gero eta gehiago zaintzen  dugu, eta duela hiru urte baino teknikoagoak gara. Zerbait ona ere izan beharko du zahartzeak [barrez]. Hitzei dagokienez, berriz, azken disko honetakoak (Gaueko, 2019) zorrotzagoak dira, eta kritika soziala gehiago azpimarratzen da, aurreko diskoan (Iraungitze datei, 2018) baino.

Pop-rock edota rock alternatiboaren giroan sortutako kantuak dira zuenak. Nola definitzen duzue zuen musika estiloa? 
Taldea sortze prozesu batean sartzen denean, ez diogu generoari erreparatzen. Argi dago elektronika edo musika tronpeteroa ez dugula egiten ditugun instrumentuengatik, eta erosoago sentitzen garela distortsioaren munduan. Baina gehiago zentratzen gara sortutakoak transmititzen duen horretan. Gainera, uste dut gaur egungo talde asko estetikan gelditzen direla, eta mezua atrofiatu egiten dela –erabat zilegi dena, noski–. Politak eta atseginak izateko egindako marketin produktuak dirudite abestiek. Hala ere, azpimarratu beharra daukat ez garela etiketa zaleak; etiketa bila ari dena normalean ez da musikazale oso fina izaten edo aurreiritzi gehiegi izan ohi ditu transmisio prozesu horri aintzat hartzen saiatzeko.

Ba al duzue talde erreferenterik?
Ez; badaude miresten ditugun talde batzuk, estilo eta mota oso desberdinetakoak, baina ez gara oso idolozaleak. Pasioz lana egiten duen edozein talde hartzen dugu erreferentetzat.

Zerk ezberdintzen du Hartz?
Ez dugu ezberdintzea bilatzen, ez gara saiatzen zerbait desberdina egiten. Agian, hori da egungo talde askoren arazoa: desberdindu nahi izatea, zerbait atipikoa egitea entzutetsua izateko, izugarrizko sasi-ekitaldi bat antolatzea, plastikozko abestiak edo estetikoki oso desberdina den itxura errekurtsoak erabiltzea sare sozialetan nabarmentzeko. Guk musika egiten dugu, eta kito. Ahalik eta zintzoen gure musika transmititzen saiatzen gara. Hala ere, klasifikazio hausnarketa lanak entzuleari uzten dizkiogu.

Nolako hitzak sortzen saiatzen zara?
Hartzen hitzak bi multzotan banatuko nituzke: alde batetik, salaketa sozialaren inguruan aritzen direnak, eta bestetik, introspektiboagoak. Nahikoa da egungo berriak irakurtzea inspirazio iturriak bilatzeko. Hala ere, ez da bilatzen den zerbait hitzak sortzearena: batzuetan egun batean disko oso bat idazten duzu, eta beste batean urte erdia ematen duzu hitzik idatzi gabe.

Nola dago orain taldea?
Oso indartuta. Orain dela bi aste egin genuen lehen entsegua, hiru hilabete geldirik egon ostean, eta gure harridurarako, konfinamendu aurretik egindako entsegu bat zirudien; hori bai, gogo gehiago genuen.

Argazkian: Jon Barkin azpeitiarra (baxua), Beñat Rodriguez azkoitiarra (ahotsa eta gitarra) eta Jorge Fernandez zumarragarra (bateria). Argazkilaria: Jaione Dagdrommer


Aurrera begira, zer asmo dituzue?
Egoera berezi honen aurretik plan dezente genituen: grabatzeko pare bat kantu, bideoklip bat erdibidean… Orain, ordea, kolokan gelditu dira, aurrerago egiteko. Momentuz, entseguez asko gozatzen ari gara, eta kontzerturen bat ateratzen bazaigu, gustura joko dugu. Baina pandemiak eragindako etena aitzakia paregabea izan da guretzat sorkuntzari ekiteko. Egoera lasaitasunez hartzea erabaki dugu, eta entseguak, sorkuntza eta esfortzuak, batez ere, barne lanketari bideratzea. 

Euskarazko rocka egiten duten taldeen egoera nolakoa da?
Euskarazko rocka egiten duten taldeen aukerak dira arazoa. COVID-19aren aurretik kontzertu bat antolatzea zaila bazen, normaltasun berri honetan kontaktu gutxirekin burua atera nahi dugun taldeok zailagoa dugu. Betikoei aukera gehiago ematen zaie, talde txikiei eman beharrean. Streaming fantasia guztia hasi zenean aipatu nuen: "Betiko taldeei emango zaie aukera, ikustaldi gehien bereganatuko dituztenei, eta talde txikiok entsegu geletan bizirautera kondenatuta gaude". Bestalde, prekarietate handia bizi dugu. Kontzertu bat ikusteko hamabost euro ordaintzen dira, eta, aldiz, Realaren partida bat ikusteko, esaterako, 50 euro. Uste dut ez garela kontziente talde txikien kontzertuen atzean dauden orduez, lanaz eta esfortzuaz.

Musikarekiko pasioaz gain, diseinuak egiten ere abila zara. Sortzea al da zure pasioa? 
Pasioa ez dakit, baina sorkuntza nire bizimoduan oso barneratuta daukat. Nire eslogan nagusia sorkuntza da bide bakarra da, horrek dakartzan kontu guztiekin. Gauza asko ematen dizkit sorkuntzak: nire munduaren ikuspegia azaleratzeko aukera, erraiak husteko arnasgune bat, eta abar handi bat.

Eskukadak izeneko proiektua egin berri duzu; ehun ilustrazioz osatutako lana, hain zuzen ere. Zertan oinarritu zara hori garatzerakoan?
Euskal musika eta diseinu grafikoa uztartzen saiatu naiz. Ehun talde euskaldunen abestiekin ehun eskuren ilustrazioak egin ditut, bertako sorkuntza aldarrikatuz. 

Nolako harrera izan du lanak?
Oso harrera polita izan du. Musikari askok beraien onespena helarazi didate, eta jendearen feedbacka oso positiboa izan da.

Olrait Studioko buru ere bazara. Sorkuntza al duzu ogibide?
Zoritxarrez, ez da nire ogibide nagusia. Izan ere, badirudi sorkuntzarekin zerikusia duen edozein egitasmo prekarietatearekin dagoela lotuta. Orokorrean, sortzaileak ez dira oso ondo zaintzen, eta marrazkitxoak egitea zaletasun bat besterik ez dela uste dute askok. Hori dela eta, hainbat enplegutara jo behar dut bizirauteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide