Azkoitiko Sarek deituta, mendi ibilaldia egingo dute bihar Xoxotera

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 3a, 08:30

09:00etan abiatuko dira parte hartzaileak Azkoitiko plaza nagusitik, eta Xoxoten Azpeitiko eta Zestoako herritarrekin elkartuko dira.

Sare plataformak Euskal Herrian martxan jarritako Izan bidea, ibiltarien sarea dinamika ezagutarazteko, Azkoitiko Sarek irteera antolatu du Xoxtera, bihar. 09:00etan elkartu eta abiatuko dira parte hartzaileak herriko plazatik. Azpeitiko eta Zestoako herritarrak ere parte hartuko dute Xoxote mendirako igoeran, baina hango herritarrak beren herrietatik abiatuko dira. Xoxoten argazkia aterako dute hitzordura batzen diren herritar guztiek. Azkoitiko Sareko kideek mendi ibilaldian parte hartzeko dei egin die azkoitiarrei.

Sarek oraintsu jarri du martxan Izan bidea, ibiltarien sarea kanpaina, eta Azkoitian ere kanpaina hori presente egotea nahi dutela azaldu dute. Hain zuzen ere, euskal presoen eta iheslarien egoerari irtenbidea emateko urratsak egitea eta kilometroak gauzatzea da xedea, "herri honen elkarbizitzaren eta bakearen aldeko ibiltarien sare erraldoia osatuz". Bi urteko epealdirako prestatu du Sarek kanpaina, eta erronka 3.127.326 kilometro egitea da haren xedea; hau da, Euskal Herrian duen biztanle kopurua kilometrotara eramatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide