Udalak 200.000 euroko diru laguntza lerroa zabaldu du merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei laguntzeko

Maxixatzen.eus 2020ko uzt. 1a, 18:08
Ana Azkoitia zinegotzia, gaur, udaletxean egin duen aurkezpenean.

Merkataritza, ostalaritza eta zenbait zerbitzu enpresei laguntzeko diru laguntza ildo berria jarri du martxan udalak. Uztailaren 7tik 20ra bitartean egin beharko dute eskaera interesatuek udaletxeko Herritarren Arreta Bulegoan.

Azkoitiko Udalak merkataritza, ostalaritza eta zenbait zerbitzu enpresei —horien artean, optikak, dentistak, podologoak, ile-apaindegiak eta masaje zein estetika zentroak— zuzendutako 200.000 euroko diru laguntza ildo berria jarri du martxan. Ostiralean, dekretu bidez erabaki zuen Azkoitiko Udalak diru laguntza bideratzea, eta datorren astelehenean, uztailak 6, argitaratuko du Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak (GAO) udalak hartutako erabakia. 

Ana Azkoitia Azkoitiko Udaleko Ogasun eta Merkataritza zinegotziak azaldu du “hasiera batean premiazko neurrien plana aktibatu” zutela, koronabirusak eragindako “inpaktu negatiboa arintzeko eta herriko aktibitatea eta enplegua sustatzen laguntzeko”. Erabaki horren adibide gisa azaldu ditu udalak merkatariei eta ostalariei zenbait tasa “aske uztea edota murriztea” eta erosketa bonuak kaleratzea. “Denbora eman digu establezimenduei nola lagundu aztertzeak eta zenbateko bat bideratzeak. Udalean ere nabarmen nabarituko dugu diru sarreren jaitsiera, eta egoera berrira moldatzen ari gara”, adierazi du zinegotziak. 

Merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu enpresei bideratutako diru laguntzari buruz eman ditu ondorengo azalpenak Ana Azkoitiak, eta azaldu du udalaren datu basearen arabera, 236 establezimendu inguru “itxita edo erdi itxita” egon direla konfinamendu garaian. Zinegotziak azaldu du horien artean banatuko dutela diru laguntza. “Merkataritzako establezimenduen azterketa sakona egin du udalak, eta ziur gaude baldintzak betetzen dituzten eskaera guztiei aurre egiteko moduan izango garela”, gehitu du.

Udalak aurreikusitako diru laguntzak 450 eta 900 eurotakoak izango dira establezimenduko. Negozioa guztiz itxita izan dutenek 900 euro jasoko lituzkete, eta 450 euro jasoko lituzkete irekita edukitzeko aukera izan arren, fakturazioa gutxienez %75a jaitsi zaien establezimenduek. GAOn argitaratu eta hurrengo egunean hasita, 10 lan eguneko epea egongo da diru laguntzen eskaera aurkezteko. Herritarren Arreta Bulegoan aurkeztu beharko dira eskaerak, uztailaren 7tik 20ra bitartean. Eskatzaileek, jarduera egiaztatzeko, jarduera ekonomikoaren gaineko zergaren alta historikoa aurkeztu beharko dute. Halaber, ezinbestekoa izango da helbide fiskala Azkoitian izatea. 

Ana Azkoitiak azaldu du, behin epea amaituta, “lehenbailehen” aztertuko eta ordainduko dituztela eskaera guztiak. “Diru laguntzen berri emateko, udaletik lehenbailehen bidaliko diegu jakinarazpena gure datu basean sartuta ditugun merkatariei, ostalariei eta zerbitzu establezimenduei”, adierazi du zinegotziak. Halere, azaldu du “litekeena” dela udalak saltoki edo lokal guztiak datu basean ez izatea, eta horregatik, diru laguntzen oinarria kontsultatzeko eskatu die establezimendu guztiei, “diru laguntza eskatzeko baldintzak betetzen dituzten edo ez ikusteko”. 

Udalaren diru laguntzez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapena, Turismoa eta Landa Ingurunea Sailak ere sektore berdinera bideratutako beste diru laguntza lerro bat atera duela jakinarazi du Ana Azkoitiak; udalek kudeatuko dituzte laguntza horiek ere. Establezimenduetan segurtasun irizpideak eta protokoloak betetzeko egindako inbertsioa laguntzeko zein ekipamenduetan egindako gastua diruz laguntzeko izango dela aurreratu du zinegotziak. Azkoitiaren kasuan 34.149 euro bideratuko dira laguntza horretara, eta zinegotziak jakinarazi du udalak “lehenbailehen” aterako duela lerroa.

Denden alokairua eta beste neurriak

Udalak ez-ohiko egoera honen aurrean “ahalegin berezia” egin duela azaldu du Ana Azkoitia zinegotziak. “Udalari ekonomikoki eragin dio COVID-19ak, eta une honetan aurrekontuak eta inbertsioak birplanteatzen ari gara. Edonola ere mezu positiboa luzatu nahi dut guztion ahaleginarekin eta elkarrekin bat eginda ziur nagoelako egoera hau ere gaindituko dugula”, azaldu du Azkoitiak. 

Denden alokairua ordaintzeko laguntzak ere hizpide izan ditu zinegotziak. Laguntza horiek 2016an jarri zituen udalak martxan, baina orain ordenantza aldatu ondoren herri osora zabaldu du udalak laguntza hori. Kokalekua aparte utzita, denda berriek edo eskuz aldatu direnek eskuratu ahalko dituzte laguntzak. Eskaera Herrixen merkatari elkarteak eskatu zuela azaldu du Azkoitiak. Onuradunek bi urtetan jasoko dituzte laguntzak, eta gehienez 250 euro jasoko dituzte hileko. Ordenantza berria erakusketa publikoan egongo da uztailaren 27ra arte. Ondoren, eta ekarpenik ez baldin badago, behin betiko argitaratu eta deialdia zabalduko du udalak eskaerak aurkeztu ahal izateko. Aurtengo eskaeretan 2019an irekitako establezimenduek ere aukera izango dute eskaera egiteko. 

Azkoitiak gogorarazi du Iraurgi Berritzenek autonomoei eta enpresei orientazio eta informazio zerbitzua eskaintzen diela Aldundiak, Jaurlaritzak, Lanbidek edota Espainiako Gobernuak martxan jarritako diru laguntzen berri izateko. “Beharrean dauden herritarrei”, berriz, Gizarte Zerbitzuetara jotzeko esan die, udalak dituen diru laguntzen berri izateko eta nora zuzendu jakiteko. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide